Irukurutzeta mendia (eu)

    Sorapediatik
    Irukurutzeta
    Altuera 898 m
    Buzoia Bai
    Mendilerroa Mazelaegi mendilerroa
    Bailara/ Herria Bergara / Elgoibar / Azkoitia
    Soraluzetik Ordu t'erdi


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Mendi baten izena ezagutzeko, gainean sakatu)

    Mapa kargatzen...

    Azalpenak

    Mazelaegi mendilerroko tontorrik altuenetakoa. Berez, Mazelaegiko tokirik altuenean hiru tontor daude elkarren ondoan: Kurutzebakar (902 m), Kurutzazarra (897 m, Arribiribilleta zutarria dagoen tokia) eta Irukurutzeta.

    Agian garbi garbi egoteagatik, betidanik inguruari Irukurutzeta esan zaio (Irucurucheta 1944 urteko mapa geodesikoan). Altura lehengo aldiz kalkulatu zutenean, 1920 hamarkadan, mendigoizaleek 840 metro neurtu zuten; barometro aneroidea erabili zuten eta hortik akatsa. Baina 1944 urteko mapa geodesikoa egiterakoan zuzendu zuten.

    Iparraldean Atxolin dauka, Hegoaldean Elosumendi eta mendebaldean Aizpuruko Zabala.

    Tontorrean mugarria dago, eta gainean izena ematen dioten hiru gurutzeak.


    Tontorretik (Enezubi)

    Igoera

    Soraluzetik bide zuzenena San Andresetik pasatzen da, Nebera izeneko atakara igotzen (745 m, Kurutzebakarraren mendebaldeko hegian). Hemendik, Aizpuru tontorretik (830 m) Aizpuruko Zabalera igotzen da (810) eta, Aizpuruko Zabala trikuharria (870 m) albo batean utzita, Kurutzebakarrera heltzen da. Aurrera segi 500 metro eta Kurutzazarra (897 m) albo batean utziz Irukurutzeta helduko gara (899 m).

    Beste bide bat, asko erabilia, Kortazarreko Haitzekoa da. Bertara oinez edo kotxez igo, eta ordubete eskasean Irukurutzetaraino heldu daiteke, Mendigain osoa zeharkatuz.

    Elosutik, berriz, Sorusaitza tontorreko antenarutz hartu (859 m) eta Atxabaso atakan (824 m) Kerexeta Goiegira igo (878 m); ostean, Maurketa atakara jeitsi (811 m) eta Kerexetako atakara gero (748 m); hemendik zuzenean Irukurutzetara igoko gara (898 m). Pare bat ordu eskaseko ibilaldia guztira.

    Azkenik, Azkarateko mendatetik (ordubete 15 m) eta Azkoitiatik (ordubete 45 m) ere igo daiteke.


    Irukurutzetako erromeria (Plaentxia.com 2013)

    Kontuak

    Irukurutzeta hiru udalerrien mugan dago: Azkoitia, Elgoibar eta Bergara. Tontorrean mugarria dago, eta gainean hiru gurutzeak. Bostehun metrotara Kurutzebakar dago, hau ere hiru herrien mugarria: Soraluze, Elgoibar eta Bergara (Osintxu).

    Maiatzaren lehen igandean erromeria ospatzen da, trikuharri ondoko zelaian. Aspaldiko sasoian jende asko erakartzen zuen, baina gero apaltzen joan zen desagertu arte. Azken urteetan Bergarako Kapirixo eta Soraluzeko Artzai Txaboleta Elkartekoek berpiztu dute.

    Trikuharria industua (J.C. Astiazarán 2018)

    Irukurutzeta tontorrean izen bereko trikuharria dago. Tumuluak 19 metrotako diametroa eta 180 zentimetrotako altuera ditu. Luzeran 7 metro eta zabaleran 2 metro dituen lubaki bat dauka iparraldeko arkuaren erditik hegoaldeko muturreraino. Eraikuntzan erabilitako materialak bertako basaltoak dira. Erdialdean 5,5 x 4 metrotako diametroa eta 65 zentimetro arteko sakonera duen kraterra dauka, eta bertan 1,5 x 1,1 x 0,3 metrotako harlauza zutik, ekialde-mendebalde norabidean. Monumentuaren eraikuntzan erabilitako materialak bertako basaltoak dira.

    Tontorretik gertu erpin geodesikoa dago.

    Irukurutzeta lokomotora Durangon

    1928 urtean, Ferrocarriles Vascongados enpresak Bilbao-Donostia (eta Zumarragarako adarra) elektrifikatzea erabaki zuen. 14 lokomotora eskatu zizkion Suitzako Brown Boveri etxeari, eta mendien izenak jarri zieten, horietako batzuk Soraluze ingurukoak: Arrate, Kalamua, Galdaramiño... eta Irukurutzeta!. Azken hau lanean egon zen 1999 arte; orduan Mallorcako Sollereko trenbideari saldu zioten, baina inoiz ez zuten martxan jarri eta, azkenean, desegin zuten[1]. Azpeitiako Trenaren Euskal Museoak antzeko hiru lokomotora gordetzen ditu.


    Informazio osagarria

    Kurutzebakar mendiari buruzko informazio gehiago hainbat web gunetan topa daiteke:

    Eta bertatik pasatzen diren ibilbideak:


    Erreferentziak

    1. Otra joya ferroviaria…. Mikel Iturralde (Treneando 2012)