Maristen ikastetxea (eu)
Ikastetxearen sorrera
Frantziako III Errepublikaren jazarralditik ihes egiten, maristak Euskal Herrira heldu ziren, besteak beste (1903). Antzuolan ezarri ziren, eta inguruetako herrietan ikastetxeak zabaldu zituzten.
Soraluzeko ikastetxea Udalak sustatu zuen; maristekin sinatutako hitzarmenaren arabera, hiru anaia marista egongo ziren Soraluzen, eta Udalak mantenduko zituen.
1909ko irailean heldu ziren lehen maristak, baina utzi zieten eraikina ez zen oso egokia: Ikastetxea... arkitektura eskaseko eta kabida gutxiko eraikina[1].
Azkenean, istaalzio hobeak eraiki zituzten eta 1912 edo 1913 urtean martxan jarri zuten ikastetxea.
Kokapena
Ikastetxe berria egiteko orubea parrokiaren ostean zegoen.
Mendebaldetik (hau da, elizaren aldetik) San Andreseko bidea[2] zuen muga. Eta ekialdetik, berriz, tren geltokia eta trenbidea zituen. Bi muga hauek ez ziren paraleloak, San Andreseko bideak trenbide gainetik pasatzen zuen eta.
Ezkerrean Elizburutik tren geltokiraino eskilarak zeuden. Eskilara hauek Goardia Zibilaren egoitza parean hasten ziren, Elizburuko iturriarne ondoan.
Beraz, orubeak triangelu luze baten forma hartzen zuen.
Goiko maila
Goiko mailak lauki luze baten forma zuen, nahikoa erregularra orokorrean. Tren geltokiaren parean zegoen, gutxi gora behera. Bertan ezarri zituzten eraikin nagusiak.
Mendebaldetik ikusita, ezkerrean maristen egoitza zegoen. Behe solairua eta lehen solairua zuen eraikina zen, eta bi sarrera zituen: kanpokoa estazio plazara, eta barrukoa ikasgeletara eta ortura. Hasieran maristak bakarrik erabiltzen zutela. Gerora, ikasle kopurua handitzerakoan, behe solairuan ikasgela berria antolatu zuen, ikasle txikienak hartzeko.
Egoitzatik hegoaldera, eta tren geltokiaren hormaren kontra, ikasgeletako eraikina zegoen. Solairu bakarrekoa, bi ikasgelatan antolatuta zegoen eta lehio handiak zituen mendebaldera, argia sartzeko. 1964 ikasturtean, maristak joan eta gero, hiru ikasgela antolatu zituzten leku berean.
Honen ondoan oilategia zegoen, eta harutzago egurra, zimaurra... denetik egoten zen.
Guztien erdian maristen ortua zegoen. Egoitza ondoan herriko kaki bakarra zeukaten, umenedako zeharo debekatua. Eta ortuaren erdian beheko mailara jeisteko eskilarak.
Beheko maila
Beheko maila honek askoz forma irregularra zuen goikoak baino.
Beheko mailarako eskilarak arku batetik pasatzen ziren patiora irtetzeko. Arkuaren gainean Amabirginaren irudia zegoen, azulejuz egina.
Patioa trapezoidala zen. Iparraldean, tren geltokirako eskilaren ondoan, frontoi estalia zuen, ez oso handia: 12 bat metro luze eta 5 bat metro zabal. Sabaia nahikoa baxua zuen.
Hegoaldean, berriz, ikasleen atea zegoen, San Andreserako bidera ematen zuena. Patioa bidea baino metro batzuk altuago zegoenez, eskilarak zeuden igotzeko. Ate honetaz gain, komunak eta txabola-lantegia zeuden.
Bukaera
Maristak berrogetamar urte baino gehiago Soraluzen aritu era gero, azken ikasturtea 1963-1964 izan zen.
Hurrengo bi urteetan ikastetxea erabili izan zen, baina irakasle laikoekin. Bitartean, Patronatoak ikastetxe berria eraiki zuen, trenbidearen beste aldean, Zeletako lurretan.
Orduan eraikin zaharra bota zuten (1967), eta bertan etxebizitzak[3] egiteaz gain San Andreserako errepidea ere egin zuten.
Erreferentziak
- ↑ "El colegio… un edificio de pobre arquitectura e insuficiente capacidad" (Boletin Ibérica Marista, 35 zbk. 2011ko ekaina).
- ↑ Azkoitiarako errege bidea izandakoa.
- ↑ Estaziño kalea, 13.