Elektrika (eu)
- Oharra: Gaur egungo Sologoeneko zentrala ikusteko, sakatu hemen.
Izenak
XX. mende hasieran bi zentral eraiki ziren Bergarako errepidearen ondoan: Sologoen eta Ozuma. Jabe berekoak ziren, eta makina gelak elkarren ondoan zeuden, arduradun berberak kudeatzen zituela.
Multzoari Elektrika edo la eléctrica moduan esaten zitzaion.
Lehen urteak
Elektrikan hainbat tokitako urak biltzen ziren: Deba ibaikoak, Osumakoak, Urruztikoak eta Joangoerreketakoak.
Sologoen zentralaren sorrera
Emaria Deba ibaitik hartzen zuen.
1898. urteko ekainak 4an Jose Miguel Aranguren Pagoegik emakida lortu zuen, baina bi urte geroago Bergarako Juan Jose Larrañaga eta Santos Gallastegiri saldu zien, 1900.eko urtarrilak 14an hain zuzen. Ostean Larrañaga jauna jabe bakarra bihurtu zen. Cristina Francisca alabak eta Jose Francisco Sologaistua suhiak zentralaren ardura hartu zuten.
Ozumako emakida
1911.ko urriak 19an Juan Jose Larrañagak beste emakida bat lortu zuen, Urruztitik (Osuma eta Oitturri lurretatik) datorren ura ustiatzeko. Ur hauek Deba azpitik ekarri zituen zentraleraino, baina ez ziren ubide nagusiko urekin nahasten: turbina propioa zuten, Pelton motakoa. Turbina honetara ekarri zituzten Joangoerreketako urak ere.
Juan Jose Larrañaga hil zenean semeek hartu zuten zentrala, Higinio Larrañaga y hermanos izenpean.
Antonio Zabalaren eskuetara
1913.ko martxoak 14an Juan Jose Larrañagaren semeek zentrala eta emakidak Antonio Zabala Garai jaunari saldu zizkioten. Honek Sagar-erreka zentrala ere erosi zuen 1915. urtean.
1920.ko otsailak 13an, jabe berriak hiru emakidak Elektra Irurak-Bat enpresari pasa zion. Enpresa hau Antonio Zabala y Cía enpresarena zen, eta jabea beti Antonio Zabala.
1934. urteko uztailak 18an Elektra Irurak-Bat enpresak izena aldatu zuen, Zabala, Unzurrunzaga y Cía bihurtuz, Antonio Zabalaren familia politikoari lekua egiteko.
Cristina Francisca Larrañagak eta Jose Francisco Sologaistuak zentrala laga zutenean, Santi Etxeberriaren aita eta osaba aritu ziren urte askotan. Azken urteetan Elgeta familia egon zen bertan.
Kokapena
Sologoen: datu teknikoak
Sologoeneko zentralak hiru tokitako urak erabiltzen zituen: Deba ibaitik, Ozuma eta Urruzti arteko errekatik eta Joangoerreketatik (Sologoen erreka).
Osintxuko presa
Presa nagusia Deba ibaian dago, Osintxuko auzoan (Bergara), Mugarri baserriaren bestekaldean, udal mugarritik 350 bat metro gora eta Osintxuko zubitik 550 bat metrotara.
Presa 3,5 metro altu, 2,5 metro sendo eta 31,5 metro luze da. Hauetatik 28 ura gainetik isurtzeko erabiltzen dira, eta gainontzeko 3,5 metrotan uhatea eta erretenaren mekanismoak daude.
Sarrerako erretena
Presatik abiatuta, urak ia 824 metro egiten zituen turbinara heltzeko. Horietatik 438,3 aire zabalean, eta beste 385,5 bi tuneletan.
Francis turbinak
Deba ibaitik zetozen urak Francis motako bi tubinatan turbinatzen ziren, bata 150 CV zituen, eta besteak 60 CV. Alternadoreak ere bi ziren, Siemens markakoak, bata 100 KVAtakoa eta 55 KVAtakoa bestea.
Ozuma: datu teknikoak
Sarrerako erretenak eta ur-biltegia
Ustiaketa honen urak bi errekatik hartu, eta Agarrabeizteiko ur-biltegira eramaten ziren.
Ozuma errekatik zetorren erretena porlanezkoa zen, sekzio trapezialarekin, eta estalita zegoen. Guztira 787,70 metro zituen. Oitturritik zetorrenak ezaugarri berberak zituen eta luzeera, berriz, 1.100 metrotakoa zen.
Agarrebeizteiko ur-biltegia Sologoeneko zentrala baino 302 metro altuago dago. Neurriak 16 x 6 metro dira (kanpotik). Harrizko ganga batek estaltzen du, eta gainetik lurra dauka.
Tutu behartua
Ura Agarrebeizteiko ur-biltegitik zentraleraino tutu behartu baten bidez eramaten zen. Tutu honen diametroa 200 milimetrotakoa zen, eta burdin urtuaz egina zegoen.
Tutuak 634'5 metro zituen Deba ibairaino; gero, ibaia azpitik pasatzen zen, Irukurutzeta errebuelta parean, sifoia erabiliz. Azkenik, errepidearen ondotik zentralaren pareraino joaten zen eta han turbinaraino igo.
