Sologoeneko zentrala (eu)

    Sorapediatik
    Sologoeneko zentrala. Ikuspegi orokorra 13 (Juan Carlos Astiazarán 2019).jpg

    Izenak

    Izen ofiziala Sologoeneko Elektra-etxea da.

    Garai baten Elektrika edo la eléctrica moduan ezagutzen zen.


    Elektrika zaharra (Jose Berrueta)

    Aurreneko urteak (1898-1965)

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Sortu zutenean (1898) zentral honek Deba ibaiaren urak erabiltzen zituen, baina 1911.ean Urruzti eta (Orroaga erreketatik datorren ura ere ustiatzen hasi ziren.

    1913.ean Antonio Zabala jaunak erosi zuen, eta hurrengo urteetan enpresak hainbat izen hartu zituen, 1934.an Zabala, Unzurrunzaga y Cía izendatu zuten arte.

    Bitartean, Antonio Zabalak Irurak-Bat Sagar-Errekako zentrala ere erosi zuen.


    Soraluzeko Udalaren esku (1965-1989)

    Erosketa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    1964. urtean Soraluzeko eta Eibarko Udalek elkartu ziren Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari hiru zentral erosteko: Sologoen, Ozuma eta Irurak-Bat (Sagar-erreka).

    1967/07/13an zentralak erosi eta gero, urte hartan bertan (1967/09/18) elkarren artean banatu zituzten erositakoak. 7.702.625,09 pta ordainduta (%51,52a), Soraluzeko Udalak Elektrika eskuratu zuen; hau da, Sologoen eta Ozuma zentralak. Eibar, berriz, 7.248.135,61 pesetatan (%48,48a) Sagar-erreka zentralarekin geratu zen.

    Hurrengo urteak

    Soralizeko Udalka zentralak ustiatu zituen 1973 arte. Baina abonatuen sarea gero eta txikiagoa izanik, eta Iberdueroren konkurrentziarengatik (praaktikan, monopolioa zuen), azkenean amore eman eta indarra sortzeari uko egin zion.

    Handik aurrera Elektrika geldirik egon zen. Azken makinista, Elgeta, bertan geratu zen bizitzen bere familiarekin. Eraikinaren mantentze lanak bere esku zeuden.

    1976 edo 1977 urtean Guardia Zibilen konboia Elektrika paretik pasatzen ari zela ETAk bonba lehertarazi zuen. Kalte pertsonalak ez ziren izan, baina eraikin zaharra zeharo hondatu zuten.

    Zaharberritzeko lehen saioa (1978)

    1978 Sologoen zentrala zaharberritzeko lehen saioa izan zen.

    Berez, Soraluzeko UDalak bi proiektu batera aurrera eraman nahi zituen. Alde batetik, Sologoen eta Ozuma zentralen zaharberritzea; eta bestetik herriko kolektoreak eraikitzea, ur zikinak jasotzeko. Lehen proiektua bideragarria zen ekonomikoki, baina bigarrena ez. Horregatik biak batera egiteko asmoa, baten etekinek bestea ordaintzeko.

    Aurkeztutako eskaintzen artean, batek hiru aukera landu zituen Sologoeneko zentralarentzat: emakidak ahalbidetzen zuen emaria erabili, horretarako erretena txukuntzea nahikoa zela; emari handiagoa eskatu eta erretenaren ur maila goratu (presa ere ia metro bat goratu behar zen, eta tunel batean ez zegoen altura nahikorik) eta emari handiagoa eskatu eta erretena bi metrotatik hiru metrotara zabaldu (indusketa lanak oso garestiak ziren).

    Azkenean, zentralak ez ziren zaharberritu.

    Sologoeneko Elektra-etxea (1989-2016)

    Eusko Jaurlaritza eratu zenean, Energiaren Euskal Erakundea sortu zuen[1]. Energia esparruan kanpoko mendekotasuna arindu nahian, erakunde honek zentral zaharren berrizteak bultzatu zituen. Bertxineko (Andoain) eta Ereñozuko (Errenteria) zentralen ostean, Soraluzekoa hirugarrena izan zen.

    Zaharberritze honetan Ozuma zentrala ez zuten aintzakotzat hartu. Joanerreketatik eta Urruztitik zetozen urak ez ziren erabili. Beraz, zentrala turbina bakarrarekin geratu zen, Deba ibaiaren urek eragindakoa.

    Sologoen zaharberritua (1987-2016)

    Soraluzeko Udala eta EEEren arteko lehen bilerak 1987 urteko udazkenean hasi ziren[2]. EVEkoak oso arduratuta zeuden emakidak ahalbidetzen zuen emariarekin (1.500 l/s), eta Udalari argitu zioten 5.000 l/s emaria lortu behar zela. Eta horretarako Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoarekin harremanetan hasi ziren.

    1988.eko urtarrilaren bukaeran, Konfederaziotik berririk ez zegoenez, eta eskaera hau Udalak eta ez beste inork egin behar zuela kontutan hartuta, EVEk argi eta garbi argitu zion Soraluzeko Udalari emakida 5.000 l/s artekoa lortu ezean, EVEk ez zuela ezertan lagunduko.

