Torlojugintza. Folklorea (eu)
- Torlojugintza sarrera orokorrera joateko, sakatu hemen
XX mendeko bigarren erdialdean torlojugintza Soraluzeko ardatz ekonomikoa izanik, hainbat areasto laga du herriko folklorean.
Placencia de los Tornillos
Armagintzarekin gertatu zen moduan, 1960 hamarkadan ia herri guztia torlojugintza aritzen zen. Guzti horregatik, La Voz de España egunkariak agertutako artikulu batean, Iñaki Linazasorok idatzi zuen:
- Placencia de las Armas –zehatzago, Placencia de los Tornillos- Gipuzkoako herririk itsusienetakoa da, urbanismo aldetik, noski...[1]
Oraindik ere, Soraluze aipatzeko "herri tornilleroa", "hiribildu tornilleroa" eta antzekoak erabiltzen dira.
Tornilleruak eta trafikoa
1970ko hamarkada arte, lantegi txiki asko sotoetan zeuden, Deba ibaiaren ondoko sotoetan, hain zuzen. Tailerretan argia sartzen zen ibai aldetik, eta bentilazioa ere ona zuten.
Torneatzeko materiala barra luzetan heltzen zenez (laupabost metrotakoak), oso arrunta zen kalea moztea minutu luzeetan barrak sotoetara sartzeko. Kalebarren edo Gabolats zirenean, gaitz erdi. Baina gogoratu behar da hainbat eta hainbat lantegi Errekalde, Atxiri, Errabal eta Baltegietako sotoetan zeudela, eta GI-627 Gasteiz-Ondarroa errepide orokorra mozten zutela hain zuzen!
Allegroko danborrada
Soraluzeko danborradan, garai batean, erregina eta ohorezko damak izaten ziren. Desfile osoaren atzekaldean joaten ziren, karroza baten gainean.
Urtero urteko modu desberdinean atontzen zuten karroza hau. Eta 1970ko hamarkadako urte batean torloju handi batekin (metro t'erdi eta bi metro artekoa) apaindu zuten.
Kontrargiren garaikurra
XX mendeko azken urteetatik Euskal herriko hainbat argazki elkartek lehiaketa antolatzen dute, urtero, Herriz herri izenarekin. Horietako bat Soraluzeko Kontrargi elkartea da.
Urteko azken hilabeteetan elkarte bakoitzak argazki rallyea antolatzen du, eta bertan hartutako argazkiak epaitu. Rallye bakoitzeko puntuak batu eta gero, Euskal Herriko sailkapena egiten da.
Dena dela, eta lehiaketa orokorraren sariez gain, herri bakoitzak bere sariak ematen ditu, bertako rallyean lortutako puntuen arabera. Soraluzen, beste sarien artean, argazkilari onenei garaikurra ematen zaie: torloju handi bana, herriko industri-tradizioaren omenez.
Plaentxiako tornillerua
Urteetan kontatu izan da Plaentxiako tornilleruaren istoria[2]... baina oker ulertuta!
Behin bazen Soraluzen torlojugina, seme azkarra zuena. Donostiara bidali zuen "empresariales" ikastera, ESTEra. Eta, karrera bukatuta, lantegira ekarri zuen.
Mutilak, lehenik eta behin, koste azterketa egin zuen: torloju bat honenbestetan saltzen bazen, berau egiteko honenbeste behar zen materialetan, honenbeste eskulanean, honenbeste makinak amortizatzeko, honenbeste... Azkenean, aitari esan zion: "Aitta! sarrerak eta urteerak aztertu ostian, torloju bakoitzeko pare bat zentimo galtzen ari gara.". Eta aitak bizkor erantzun: "Ez dotsa ardura, seme, asko eitten dogunez...".
Eta honaino kontatu izan da istoria, Soraluzeko tornillerua tontotzat hartuz. Baina aita azkarra zen, semea baino gehiago! Aipatutako torlojuak letoizkoak ziren, dekoletajen egindakoak. Eta semeak ez zuen kontutan hartu mekanizatuetako txirbila: letoizko txirbil hau jaso eta saltzen denez, aitak torloju bakoitzeko hiru zentimo irabazten zituen!
