Soraluzeko forua (eu)

    Sorapediatik
    Jacako forua (1076)

    Hiribildu foruak edo hiri gutunak

    Zer ziren

    Foruak legeak ziren eta, beraz, mota askotakoak. Hiribildu forua edo hiri gutuna[1], berriz, erregeak hiribildu bati emandako legea, harekin bere burua gobernatzeko. Eta oso garrantzitsuak ziren, biztanleen askatasuna bermatzen zutelako. Alemanez esaten zenez, Stadtluft macht frei (Hiribilduko aireak aske egiten zaitu).

    Nekazal gizartearen antolaketa

    Ertaroaren lehen mendeetan nekazal gizartea zegoen. Bi motako biztanleak ziren: kapareak eta nekazariak. Kapareek[2] lurrak eta maizterrak zituzten, eta ez zuten zergartik ordaintzen. Nekazariek maizterrak ziren, eta zergak ordaintzen zituzten ustiatuko lurraren arabera. Errentak jasoaz gain, jauntxoek beste eskubideak zituzten: zerga berriak ezarri bere probetxurako, bere lurretan izandako edozein auzitan bere nahiera epaia ematea…

    Hala ere, herriak eta auzoak sortzen ari ziren, eta bertan ofizioak eta merkatariak. Jende hauek ez ziren oso ados jauntxoen jarduerekin eta, bilduta egonik, antolatu ziren hiribilduak sortzeko, Soraluze kasuan egin zuten bezelaxe. Beste batzuetan, errege berak bultzatzen zuen prozesu hau. Erregeentzat oso onuragarria zen hiribilduak sortzea: zergak zuzenean kobratuko zituzten, jauntxoen indarra ahulduko zuten…

    Hiribilduak eta foruak

    Berez, erregeek hiribildu bat sortzen zuenean ez zuen herri berria sortzen, aurretik zegoen herria ordenatzen baizik.

    Edozein herri edo auzorekin alderatuta, hiribilduek bi alde garrantzitsu zituen, elkarrekin ondo lotuta: esparrua eta lege idatzia (hiri gutuna edo hiribildu forua). Hiribilduaren esparrua hesitua egoten zen, eta legeak esparru barruan bakarrik balio zuen; kanpoan jauntxoak zirela jaun eta jabe, lehengo moduan[3]. Horregatik, erregeek hiribildua sortzeko agindua ematen zutenean beti agintzen zuten harresia egiteko, eta lege bat (foru bat) egozten zion. Hiribilduan ez zuten jauntxoen nahiek agintzen, lege idatziak baizik, guztiondako berbera.

    Urteak aurrera egin ahala, hiribilduek harresietatik kanpo ere zabaldu zuten bere eragina, eta jauntxo asko eta asko hiribilduetara pasa ziren bizi izateko, bertan jauregiak eraikiz.

    Hiribildu bakoitzak bere legea edo forua zuen, baina denak ez ziren desberdinak: erregeak beste hiri batekoak egokitzen zuen edo, besterik gabe, zuzenean kopiatzen zuen. Normalean oso aldaketa txikiak egiten ziren, baina noizean behin goitiko beherako egokitzapenak lantzen ziren, gizarte bera aldatzen ari zelako.


    Hiribildu foruen hedapena Euskal Herrian[4]

    X eta XI mendetik aurrera Santiobideak indarra hartu zuen. Europatik zetozen erromes asko (frankoak) ez ziren bere herrialdetara itzultzen, eta ingurutan geratzen ziren.

    Jakako forua

    Birpopulaketa hau erakargarriagoa egiteko, 1076 urtean Aragoiko Antso Ramirezek Jakako herriari izen bereko forua eman zion, hiribildua bilakatuz. Bertan Jakako biztanleek eskatutako lege onak (buenos fueros) berresten ziren.

    Hurrengo urteetan hainbat herriek bereganatu zuten antzeko legeak, Jakako foruan oinarritutakoak.

    Logroñoko_foruaren_(1095) hedapena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

    Lizarrako forua

    Horietako bat Lizarra izan zen (1090), baina kasu honetan forua egokitu zuten, askatasun gehiago ematen Lizarrako biztanleei. Hala ere, Lizarrako foruan oraindik bi mailako biztanleek agertzen dira, hiribilduko agintariak kanpokoak izan daitezke, hauek baimenik gabe sar daitezke inoren etxean…

    Lizarrako foru hau ere asko zabaldu zen, besteak beste Gipuzkoako kostaldean: Donostiara lehen eta handik Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Usurbil, Hernani, Errenderia eta Hondarribia.

    Logroñoko forua[5]

    Beste aldetik, 1076 urtean Antso IV Iruñeko eta Naxerako erregea[6] anaiak hil zuenean, Alfontso VI Leongo erregea Araba eta Naxeraz jabetu zen, bertako hiribilduen foruak gordez.

    Gainera, Santiobidetik pasatzen ziren frankoak gerarazteko Logroño herrixka hiribildua bilakatu eta forua eman zion (1095), Naxerako foruan oinarrituta baina hainbat hobekuntzekin.

