Josefa Micaela Maiztegi (eu)

    Sorapediatik
    Josefa Micaela Lucasa Maiztegi Aldasoro
    Merzedariak 100 urte. Josefa Micaela Maiztegiren erretratua.jpg
    Jaio 1820
    Hil 1901
    Profila Aberatsa, ongilea


    Josefa Micaela Maiztegi, Dama Mikaela, ezaguna izan zen Soraluzeko Babesetxeari lagatako ondasunengatik.

    Honetaz gain, izaeraz ere nabarmendu zen bere garaian: bera bakarrik bere ideiak gizon guztien kontra ezarri zituen... diruaz lagunduta, noski.


    Jaiotzea

    Pintorekua etxea (Juan Francisco Astiazarán 1994)

    Josefa Micaela Maiztegi Aldasoro 1820ko urriaren 17an jaio zen, gaueko hamarretan, Pintorekua etxean[1].

    Amak herriko zirujaua zen Juan Pedro Yarzaren laguntza izan zuen erditzean. Jaio berria hurrengo egunean bataiatu zuten herriko parrokian; osaba Ramon Frantzisko Aldasorok Josefa Mikaela Lukasa izenak jarri zizkion, eta aita eta ama besoetakoak Jose Ramon Maiztegi Aldasoro neba eta Maria Hipolita Maiztegi Galarraga izekoa izan zituen.


    Familia

    Gurasoak Jose Alejo Maiztegi Galarraga eta Maria Josefa Tiburcia Aldasoro Lasalde izan ziren.

    Aita, Jose Alejo Maiztegi, maisu ikuskatzailea zen, armagilea beraz. Baltegieta kalean zeukan lantegia eta hiriko alkate ere izan zen.

    Maria Josefa Aldasorok, berriz, familia aberatsa zuen, lur jabeak eta indianoak tartean. Osaba Domingo Aldasorok Ameriketan utzitako herentzia jaso zuen.

    Beraz, 1812an Jose Alejorekin ezkondu zenean 300 dukat eta tona bat gari jaso zituen dote gisa.

    Maiztegi-Aldasoro senar-emazteek zortzi seme-alaba izan zituzten, Josef Ramon Matias (1813-1867), Ambrosio Gregorio Antonio (1857- ), Jose Domingo (1818-1866), Josefa Mikaela (1820-1901), Juan Angel (1823- ), Maria de la Concepcion Petra (1825-1891), Maria Dominica (1828-1830) eta Maria Dominica (1831-1832). Hiru ume zirela hil ziren: Juan Angel eta Maria Dominica biak.


    Aberastasuna

    Neba-arreba batzuk ume hil ba ziren ere, gainontzekoak ez ziren ezkondu[2]. Azkenean, gurasoak hil zirenean (aita 1851an eta ama 1858an) Josefa Mikaelak eskuratu zituen familiako ondasun gehienak.

    Amaren aldetik jaraunspen ederra jaso bazuen ere, ez zen bakarra izan. Urte berean (1858) beste bat jaso zuen, amaren aizta batena: Bernarda Tomasa Aldasoro Lasalde, hau ere ezkongabea. Besteak beste, 1822ko abenduan Udalari Errekaldeko ospitale izandakoa erosi zion, eta 1853ko apirilean Mendizabalen oinordekoei erosi zien izen bereko etxea (gerora Babaesetxea bilakatu zena), atzekaldean zegoen ortua eta Erlaegiko gaztainadi bi.

    Josefa Micaela Maiztegik aberatsei zegokien bizimodua zeraman, lasaia eta oparoa; besteak beste, udak Mutriku aldean ematen zituen. Eta herrian Dama Mikaela izenez ezagutzen zuten.


