Aste Santua (eu)
Udaberriko jai erlijiosoak dira, Jesukristoren heriotza eta berpizkundea ospatzeko. Judutarren Pazkoarekin batera ospatzen dira, ilargiaren arabera; beraz, ez dute data zehatzik eta urtetik urtera aldatzen da.
Aste Santuan hainbat elizkizun eta prozesio izaten ziren.
Garizuma
Aste Santuko aurreko garaia Garizuma[1] da, berrogei egunetako aldia. Garizumako lehen eguna Hausterre eguna da.
Eliztarrek Aste Santua prestatzeko erabiltzen zuten. Alde batetik, ostiraletan baraua eta bijilia[2] izaten zen.
Gogo Jardunak
Eta parrokiak Gogo Jardunak antolatzen zituzten, bost taldetan: umeak, gizon gazteak eta ezkongabeak, neska gazteak eta ezkongabeak, gizon ezkonduak eta andra ezkonduak.
Elizan bertan izaten ziren, eta astebete irauten zuten (astelehenetik larunbatera). Pare bat ordutako hitzaldiak izaten ziren, eta kanpoko abade edo praileek ematen zituzten. Larunbatean aitorpenak egiten ziren.
Txartelak eta Jaun hartzeak
Elizak agintzen du Jauna hartzeko urtean behin gutxienez, eta Garizuma aprobetxatzen zen horretarako. Horregatik Jaun hartze honi "Pazkoarekin bete" edo "cumplir con Pascua" esaten zitzaion.
Ekintza publikoa zenez, eta iruzurrak sahiesteko, Gogo Jardunetara etorritakoei paper bana ematen zitzaien, txartela izenekoa.
Gero, Gogo Jardunen osteko domekan, meza nagusian, jaun hartzerakoan, aurretik bueltatu behar zuten txartel hori.
Erramu Domeka
Egun hinetan erramuak bedeinkatzen ziren. Erramu hauek etxeetan gordetzen ziren, hilzorian zeudenak laguntzeko.
Erramu hauek, izenak dioen bezela, inguruko mendietan hartutako erramuzkoak izaten ziren. Baina baziren palmazkoak erabiltzen zituztenak, kanpotik ekarriak eta garestiagoak.
Prozesio gehienek, honako egitura zuten. Burualdean hiru eliz-mutil joaten ziren, erdikoa gurutzearekin eta albokoek kandela banarekin. Gero, mutilak eta gizonak bi hilaratan, gazteenak aurretik eta zaharrak gero. Ostean irudia eramaten zuten, atzean abadeak zituela. Hauen atzetik, neska eta andrak, baina bi ilaratan beharrean denak elkarrekin nahastuta.
Erramu Domekako prozesioan ez zen irudirik erabiltzen. Eta prozesio ondoren Meza Nagusia izaten zen, bertan erramuak bedeinkatzen zirela.
Ostegun Santua
Arratsaldeko 5etan meza izaten zen, eta bertan ebanjeliotik pasioaren zatiak irakurtzen ziren, hiru ahotsetara. Ostean prozesioa egiten zen, hiru irudiekin: San Juan, Nazarenoa eta Ama Birjinarekin[3] Alkate eta zinegotzi guztiek parte hartzen zuten modu ofizialean. Parrokiara itzulita, apaizak kaliza gordetzen zuen Nazarenoaren kaperako aldarean, eta giltza herriko alkateak gordetzen zuen.
Santa Ana komentuaren elizan ere kaliza sagrarioan geratzen zen giltzapean. Monumentuak esaten zitzaien.
Monumentuen bisitak
Ostegun iluntzean eta ostiral goizean, fededunek bi monumentuak bisitatzen zituzten, parrokiakoa zein komentukoa.
Ostiral Santua
Lehen elizkizuna arratsaldeko 3retan izaten zen, Jaungoikoaren heriotza gogoratzeko.
Geroago, arratsaldeko 7retan, bigarren elizkizuna izaten zen, prozesio eta guzti. Bezperan moduan, udal osoak parte hartzen zuen. Hiru irudi erabiltze ziren, baina desberdinak: San Juan, Jesus hilkutxan eta Ama Doloretakoa. Herriko guardia zibilek, galaz jantzita, hilkutxa zaintzen zuten.
Zapatu Santua
Iluntzean elizkizuna izaten da, Jaungoikoaren berpizkundea ospatzeko.
Berpizkunde Domeka
Berpizkunde Paskua ere. Nahiz eta soraluzetarrendako benetako Paskuak Bergarakoak izaten ziren (Pentekoste Paskua).
Meza nagusia izaten zen, eta prozesio bikoitza. San Juan eta Berpiztutako Kristoa parrokiatik irtetzen ziren, mutil, gizon eta abadekin. Ama Birjina, neska eta andra guztirekin, Santa Ana komentutik irtetzen zen.
Bi prozesio udaletxearen aurrean egiten zuten topo. Orduan, Ama Birjinaren irudiak erreberentzia moduko egiten zion berpiztutako Kristoari eta prozesio bakarra osatzen zuten, Santa Ana komentura joateko eta handik parrokiara.