Txispa-fusilak (eu)

    Sorapediatik

    Txispa-fusila suzko arma izan zen, mosketearen familiakoa.

    Mosketeak XVI mendean sortu ziren, arkabuzaren bilakaera moduan. Hasieran argi-mukizko giltza erabiltzen zuten, arkabuzen moduan.

    Baina arrisku handikoa zenez, errobera giltza asmatu zuten, txinpartak edozein momentuan sortuz polbora pizteko. Sistema berriak ez zuen arrakasta handia izan, konplexua eta garestia zelako.

    Soraluzen egindako txispa-fusila (XIX mendea)

    XVII mende bukaeran suharri sistema asmatu zuten, eta txispa-fusilak sortu ziren. Dena dela, teknologia ez zen berehala Soraluze eta inguruko lantegietan erabili: XVII mende bukaeran argi-mukizko mosketeei Bizkaiko mosketeak esaten zitzaien, txispa-fusileekin bereizteko.


    Teknologi aurrerapenak

    Pisua gutxitu

    Hasierako mosketeek 20-25 kilo pisatzen zuten, eta bi eta bi metro t'erdi arteko luzeera zuten.

    Gero eta arinago izaten ziren, eta XVII mende erdialdean 7tik 9 kilotako pisua izaten zuten, eta metro t'erdiko luzeera.

    Kalibera, berriz, ez zen asko gutxitu: 27 mm-tatik 22/ 23 mm-tara.


    Soraluzen egindako txispa-fusila: giltza (XIX mendea)

    Suharri giltza

    Errobera giltza erabili beharrean, suharri giltza asmatu zuten. Sistema honi esker tiroa egiteko erritmo biziagoa lortzen zen, eta argi-mukia desagertu zen betiko, zeuzkan arriskuekin.

    Gainera, Marin de Bourgeoys frantsesak diseinua hobetu zuen, tarteko posizioa asmatzen: segurua. Posizio berri honetan ezin zen tiro egin, baina bai almetxa polboraz kargatu.


    Mosketeak eta baionetak

    Baionetak

    Orokorrean musketariek ez zuten buruz buru borroka egiten; baina inoiz beharrezkoa izan eta gero, ezpata eta sastagaia erabiltzen zuten.

    Aurki konturatu ziren sastagaiaren helbulekua mosketearen ahoan sartuta, pika modukoa erabili zitekeela. Gero, propio mosketeekin erabiltzeko sastagaiak sortzen ari ziren. Baina bazegoen traba handi bat: sastagaiaren heldulekua mosketearen ahoan sartuta, ezinezkoa zen tiro egitea. Eta inork tiro egiten bazuen, norberaren burua zauritzeko aukera handiak ziren.

    Horregatik baioneta asmatu zuten. Sastagairi helduleku normala kendu eta beste bat berezia jarri, mosketearen aho inguruan lotzen dena, modu honetan tiroa egiteko aukera emanez.

    Izena Baiona hiritik dator, bertan asmatu omen zutelako 1.670 urtean. Dena dela, 1.642 urtetik aurrera Frantziako konpainia batzuk antzeko armak erabiltzen zituzten, pikak ordezkatzeko.


    Paperezko kartutxoak

    Polbora eta jaurtigaiak

    XVI mendean polbora karga bakoitza egurrezko tutu batean gordetzen bazen, XVII mendearen hasieran karga eta jaurtikaria paperezko tutuetan (kartutxoak) biltzen hasi ziren. Lehen mosketari batek 12 tiro egiteko kargak eraman balezakeen, sistema berriarekin uhalak 20tik 40ra karga izan zezakeen.

    Teknologia guzti hauekin mosketeen erabilera erraztu zen, eta arriskuak gutxitu. Ondorioz, eta soldaduen trebetasuna landuz, minutuko hiru tiro egin zitekeen, aurretik baino askoz gehiago.

    Soraluzen egindako pistoi terzerola (Armagintza museoa 1846)

    Pistoi-mosketeak

    Polbora leherkariak aurkituta, eta perkusio-giltza asmatuta, Egess armagile ingelesak pistoi-giltza garatu zuen.

    Aldi berean, armen arimak estriatzen hasi ziren; modu honetan jaurtigaia kainoian biratzen zen, doitasuna eta irismena handitzen.

    Irudiak

    Simancaseko Artxibategi Orokorrean bi marrazki gordetzen dira, biak giltzak erakusten dituztela; bata 1746 urtekoa eta bigarrena 1753koa:

    • Rastrillo visto por la espalda, por el lado, por delante... Plano de la pieza que cubre..., perfil de la misma pieza...
    • Diseño de una llave de fusil para el nuevo armamento de las R(eales) Guardias Españolas, vista por la parte interior y exterior, con separación de piezas en plano y en perfil. (Benito de Espada)

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Fusilariak

    Mosketeek izandako bilakaerak guda-zelaiko aniztasuna desagerrarazi zuen. Su-ahalmena handituz arkulariak, ballestariak… ordeztu zituzten; pisua arinduz arkabuzariak ordeztu zituzten; baioneta erantsi pikariak ordeztu zituzten… Azkenean, soldadu ia denak mosketariak ziren.

    Aurreko mosketariekin alderatuta, aldaketak nabarmenak ziren: mosquetea askoz arinago eta luzeagoa zen, doitasuna handitu zen, su-ahalmena dezente handiagoa zuten: mosketaria fusilaria bihurtu zen.


    Bilakaera

    Behin pistoi giltza asmatuta, hurrengo bi asmakizunekin fusil modernoa jaio zen: kapsula leherkaria jaurtigai tutuetan jartzea, eta kartutxoak atzetik sartzea.

    Honek ekarri zuen teknologia zaharren desagerpena eta moskete eta fusil zaharren bukaera. Dena dela, Soraluzen txispa-fusilak egiten jarraitu zuten XIX mende osoan.


    Erreferentziak