    Logroñoko foru hau Laguardian (1164) eta Gasteizen (1181) erabili zen. Euskal Herriko hiribildu berriak sortzerakoan Logroñoko forua erabili zuten gehienetan, zuzenean batzutan (Soraluzeko kasua) edo Laguardia edo Gasteizen bidez.

    Logroñoko foruak, eta handik eratorritakoek, hiru ezaugarri dute:

    • Hiribildua eta biztanleak esparru baten jabeak izango dira; beraz, lur horiek ez dira erregerarenak izango.
    • Beraz, biztanleen ondasun guztiak, esparru barrukoak zein kanpokoak, askeak izango dira eta bere jabeek ez dituzte izango gainontzeko nekazarien betebeharrak.
    • Hiribilduko biztanle bakoitzak zerga bakarra ordainduko dio erregeari, denok berdina.


    Alfonso XI Algecirasen (José Salguero 2015)

    Soraluzeko forua

    Historia

    1343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Guvantesen hiztegian 1802 urtean jasotzen denez:

    Hiribildu hau Gaztelako errege Alonso XI jaunaren aginduz 1337an sortu zen, Soralucen bizi ziren Markinako gizonek, garai hartan bailarako izena, eta Herlaibia-ko tokian bizi zirenek herri hau sortzeko, Placencia izendatuz, eta hesitzeko eta eliza bertan egiteko: Logroñoko forua eman zien biztanleei, eta herriari behar zituen mugak. Eta hau dena Algeciraseko errealean 1281 aroan, 1343 urteko urriak 15ean emandako pribilegioz, Gipuzkoan merino nagusia Beltran Velez de Guevara zela, probintziako jendeez errege zerbitzuan zela aipatutako plazaren setioan.

    Hau da, Soraluzeko forua (1343) Logroñoko foruan (1095) oinarrituta dago. Batetik bestera 248 urteko aldea badago ere, bion artean ez zegoen desberdintasun handirik.

    Ezaugarriak

    Logroñoko forua (eta, beraz, Soraluzekoa) Jaka eta Lizarrako foruetan oinarrituta dago eta Naxerakoaren bilakaera da; baina hobekuntza batzuk ekartzen ditu, ‘’frankoen foruak’’ delako; hau da, gizon askeen forua.

    Hobekuntza nabarmenena zera da, biztanleen arteko jatorrizko diskriminaziori oro desegiten duela: ...tan francigenis quam etiam hispanis vel ex quibuscumque gentibus vivere debeant ad foro de francos se manteneant per bona fide.... Beraz, jauntxoak ala jende arrunta izan denok izango dituzte eskubide eta betebehar berberak. Gainera, berdinketa hau gainetik egin zen: hilketarengatik kalteordaina[7] 500 sueldotakoa izango da, aurretik jauntxoei bakarrik zegokiena.

    Honetaz gain, nahiz eta erregeak (edo bere ordezkoak) herri agintariak izendatu (alkatea, merioa edo epailea eta borreroa), hauek herriko biztanleak izan behar ziren: Senior, qui subiugauerit ipsa uilla et mandauerit omnes homines, non mittat alio merino nisi populator istius uille; similiter mittat alcaldes; similiter saione. Hiribildu autonomiaren lehen urratsa izan zen.

    Foru txarrak ezabatzen ziren, batez ere jauntxoentzako egin beharreko lanak[8], hauen ordezko ordainketak, alkateek hartzen zuten kalteordainen bederatzirena…: Neque habeant super se fuero malo de saionia neque de fonsadera neque anubda neque maneria neque ulla vereda faciant, sed liberi et ingenui maneant sempre.

    Erregeari ordaindu beharreko guztiak zerga bakarrean biltzen zen, Pentekostetan ordaindu beharreko bi sueldo: Et de unaquaque domo donent per singulos annos II solidos ad principi terrae ad Pentechosten.

    Naxerako foruarekin alderatuta, Soraluzekoan ezabatu zen hiribilduan izandako edo aurkitutako heriotzen talde-kalteordaina: Non pectent homicidio per homo mortuus qui fuerit inventus infra terminum uel in uilla. Bakarrik hilketaren arduradun zuzenei zegokien kalteordaina edota epaiketa.

    Soraluzeko foruaren arabera, bertako biztanleek eskubide osoa zuten esparruak erosteko edo saltzeko nahi zuten tokian, eta horrengatik ezin zitzaien eskatu inolako auzolanik edo saririk: Et istos populatores de Logronnio habeant absoluta licencia per comprare hereditates ut ubicumque uoluerint conprare et nullos homo inquirat eis mortura neque saoinia neque vereda sed habeant salva et libera et ingenua. Et si necesse habuerint per vendere, vendant ut ubicumque voluerint.

    Gainera, erregeak hiribilduari emandako lurretan lan egiteko aukera ematen zien biztanleei: lur etzeak lantzeko; animalientzako belarra jasotzeko; lurrak, mahatsondoak, ortuak edo errotentzako ura erabiltzeko; eta eraikitzeko zura edo erretzeko egurra mendietatik hartzeko. Erregeen lurretan errota egiterakoan, lehen urteko etekinak eraikitzailearentzat izango dira, eta handik aurrera erregearekin erdibana; norberaren lurretan egiten bada errota, jabe bakarra eraikitzailea izango da.