Beste bertsio baten arabera aitak zera esan nahi zuen: lehen torlojuarekin diru asko galtzen zela (utilajea egin, saioak, utilajea egokitu...) baina, behin prozesua asmatuta, koste horiek ez zuten garrantzirik: "Ez dotsa ardura, seme, asko eitten dogunez...".
Umorea
Gorago aipatutako Plaentxiako tornilleruaz gain, izan dira Soraluzen kontatzeko istorioak. Hona hemen Juan San Martinek[3] jasotako bi:
Eztenkadak
Sesma, bere tornillerixan, ba-ebillen tornillueri ari emoten. Ez dakitx beronen tornilluak izango ziran Bahamontesek, kaxketaldixak oratuta beste barik Frantziako bueltia bertan-bera laga ebanian, periodikuak esan eben burutik eiñda euala ta Plaentxiako korresponsalak eiñ eban deixa, etortzeko euren errira ta bertan billauko ebala edozein neurritako tornillua, falta ebanan ordez ipintzeko. Ta, ez dakitx Sesmak eitxen zitxuanak ez ete ziran. Ez dira beintzat burua kantzau barik eiñ dakuak.
Ari-emoten biarrian diarduan lekuan, zerbait bururatu jako ta atara da tallarreko atai aurrera. An gelditu zan egonian. Aurrekaldetik pasau zan batek, esan zetsan:
- —Zer, Edur, jai dok ala?
- —Bai.
- —Bai?
- —Bai. Geure patroia dok eta. Ta, ez dok itxura, geure egunian ari-ematen ibiltzia.
- —Zer egun dok ba, tornilleruen jaia izateko?
- —San Jose de "Ariematea".
Tratu ona
Plaentxian be, goze sasoian, biarrik ez zan falta baiña bai janarixa. Dirua irabasten ba zan be, jana billatxia ez zan gauza erreza. Ta, diruakin be janaririk iñundik-iñora billau ezin. Esekiel zanak eitxen ei eban:
- —Auxe dok auxe, diruagaz be janik ez. Lenago, gure denporan dirua zuan problemia, ta oin, biarra ugari daukagunian, zailduaz diru apur baten jabe eitxeko aukeria daukagularik, janik ingirau ezin. Baltza dok gero mundu au. Lenago beti diruakin amesetan. Alperrik, alkatiak, ondo portatziarren pregoia jo; "Benetan gizona dan gizonari, pausuko erriala". Ez gizonik eta ez dirurik. Ta, zorioneko biarrau iñork nai ez, ta nai ez genduana be falta. Oin barriz, nai ez genduana daukagulako, boltsilluan peseta batzuek eukiarren, poltsillo epela ta tripa-zorrixak. Gorrixak bialdu ziralakuan, egunero gorrixak ikusten. Au dok mundua.
Ez zan ez, gozua egonera a. Plaentxiako tornillogin famoso batek, Badajoz-ko bezero bati aitzen emon zetsan, dirua baiño naiago ebala jana, ta aurrerako tornilluok urdeiazpikoi trukez ia zergaitik ez. Uste barik, baietza artu eban eta ara gure tornillugiñak nundik jaso zitxuan pare bat urdeiazpiko.
Ez zan gero barriketia. Ez da segurua be, gose denpora aretan urdei-azpikuak etxian eukitzia.
Laster eruan zitxuan "Bankura", ta bertan gorde. Gero, bere etxeko andria, Tornilleruzia, txekiakin juaten ei zan "Bankura" urdei-azpiko atalen bat biar ebanian.
Erreferentziak
- ↑ Placencia de las Armas –para ser más exactos– Placencia de los Tornillos, es una de las villas más horrendas de Guipúzcoa –urbanísticamente conceptuada, se entiende. Placencia. Ignacio Linazasoro (La Voz de España, 196x).
- ↑ Esateko, Ignacio Linazasoro 1966 urtean Donostiako La Voz de España egunkarian. Artikulua irakurtzeko, sakatu hemen
- ↑ Eztenkadak. Juan San Martin (Itxaropena. Kulixka sorta 1965)