Sistema guzti honetaz gain, 200 metrotako beste tutu batek Joangoerreketatik (Sologoen errekatik) ekartzen ur gehiago zuen. Tutu hau zuzenean heltzen zen turbinaraino.
Pelton turbina
Ur honek Voith turbina nat (Pelton motakoa) mugitzen zuen; izatez, turbina mota hau oso egokia da aldapa handiko urak ustiatzeko, nahiz eta emari eskasa izan[1].
Pelton turbina hau Siemens alternadore monofasikoari (100 KVA) zuzenean lotuta zegoen. Ekipoa honen potentzia 120 CV zen.
Elektrikaren eraikina eta hustubidea
Eraikina hiru zatitan antolatuta zegoen, hiru epetan egin zutelako. Kanpotik begiratuta oso nabarmena zen egitura hau.
Zati zaharrena erdikoa zen, Sologoen zentralari zegokiona. Beheko plantan makina gela zeukan, tartean turbina(6,50 zabal, 5,70 fondo eta 4 metro altu); eskumaldean, berriz, eraikinaren ataria eta gorako eskilarak zeuden (2,30 zabal eta 8,90 metro fondo). Lehen solairuan zentralaren arduraduna edo makinistaren etxe-bizitza zegoen (8,40 zabal eta 8,90 fondo, eskilarak barne).
Geroago ezkerreko zatia eraiki zen (hegoaldekoa), Ozuma zentralari zegokiona. Bestearen moduan, beheko solairuan makina gela zuen (10,70 zabal, 9,90 fondo eta 5,50 metro altu) bere Pelton turbinarekin. Gainean solairua zeukan, azalera berekoa.
Iparraldean, azkenik, hirugarren zatia zegoen, segururena bigarrenarekin batera erakia. Behe solairua besterik ez zuen (8,40 zabal, 9,90 fondo eta 5,00 metro altu), eta biltegirako erabiltzen zen.
Eraikinaren eskumaldean bazegoen (eta dago) iturri bat.
Hustubidea
Urak behin turbinatu ondoren, hustubidea zegoen (irteerako erretena).
Sologoen zentraleko turbinaren azpitik irtetzen zen hustubide hau, eta Ozuma zentralekoabiltzen zitzaion. Gero, eta errepidearen azpitik pasa ostean, hiru metrotako arku baten bidez turbinatutako urak Deba ibaira berriz isurtzen ziren.
Elektrikaren energia ekoizpena
Soraluzeko Udalak zentrala erosteko prozesua (1964) informazio mota asko erabili zuen esku artean, tartean 1958-1961 tarteko energia ekoizpena.
Kopuru hauek bi zentraleen (Sologoen eta Ozuma) ekoizpena batuari dagozkio. Ez dago ekoizpen banatuaren daturik.
Urtea Ekoizpena (kw) 1958 934.478 kWh 1959 1.230.284 kWh 1960 1.167.703 kWh 1961 1.065.573 kWh Bataz beste 1.127.294 kWh
Elektrikaren bilakaera
1965. urtean Soraluzeko eta Eibarko Udalek elkartu ziren Zabala, Unzurrunzaga y Cía enpresari hiru zentral erosteko: Sologoen, Ozuma eta Sagar-erreka.
Erosi eta gero, elkarren artean banatu zituzten erositakoak. Prezio osoaren %48,35 ordainduta, Soraluzek Elektrika eskuratu zuen; hau da, Sologoen eta Ozuma zentralak. Eibar, berriz, gainontzeko %51,65ren truke Sagar-erreka zentralarekin geratu zen.
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Sologoeneko Zentral Hidroelektrikoa (Central Hidroelectrica Sologoen S.A sozietate publikoa) 1989ko abenduaren 28an eratu zen, eta 1991ko irailaren 19an ipini zen martxan Sologoeneko zentrala, orduko alkatea Luis Felipe Galarraga zela. Ozumako zentrala zaharberritze honen kanpo geratu zen.
EEE (Energiaren Euskal Erakundea) kudeaketaz arduratzen zen. Sortutako indarra Iberdrolari saltzen zioten.
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Gaur egungo egoera
Sologoen zentral zaharraren azpiegiturak, konponduta, zentral berrirako erabili ziren. Salbuespena eraikina izan zen: eraikina guztiz berria jaso zuten, eta turbinak zein gainontzeko makinaria ere berria jarri zuten.
Ozuma zentralaren egoera, berriz, oso bestelakoa da. Ozuma eta Oitturri errekatik datozen erretenak, eta Agarrebeizteiko ur biltegia egoera onena daude, eta martxan.
Hortik beherako tutu behartua lagata dago, oso egoera eskasean. Eta Deba ibaia zeharkatzeko sifoia Merlin proiektuak eraisteko edo apurtzeko asmoa dauka, 2024.eko idan hain zuzen.
Joanerreketatik zetorren tutua ere egoera oso txarrean dago.
Erreferentziak
- ↑ Gaur egun mota honetako sistemak Pirinioetan, Kantauri mendietan, Alpeetan… ikus daitezke.