    Dena dela, oraindik agindu zaharkituak gordetzen ditu; esateko, biztanleak behartzen ziturn ogia erregearen labean egozteko, eta ordainetan labakadako ogi bat emateko: Et iterum, habeat rex in ista villa furno suo, et ipisi de hanc villa coquant in eo panem suum, et de unaquoque fornata donent portionem regi I panem.

    Foruak biztanleak eta beren ondasunak babesten zituen. Inoren etxean sartzea galerazita zegoen biztanle guztientzat, merioa (epailea) eta udalzaina barne; eta biztanleen ondasunak babestuta zeuden etxe barruan zein kanpoan, jabearen gogoz kontra hiribilduaren jaunak, merioak edota udalzainak ezin zituztela hartu.

    Epaiketa arloan, foruak dirubermeak ahalbidetzen ditu espetxea sahiesteko, eta ordaliak edo Jaungoikoaren epaiak bertan behera uzten ditu.

    Hiribilduko giro baketsua laguntzeko zigor larriak ezartzen zituen labana atera edo berarekin mehatxu egingo zuenarentzat, edota azokatan iskanbila sortzaileentzat.

    Azkenik, foruak hainbat atal ditu Soraluzeko jardueta ekomikoa sustatzeko.

    Esateko, animalien edota gauzen salerosketarako askatasun osoa ezartzen zuen; inor demandatan hasi eta gero, ezeren jabegoa frogatzeko ez zen saltzailearen izena eman behar, erositakoa zela zin egitea nahikoa zen: Et habeant absoluta licencia de conprare ropa, trapos, bestias et tota animalia per carne et non donent nullo autore nisi illa jura que ipse comparauit.

    Animalia lapurtutakoa balitz, berreskuratzeko jabeak berrerosi behar zion erosleari, honek ordaindutako salneurrian. Modu honetan, azokan edo errepidean modu lasaian eros zitekeen, eroskiaren jatorriaz kezkatu barik.

    Higiezinen kasuan, lur sail baten jabego eskubide osoak eskuratzeko nahikoa zen modu baketsuan urtebete eta egun batean eukitzea.

    XIV mendeko Placencia (saiakera)

    Bitxikeriak

    Soraluze hiribildua 1343 urtean sortu zen, bertako biztanleek eskatuta (eta ez erregeak bultzatuta). Izatez, lau urte aurretik (1339) alkate eta guzti zuen, Pedro Ruyz de Aguirre izenekoa[9].

    Hasiera-hasieratik jauntxo edo kapareak agertzen dira herrian: hiribildua sortu zenean, Alfontso XI erregeak Gil López de Oñaz-en bi anaiei (Juan Pérez de Loyola eta beste bat) lur sailak eman zizkien Soraluzen bertan. Juan Pérez de Loyola-k Loiola etxea sortu zuen.

    Inguruko jauntxo handienek, Irurekoek, aurki ere eraiki zuten beren jauregia herrian; Ormaetxea jauregia.

    Gaur egun ez da gordetzen. Agian Eibarko azken sutean erre zen (1937). 1936 urtean Policarpo Larrañaga abade soraluzetarra, historiazale zenez, Soraluzeko Udal Artxibategiaren agiri zaharrenak ikertzen ari zela, Eibarra eruan zituen, bera bizi zen komentura, lasaiago arakatzeko. Baina gerra sortu zenean, frontea Maltzagan geratu zen; 1937ko apirilak 25an, Eibar bonbardeatu zutenean, komentua erre zen, eta komentuarekin Soraluzeko agiri zaharrenak ere.

    Foruaren bilakaera

    Urteekin, hiribilduei emandako foruak egokitu eta hobetu zituzten, batez ere Alfontso X Jakintsuak (Las Partidas, 1256-1265) eta Alfonso XI-k (Ordenamiento de Alcalá, 1348).

    Aldaketa garrantzitsu bat herriko agintarien izendapena izan zen. Erregeak (edo ordezkoak) izendatu beharrean, etorkizunean herriko biztanleek aukeratuko zituzten… eta, beharbada, kargutik kendu.


    Erreferentziak

    1. Carta puebla gazteleraz.
    2. Kaparea. Jauntxoa, aitoren semea, hidalgoa, noblea.
    3. Bizkaian oraindik gordetzen da ezaugarri hau: bi motako udalerriak daude, hiribilduak eta elizateak edo tierra llana.
    4. Soraluzeko forua Logroñoko foruaren kopia izan zen. Gehiago jakiteko, Villas fracasadas en el desarrollo urbano medieval del País Vasco. Tesis Doctoral de Sergio Martínez Martínez (Universidad de Cantabria).
    5. [1]. Wikipedia (euskaraz).
    6. Normandiako Placenciaren senarra.
    7. Caloña edo isuna.
    8. Las sernas, el fonsado, la anubda, la vereda edo la mañería.
    9. Información en Derecho del Concejo de Eybar. Valladolid 1594. 14 orriaren ifrentzua