«Liberala (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak

    Sorapediatik
    No edit summary
    No edit summary
     
    56. lerroa: 56. lerroa:


    [[Kategoria: Elkarteak]]
    [[Kategoria: Elkarteak]]
    [[Kategoria: Politika]]

    Hauxe da oraingo bertsioa, 21:02, 22 otsaila 2022 data duena

    C sino Liberalaren lehen egoitza, bigarren solairuan
    (Carlos Orueta 1919)

    Sorrera

    XIX mende bukaeran olgetarako[1] bi elkarte sortu ziren Soraluzen: Centro de la Amistad (1888) eta Círculo Católico (1891) izenekoak. 1908ko urrian olgetarako beste bi elkarte sortu ziren, eskumako alderdi politikoei lotuta: jeltzale mugimendu berriaren Batzoki Soraluzetarra eta aspaldiko karlisten Círculo Tradicionalista.

    XIX mende osoan Soraluze oso herri liberala izanda, ezkerreko lagun talde batek bere elkartea sortzea erabaki zuen. Izena C sino de la Unión Liberal jarri zioten, eta 1910 urteko martxoak 23an Donostiako Gobernu Zibilak Estatutuak onartu zizkion.

    Lehengo egoitza Kalegoen 2ko bigarren solairuan izan zuten (gaur egun Santa Ana), Labaderogainen gainean[2]. Bigarren karlistadan (1872-1876) bertan egon zen Centro de los Amigos edo Centro de la Amistad izenekoa, elkarte liberala hau ere; karlisteei aurre egiteko herria gotortu zutenean zubi bat egin zuten Centro honetatik Udaletxeraino.

    Elkartea sortu eta zazpi urte geroago (1917/03/26) estatutuak egokitu zituzten, segururena egoitzaren aldaketa erregistratzeko. Egoitza berria Errabal 22ko lehen solairuan izan zuten, Andikokalean, sasoi bateko Banco de Vizcaya gainean.

    Urteekin, liberalek indarra galtzen hasi ziren, Soraluzen ez ezik Gipuzkoan zein Espainia osoan. Errepublika zaleak, aldiz, oso ondo mantendu ziren. Eta sozialistek gero eta indar gehiago hartzen ari ziren. Herri handietan bakoitzak bere aldetik zebilen, baina Soraluze moduko herri txiki batean, denak batera: Liberalean.


    Liberaleko lagun taldea. Atzeko ilaran, ezkerretik: Felipe Bolumburu, Lorenzo Matas, Ulpiano Azkarate, Enrique Pintado, Paul Esnal, Celestino Cano, Evaristo Arana, el asturiano, Simon Uriarte, Nicomedes Bollain, Jose Corta eta Klaudio Beraza Leton. Erdiko ilaran: Emeterio Mariñela, Antonio Alberdi, Cesario Ezenarro, Saturnino Treviño, Eulogio Matas eta Serapio Alberdi. Aurreko ilaran: Eustakio Suarez, Felipe Azkarate, Francisco Yarza, Pedro Itxaso, Jose Maria Astiazaran, Eulogio Madina, Florentino Argarate, Benigno Alberdi eta Cipriano Alberdi. Eta bi txakur: Kanela eta Markesa.

    Olgetako jarduerak

    Orduko elkarte askoren moduan, Liberalak alde kulturala sustatzen zuen: aldizkariak jasotzen ziren (denok ez zuten diru nahikorik erosteko), liburutegia zegoen, hitzaldiak eddota txango kulturalak antolatzen ziren (Debako Ostolaza Fundazioa ezagutzera, esateko)...

    Musikak ere garrantzia handia zuen. Liberalak bere banda zuen: Paz y Labor izenekoa. Udalaren "kolorea"ren arabera, herriko kaleak gora eta behera alaitzen zituzten... edo irtetzeko debekua zuten.

    Eta Liberalekoek ohitura zein musika modernoak oso gertutik jarraitzen zutenez, domeka arratsaldetan musika bandako batzuk Jasbana[3] sortu zuten, pianoa eta kontrabaxuak lagunduta. Eta dantzarako musika zen, “agarrao”. Círculo Tradicionalistan, esateko, dantzarik ez zen egiten, pekatua zelako.

    Dena dala, dantzaz aparte pekatu handirik ezin egin: saloiaren erdi erdian zutabe borobila zegoen, eta bertan Santiago Gojeascoechea Fati[4] egoten zen makil handi batekin erritmoa markatzen, eta bikoteak zaintzen aldi berean, ezer arrarorik ez gertatzeko. Berak markatzen zuen piezak noiz bukatu.