    Ospital zaharra edo babesetxea (I. Ojanguren)

    Udalarekiko tirabirak

    1756. urtetik Soraluzen ez zen ospitalik. XIX mende bukaeran egoera larria zenez, Babesetxe baten sorrera bultzatu zuten. Haietako bat Isidoro Iturriaga Trocaola indianoa zen; honek emandako diruari esker, egitasmoak aurrera egin zuen eta 1896 urtean Udalak Mendizabal etxea alokatu zion Josefa Micalea Maiztegiri. Irailean Mesedeetako mojekin Erruki-Etxe berria zuzentzeko akordioa sinatu zuten, eta hurrengo hilabetean Babesetxea

    Bi urte geroago, Udalak Arautegia egokitu zuen Babesetxe-Ospitala bihurtzeko. Josefa Micaela ez zen konforme, eta abuztuan Pedro Martín Irigoienek (Josefa Mikaela Maiztegiren izenean) Udalari idatzi zion, ea alokatutako etxeari beste erabilera eman behar zion.

    Zergatik desadostasuna? Tartean gaixorik zeuden hainbat soldadu artatu zuten Babesetxean, Erregetxean kantonatuta zegoen Itsas Infantería destakamenduko soldaduak hain zuzen; urtebetean guztira hogetamar soldadutik gora pasa ziren bertatik. Eta badaiteke arrazoi politikoak egotea desadostasun honen azpian: Maiztegi Aldasorotarra karlistak ez zuen gustoko Gobernu liberaleko soldaduak "bere etxean" egotea.

    Beraz, argi ohartarazi zuen Udala: Babesetxea bai, baina Ospitala ez; bestela, denak etxetik botatzeko mehatxua egin zuen.

    Udalbatzarra Josefa Micaela Maiztegirengana joan zen, Mutrikura, bertan ari zen uda ematen eta. Hasiera batean Udalaren eskaera onartu bazuen, sei hilabete barru berriro mehatxua egin zuen, eta Udalak amore eman zuen.


    Heriotza

    1901eko martxoaren 3an, igandea, arratsaldeko hiruretan, Etxaburueta kaleko 6. zenbakiko bere etxean hil zen Josefa Mikaela Maiztegi Aldasoro, 82 urte zituela. Jaiotako etxean hil zen.

    Medikuak esan zuenez, garun-kongestioak eragin zion heriotza.


    Hil eta gero, borrokatu eta irabazi

    Baina inork ez zekien hilabete batzuk lehenago, 1900.ko abuztuan, Josefa Micaela Maiztegik testamentua egin zuela Elgoibarko Ramon Lekuona notarioaren aurrean.

    Eta testamentu hau isilpean gorde zuten hil aurretik, baita hil ostean ere.

    Udala, arduratuta, 1902.ko urtarrilan Bergarako Jose Joaquin Egaña testamentu-betearazlearengana bidali zuen batzorde bat, baina honek ez zien gauza handirik argitu. Tirabira askoren ostean, 1904ko otsailean batzorde mistoa eratu zuten gauzak argitzeko: Bruno Maiztegi Mendikute (alkatea), Pedro Oregi Larreategi (zinegotzi diruzaina) eta Jose Joaquín Egaña bera.

    Dama Mikaleak Mendizabak etxea eta hainbat lursail uzten zion Babesetxeari, baina xedapenen batzuk oso estuak ziren: Erruki-etxe berria sortzeko, Udalarekin edo gabe (gogoratu Babesetxea 1896tik martxan zegoela), San Vicente de Paul-eko Alabak (Karitateko Alabak) ekartzeko (1896tik Mertzedariak bertan ari ziren)...

    Dena dela, hilabete berean akordioa sinatu zuten, Dama Mikaelaren baldintza guztiak onartuz, mojena ezik (Mertzedariak mantendu zituzten). Gainera, esker onez, Dama Mikaleraren erretratua etxeko leku garrantzitsu batean ipini zuten.


    Erreferentziak

    1. Etxaburueta kaleko 6.ean, gaur egunean Arrano Elkartea dagoen etxea hain zuzen.
    2. Behintzat, Donostiako Elizbarrutiko artxiboetan ez dator berririk.