    Azkenean, emakida egokituta, Sologoeneko Zentral Hidroelektrikoa (Central Hidroelectrica Sologoen S.A sozietate publikoa) 1989ko abenduaren 28an eratu zen, eskritura publiko bitartez. Akziodunek eginiko ekarpenak eta partaidetza ondorengoak izan ziren:

    • Soraluzeko Udala. Ekarpena: 75 urterako ur-emakida edo kontzesioa (5.000 l/s) eta 10 milioi pezetatan baloratutako zentrala. Partaidetza: 10.000 akzio.
    • Eusko Jaurlaritza. Ekarpena: 2 milioi pezetatan baloratutako bideragarritasun txostena eta 50 milioi pezeta (lanak ordaintzeko). Partaidetza: 147.016 akzio.

    Hurrengo urtean (1990) NIP S.A. injeniaritza enpresak proiektuaren idazketaz arduratu zen, eta eskaintzak eskatu zituzten.

    Azkenean, 1990eko azaroak 9an eraikuntza lanak Irungo Construcciones Dumboa enpresari esleitu zizkioten, aurrekontu honekin (BEZa barne):

    Eraikina 34.299.269 pta Karga kamara 6.418.446 Osintxuko ur hartzea eta sarrerako erretena 6.067.772 pts Arrain eskala 3.535.945 pta Indarra 1.532.720 pta

    1991/03/10 bukatzeko


    Eta Gipuzkoako Lurraldeko Industria Ordezkaritzaren baimena lortu ondoren, 1991ko irailaren 19an ipini zen martxan Sologoeneko zentrala, orduko alkatea Luis Felipe Galarraga zela.

    EEE (Energiaren Euskal Erakundea) kudeaketaz arduratzen zen. Sortutako indarra Iberdrolari saltzen zioten.

    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Gaur eguneko egoera (2016. urtetik)

    2013. urtean Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren arrazionalizatzeko eta berrantolatzeko estrategiaren barruan, beste neurri batzuen artean, Sologoen sozietate publikoaren likidazioa aurreikusi zuen.

    2016ko maiatzaren 4an izandako Osoko Bilkuran, Soraluzeko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdiek aho batez onartu zuten Sozietatearen likidazioa. Eta 2016ko abenduaren 16an, sozietatearen likidazioa eskrituratu zen. Ondoren, Sozietatearen aktiboaren banaketa gauzatu zen akziodunek zuten portzentajearen arabera. Azkenean, Soraluzeko Udala 2017ko abuztuaren 9an egin zen Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren jabe, aurretik zentrala ustiatzen zuen Sozietate Publikoa likidatuta.

    Sologoengo zentrala bideragarriago eta errentagarriago izateko, 60.000 eurotako inbertsioa egin zen 2018 urtean: 40.000 € inguru zentrala automatizatzeko, eta gainontzekoa erretena garbitzeko eta mantenimiento integrala kontratatzeko. Eta helburua hobeto lortzearren Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin elkarlana lortu zen, horretarako Jose Inazio Asensio zentrala bertatik bertara ezagutzeko 2018ko urtarrilak 15ean[3].


    Kokapena

    Mapa kargatzen...


    Datu teknikoak

    Presa

    Presa nagusia Deba ibaian dago, Osintxuko auzoan (Bergara), Mugarri baserriaren bestekaldean, udal mugarritik 350 bat metrotara.

    3,5 metro altu, 2,5 metro sendo eta 31 metro luze da. Gaur egun arrainek igotzeko eskala ere badauka.

    Erretena

    Presaren ezkerreko aldetik hasiera ematen zaio 56 metroko luzerako kanalari. Hasieran iragazia du, automatikoki garbitzen dena: orbelek, adarrek eta enparauok urari traba egiten diotenean, iragaziak alde batera botatzen du metatutako zikina.

    Erretenak errepidea lur azpitik igarotzen du eta 247 metrotako tunel bitartez, Mugarri mendia zeharkatzen du. Ondoren beste 286 metroko kanal irekiak jarraitzen du eta berriz ere beste 138 metrotako tunel baten bidez Irukurutzetako errebueltako mendia zeharkatzen du. Azkenik beste 96 metrotako kanalaren bitartez, zentraleko makina gelara iristen da. Hemen beste iragazia du, hau ere garbiketa automatikoa duena.

    385 metrotako luzera daukate tunelek eta 438 metro kanal irekiak. Beraz erretenaren luzera, guztira, 823 metrokoa da.

    Makina gela

    Gaurko eraikinak, EVEk berritua, 145 m2 ditu. Ur jauzia 9 metrotakoa da. Berau ustiatzeko Kaplan[4] izeneko ardatz bertikaleko eta erregulazio bikoitzeko Kossler Iberica S.A turbina dago, eta 425 kW alternadorea ere.

    Urak behin turbinatu ondoren, badago berauek Deba ibaira berriz isurtzeko hustubidea.

    Zentralaren energia-ekoizpena

    Zentralak urtero bataz beste 815.000 kwh ekoizten ditu, baina kontutan hartu behar da gaur egun %50eko etekina duela. 2018 urteko inbertsioa etekin hau igotzeko da.

    Konparazio batera, esan liteke 2017. urtean Soraluzeko argiteria publikoak eta udal eraikinek (Kiroldegia, Udaletxea, Itxaropena, EPA, futbol zelaia etabar.) 559.571 kwh-ko kontsumoa izan zutela.

    Zentralak sortutako indarra enkantean saltzen da, Espainiako gainontzeko indarren moduan. Prezioak orduro jartzen dira.


    Erreferentziak

    1. EVE, Ente Vasco de la Energía.
    2. Hemen dagokion dokumentua.
    3. Ingurumen diputatuak Sologoengo zentrala bisitatuko du. Plaentxia.eus
    4. Kaplan turbinak oso egokiak dira emari handientzat, nahiz eta aldapa gutxikoa izan.