Armagintzaren hastapenak (eu)

    Sorapediatik

    1573.ean Soraluzeko Erret Lantegiak sortu ziren, eta hurrengo hiru mendetan Soraluze izan zen euskal armagintzaren ardatza, Europa osoan ospea irabaziz.

    Baina Erret Lantegiak Soraluzen ezartzeko bertako armagileek aurreko mendean egindako bidea funtsezkoa izan zen.


    Suzko armen agerpena Euskal Herrian

    Suzko armen lehen aipamena 1.420 urtekoa da, oinaztarren eta ganboatarren leinu gerren sasoikoa. Lazkanoko ahaide-nagusiak Loiolako etxea inguratu zuen, eta bere hormak hautsi ezinez Ihartzakora jo zuen eta, bi lonbarda edo bonbarda[1] erabilita, azken etxe hau eraitsi zuen.

    Hurrengo urteetan lonbarden erabilera zabaltzen joan zen, Lope Gartzia Salazarrek Istoria de las bienandanças e fortunas bere liburuan. Ez da ezagutzen arma hauek Euskal Herrian bertan eginak ziren, edo kanpotik ekarriak.

    1.452 urtean Bizkaiko fueroak hainbat armen (lonbarda, trabukete eta gainerakoak) erabilera debekatu zuen, baina eragin eskasarekin.


    Armagintza Euskal Herrian

    XIII.mendean euskal armagintza ospea irabazten hasi zen, batez ere Debarrokoa: Arrasaten zegoen burni-mineralarekin oso ezaugarri onak zituen altzairua egiteko, eta honeraz baliatzen ziren inguruko armagileak arma zuriak era babesekoak ekoizteko. Ia 1248ean, Sevillako konkistarako, Gaztelako itsas-armadak euskal armak erabili zituen.

    Bi mende geroago, arma zuriez gain suzko armak ere egiten ziren. 1480.ean Gaztelako Isabel erreginak Burgoseko agintaria Diego de Soria bidali zuen Euskal Herrira, 15.000 lantza eta 4.000 pavesa, lombarda era zerbatana erosteko. Aldi berean, gainontzeko ekoizpenak uzteko eta armagintzan aritzeko "gomendioa" etorri zen.

    Zortzi urte geroago lehen debekua etorri zen, armarik ezin zela saldu Gaztelatik kanpo (1488/11/19). Eta Sancho Ibáñez de Mallea Euskal Herrira bidali zuten, zortzi urte lehenago emandako "gomendioa" indartzeko.


    Lehen armagile soraluzetarrak

    Gainontzeko Debarroan moduan, Soraluzen ere arma zuriak egiten hasi ziren. Lehengaia gertu zuten (Arrasateko altzairua, bertan edota inguruko herrietan egina) eta orografia ere alde (ur asko eta oso aldapa gogorrak, burnioletara indarra eramateko). Baina XVI. mende hasieran, agian arma zuritan zegoen konkurrentziarengatik, suzko armeei ere ekin zieten. 1481.ekoak dira Soraluzeko armagintzaren lehen aipamenak, baina XVI. mende hasieran ez zen nabarmentzen, beste herri batzuk ere aipatzen dira suzko armatan: Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate.

    1512.ean Juan Ibáñez de Loyolak eskopeta eta arkabuzak egiteko kontratua sinatu zuen. 1515.ean Juan de Ondarzak infanteriarako 30 kofelete[2] eta beste horrenbeste barbolete egin zituen infanteriarako. 1516.ean Juan Ibáñez de Loyola eta Juan Martínez de Churruca armagileek 50 espingarda saldu zizkioten Juan López Aizpiri eibartarrari, 14.000 marabeditan.