    Liberalen pare parian bizi zen neska zahar batek, Hijas de María lehendakaria bera, dena zaintzen zuen Abarkateronekoa bere etxetik. Dantza pekatua zenez, eta liberalen seme-alabak bertara joaten zirenez, ba gero Hijas de María kongregaziotik bidaltzen zituen, bera zen lehendakaria eta! Mezatan ere, neskak taldetan egoten ziren, bakoitza bere maistrarekin; eta pekatua zutenak, esate baterako Liberalenera dantzara joandakoak, aldare ondoan jartzen zituzten denon bistan.

    Liberalekoak ez ziren batere elizkoiak, elizaren kontrakoak baizik. Esateko, aratostetan Piñata igandeko[5] dantzaldi berezia izaten zen: garizuma hasita zegoen baina ihauterietako azken dantza izaten zen; gainera pastelak izaten ziran, eta umeak bertara joan behar pastelak jatera!

    Paz y Labor musika banda


    Ostolaza Fundazioaren bisita liburua (1930)

    ...eta politikoak

    Liberalean ezkerreko jendea biltzen zen, gehien bat liberalak, errepublikanoak eta sozialistak.

    Mitinak eta hitzaldiak egiten zituzten bertan, eta ezkerreko propaganda banatu. Errepublikanoen eraginez, elizaren kontrako jarrera sutsua zuten. Halaxe, 1913 urtean hitzaldia antolatu zuten azaltzeko erabili beharreko baliabide eraginkorrak, apaizekin behin betiko bukatzeko[6]. Halaxe kexatu ziren jeltzaleak, behintzat, orduko alkate katolikoak (hau da, karlistak) Liberaleko txarangari baimena ematen zionean goiz, arratsalde eta gauez domeka guztietan jotzeko, eta gainera eskupekoa eman ziola, dirutan; baina Batzokiko espatadantza taldeei ez ziela laga herriko plazan dantzatzeko jaietan.

    1916 urtean Errenteriako Círculo Liberalek eraikin berria inauguratu zuen, eta Soraluzeko Liberalak telegrama bialdu zuen, bat eginez. 1918ko ekainak 2an beste telefonema bialdu zion Hernaniko Círculo Liberalari, 1874 setioaren bukaera gogoratzeko honek jaia ospatu zuenean.

    1923 urtean José Madinabeitia sozialista hil zen Eibarren. Alderdikideek egundoko dolu-segizio zibila antolatu zuten tren geltokiraino, familiak Oñatira, jaioterrira, eraman nahi zuela eta ("gorputza abadeek bahitu bazuten, arima Eibarko sozialistekin geratu zen, libre"). Maltzagan hilkutxa trenetik jeitsi eta automobilean sartu zuten. Soraluzetik pasatzerakoan, langile mordoa zegoen zain eta C@sino de la Unión Liberaleko batzorde batek doluminak eman zizkion familiari[7].

    Ezkerrekoa izanda, patroiek ez zuten oso gustoko Liberala. Primo de Rivera diktaduran, 1929 urtean, egoitzaren jabea estutu omen zuten Liberala bertatik egozteko, baina 4 urteko kontratua egin zutenez, ezin izan zuten ezer egin. Arrakasta handiagoa izan zuten Gaiarre zinemarekin: sindikatukoak bertan biltzen ziren, eta patroiek ("fabrikako kazikeek") lortu zuten jabeak ezetz esatea langileei[8].

    1930ko urriak 26an Liberaleko 53 lagun, bazkide eta zaleak, Debako Ostolaza Fundazioa[9] bisitatu zuten, eta bertako bisita liburuan denok sinatu zuten. Fundazioaren sortzailea, José Manual Ostolaza Zabala, errepublikazale liberal sutsua zen.

    1932 urtean Niceto Alcalá Zamorak, Errepublikako Presidenteak, Eibarrera egin zuen bisita (1932/09/13). Soraluzetik pasatzerakoan, C sino de la Unión Liberalen aurrean geratu zen, jendea agurtzeko.


    Bukaera

    1936ko uztailak 17an militar batzuk Espainiako Errepublikaren kontra altxatu ziren. Arrakasta ez zen osoa, eta Espainia bitan banatu zen: gerra zibila hasi zen.

    Soraluze Errepublika aldeko esparruan geratu zen. Baina irailak 22an karlistak herrian sartu ziren, eta C sino Liberal bukatu zen, betiko.


    Erreferentziak

    1. Beren estatutuetan "recreo" agertzen da.
    2. Etxe bereko behe solairuan Circulo Tradicionalista zegoen.
    3. Jazz Band.
    4. Fatty, ingelesez lodia.
    5. Piñata domeka. Garizumako lehen igandea, toki askotan oraindik aratosteak ospatzen zituzten.
    6. Vida local. Soraluze (Euzkadi 1913/09/02).
    7. Cronica de Eibar. La muerte de Madinabeitia (El Socialista 1923/01/12).
    8. Vascongadas. Manejos torpes (El Socialista 1929/01/15).
    9. Ostolaza Fundazioaren historia. Deba Kultur Elkartea (webgunea, gazteleraz).