Kanposantua (eu)

    Sorapediatik
    (Zeletako kanposantua (eu)(e)tik birzuzenduta)
    Kanposantuko sarrera (J.C. Astiazarán 2019)
    Sarrera hau Kanposantuaren adiera nagusiari dagokio. Bestelako esanahietarako, ikus Kanposantua (argipena)

    Kanposantu zaharra

    Garai batean, hildakoak eliza barruan lurperatzen ziren, bakoitza bere familiaren hilobian edo sepulturan. XVIII mende bukaeran Erret Agindua izan zen, eliza barruko ehozketak galerazten zuena, eta orduan kanposantua egin zuten parrokiaren ondoan, frontoia eta Pandoneko etxearen artean; gerora eskola nazionalak eta maisuen etxeak egin ziren esparruan, hain zuzen. Kanposantu zaharra esaten zioten.

    Kanposantu zaharraren horma frontoian

    Gaur eguneko kanposantua baino dezente txikiagoa zen. 1960 urtean Ondasun Erregistroan honela agertzen zen:

    Aintzinean kanposantua izandako ortua; iparraldetik eta ekialdetik Pandonekuaren ortuarekin muga egiten du, hegoaldetik Moja Agustinen ortuarekin eta mendebaldetik frontoiarekin; zabalera, ipar, eki eta hegoaldeko mehelinak hartuta, larehun eta hamabi metro koadrokoa da...

    Nahiz eta ehorzketa berriak kanposantu zaharrean egin, elizabarruko sepulturak erabilera ez zen eten. Hildakoen urteurrenetan, familiaren etxekoandreak argizaiola pizten zuen sepultura gainean eta bertan jartzen zuen bere aulkia meza entzuteko. Askotan senide gehiago ere sepultura gainean biltzen ziren mezetarako.

    Hildakoen egunean (azaroak 2an), berriz, gauza bera errepikatzen zen, herriko familia guztiak elizara joaten zirela. Ordukoek esana, honenbeste kandelek sortutako kea zela eta elizako gangak ere ez zirela ikusten. Asko zaintzen zuten familia bakoitzeko sepulturen mugak, hau da, ondasunak: baziren senide askotako familiak esparru txikian estutzen zirenak meza entzuteko, eta bestaldetik baziren familiak bi edo hiru sepulturen jabeak, denetan argizaiola piztu eta gertuenetik meza entzuten zutenak.

    Soraluzeko parrokian sepulturak gorde dira 1950. hamarkada arte, orduan eliza barrutik berritu zuten eta denak zoru berriaz estali zituzten.


    Kanposantu berria

    Herria hazten hasi zen, eta kanposantu zaharra txiki geratzen ari zen.

    XIX mendearen erdialdean Udalak Zeleta baserriko lursail ederra erosi eta prestatu zuen. 1858 urtean lehen saila saldu zuten, 11,10 oin karratukoa; eroslea José Antonio de Armendia izan zen, bi hilobi egiteko asmoarekin. Bertan daude lurperatuta Justo Antonio de Armendia eta Alejo de Armendia.

    1887-1888 urteetan lubaki handia egin zuten kanposantuaren aurretik, trenbidea pasatzeko. Trenaren lubakia zeharkatzeko Kanposantuko edo Zeletako zubia egin zuten.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)

    Antolaketa eta bilakaera

    Kanposantua bi mailatan antolatuta dago, atzekoa aurrekoa baino hiruzpalau bat metro altuagoa.

    Erdi erdian, bi mailen artean, kapera dauka. Maila batetik bestera pasatzeko bi eskilara daude, kaperaren alboetan.

    Hasiera batean kanposantua laukia zen, eta 1.300 bat metro koadro zuen. Gerora, bi alboetatik zabaldu zuten, trapezio forma emanaz; gaur eguneko zabalera 2.400 metro koadrokoa da.

    Maila bakoitzeko ertzetan panteoiak daude, eta barne sailak hilobi arruntez beteta daude. Eskubian, bi maila artean, horma-hilobiak edo nitxoak daude. Azkenik, kaperaren eskumaldean bada errautsak hilobiratzeko tokia: Arbasoen Baratzea izenekoa.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)

    Kapera

    Kanposantuko bi mailen artean, erdi erdian, eta atearen parean kapera dago. Erresponsoak errezatzeko erabiltzen da.

    Kaperaren erdi-erdian herriko hainbat abade hilobiratuta daude. Azkena, Ascensio Gurruchaga.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)

    Kanposantu zibilaren sarrera (J.C. Astiazarán 2019)

    Kanposantu zibila

    Kanposantua zabaldu zutenean toki bat gorde zuten kanposantu zibilerako, behe mailako eskumaldean.

    Baztertutako tokia zen, ez oso zaindua.

    Aspalditik ez dira sinistedun eta ez sinistedunen artean bereizten, eta gaur egun itxita dago.


    Felisa Oregiren segizioa, kanposantuko bidean (1956)

    Hiletak

    Garai batean, inor hiltzen zenean etxean egiten zioten gaubeila, errezotan batzuetan eta ipoñatan bestetan; jana eta edana ere ez ziren faltatzen. Biharamonean, lau edo sei lagunek hilkutxa bizkarrean hartu eta parrokiara eramaten zuten, senide, lagun eta auzokoek lagunduta. Hiletariak[1] erabiltzearimmende hasieran laga zioten.

    Hileta elizkizunak ordaindutako diruaren araberakoak ziren: zenbat abade aldare nagusian, albokoetan beste meza paraleloak ziren ala ez, abadeek erabilitako arropa, organoak eta abesbatzak parte hartuko zuten hala ez... Hiru mota izaten ziren, primerakoak, segundakoak eta tercerakoak.

    Hiletaren ostean segizioak kanposantuko bideak hartzen zuen, hilkutxa berriro ere bizkarrean. Mezetara joandako gehienak kanposantura gerturatzen ziren.

    Gerra ostean gauzak poliki-poliki aldatzen joan ziren, 1970 hamarkadarako hilbeilak ia ez ziren egiten, eta Vaticano II kontzilioaren eraginez hileta-mezak berdindu ziren. Bizkarrean eruandako azken hildakoa ere 1971ko irailaren 5ean izan zen; ordutik aurrera hil-ibilgailua erabili izan da. Tanatorioak gerora etorri ziren.


    Kokapena

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak

    1. Hiletaria. Hiletan negar egiten duen soldatapekoa, plañidera.