    1522.eko kontratua gordetzen da 50 arkabuz bereziak egiteko, bakoitza urrezko lau dukatetan. Urte berean Juan Ibáñez de Loyola armagileak Francisco de Badilo kapitainari esan zion 100 eskopeta zituela saltzeko prest, eta nahi izan ezkero hilabete batean (maiatzak 25etik ekainak 24ra) beste 350 egiteko prest zegoela, zilarrezko 7 errealetan. Martin de Unamuno soraluzetarrak urte batzuk geroago demostratu zuenez, 1526.ean Martin Ibález de Unamunok aitonak sutegia zuela, bertan arkabuzak ekoizten zirela.

    1542. urtean Carlos I.ak Francisco de Roxas artilleria kapitaina bidali zuen arma ekoizpena zaintzeko, eta honek Soraluze aukeratu zuen egoitza. Ez dakigu zerikusirik izan zuen 20 urte lehenago Acuña korrejidorearen aferan Soraluzek izandako jarrera.

    1561.ean, berriz, Juan Ibáñez de Churrucak 600 moskete eta beste honenbeste arkabuz egin zituen.


    Lehen ikuskatzailea: Hernando de Aguirre

    Gero eta erosketa gehiago egiten zituenez, kudeaketa hobetzeko eta arma guztiak probatzeko, Felipe II.a erregeak zera erabaki zuen, Gipuzkoako probintzia eta Bizkaiko jaurgoaren arma ikuskatzailea[3] izendatzea, Debarroan bizi behar zuena.

    1568.ean Hernando de Aguirre debarra izendatu zuen. Funtzionari hau hasi zen antolatzen gerora Erret Lantegiak izango zirenak[4].


    Burgoseko eskaera

    1568.eko bukaeran Alpujarretako moriskoak matxinatu ziren, eta Felipe II hasi zen gudarosteak prestatzen aurka egiteko. Burgoseko gudarostea armatzeko, Bizkaia eta Gipuzkoa probintziei 150-200 arkabuz prestatzeko eskatu zien (1569/12/03), Pedro de Trigueros erosketaz arduratuko zela. Eta honek Soraluzera jo zuen zuzenean.

    Erregearen eskaerari aurrea hartuz, azaroan Pedro de Trigueros honek 200 arkabuz lotu zituen Soraluzeko hainbat armagileekin: Domingo de Mendiola, Juan de Churruca eta Jerónimo de Igueribar. Tratua arkabuz bakoitzeko 23 errealetan egin zuen, osagarri guztiekin: flaskoak, flasko txikiak, moldeak, arraskagailuak, sacapelotas, hembrillak" eta baketak.

    Abenduan bertan Hernando de Aguirrek beste 200 arkabuz eraman zizkion Gasteizeraino; hauek 22 errealetan ordaindu zituela. Armagile soraluzetarrek 179 arkabuz bidsli zizkioten 1570.eko urtarrilaren erdialderako: 50 Domingo de Mendiola, 50 Juan de Churruca, 50 Martin Ibáñez de Unamuno (kontratoan azken momentuan sartu zena) eta 29 Jeronimo de Igueribar. Azken honek otsailean eman zituen falta ziren 21 arkabuzak[5].


    1573.eko Erret Lantegiak

    Ekoizpena antolatzeko eta eskaerak bermatzeko, 1573.ean Soraluzeko armagileek Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la Villa de Placencia sortu zuten.

    1576.ean Felipe II.ak Lope de Elío nafarra izendatu zuen arma ikuskatzailea berria. Hurrengo hogei urtetan (1576-1595) honek Soraluzeko Erret Lantegiaren jarduera garatu eta finkatu zuen.


    Erreferentziak

    1. Lehenetariko kainoia, tamaina ederrekoa eta kalibre handikoa
    2. Kofeletea eta barboletea soldaduen kasko zatiak ziren.
    3. Gazteleraz veedor de armas.
    4. Influencia de los armeros vascos en la armeria española. Antonio Aldecoa (Bilbao 1976).
    5. La contribución de la ciudad de Burgos y su jurisdicción a la pacificación de las Alpujarras, 1569-1570. Ángela Pereda López (Obradoiro de historia moderna 2021).