Ondare txikia. Galeriak (eu)
Soraluzen (eta beste leku askotan) galeria berbak esanahi zehatza du: beirateek estalitako korridorea, balkoia ordezkatzen duena.
Gehienak Deba ibaiaren aldera daude, batez ere Kalegoen, Kalebarren eta Gabolats kaleetan, eta Atxurin ere. Egurrezkoak dira, nahiz eta bakarren bat harrizkoa izan.
Aurrekariak
Deba ibaiertzeko etxeei, urteekin, balkoiak egin zizkioten ibaiaren aldera: Santa Ana, Kalebarren, Gabolats, Baltegieta, Errabal, Atxuri...
Eta balkoi hauetan, ertz batean, komunak egin ziren.
Agian komun hauekin lotuta egongo da 1526. urtean probintziako korrejidoreak agindutakoa: "...etxetik kanpo zituzten beharrezkoak egurrez edo harriz estaltzeko, bestela hamar mila marabediko isuna izango zela eta"[1].
Galeriak
Denboraz, balkoiak osorik itxi ziren, beheko aldea egurrez eta gainekoa beiratezko leihoekin. Leiho hauek gillotina modukoak ziren, inoiz beirekin forma apaingarriak eginez (Santa Ana 8).
Itxitura nahikoa singlea zenez (egurra eta beira), leku freskuak ziren, baina hotzak neguan. Beraz, barruko ate eta lehioak itxi eta ez ziren erabiltzen hilabete hotzetan. Udaberriarekin, berriz, ate eta lehio hauek erretiratzen ziren, galeriak erabilgarri egiteko.
Inoiz galeriak balkoiak baino gehiago ziren, tamainaz edota kokapenez etxaurrearen protagonismo osoa hartzen zutela (Santa Ana 2)
Batzutan, lehioen azpian galeriek atetxo modukoak zituzten, errejekin babestuta. Zabaldu eta gero, galeria egurastu zitekeen, eta umeek ibaia ikusteko aukera zuten. Gaur egun gehienak itxirik daude, baina oraindik soma daitezke Kalebarren 12 eta 14 etxetako galeriatan.
Galeria motak
Lau motako galeriak zeuden.
Balkoi bakarreko galeria
Galeria mota soilena da, eta etxebizitza batean balkoia ixten sortzen zen. Herria ez dira asko.
Egurrezko galeria arruntak
Normalagoa zen Deba ibai aldea ematen zuten etxe osoko balkoi guztiak galeria bihurtzea. Kalebarren 4-16 tartea kenduta, hau da Soraluzen gehienetan erabili zuten galeria mota.
Kalebarreneko galeriak
Kalebarreneko galeriak bereziak dira, fondo askoz handiagokoak. Eraikitzeko, etxe baten balkoi guztiak bota eta galeria berriak eraikitzen zituzten, kendutako balkoiak baino fondo handiagokoak.
Harrizko galeria
laugarren mota harrizko galeria izango zen. Bakarra dago Soraluzen.
Arregia jauregiak, Ertaroan, egurrezko galeria zuen Deba aldera begira. Eraikinaren etzetan mehelin bana zuen, eta bien artean irtengunea, egurrezko habe baten gainean eraikita.
Baina XVI. mendean jauregia goitik behera berriztu zutenean, egurrezko galeria bota eta harrizko galeri berria egin zuten, fondo handiagokoa.
Solairu bakoitzean bi arku zabal zituen. Gerora, arku hauek itxi eta leiho arruntak jarri zituzten. Hala ere, arkuak oraindik nabarmendu daitezke ibal alderako etxaurrean.
Egurrezko galeria eusten zuten mehelinak ere oraindik ikus daitezke, baina inolako funtziorik ez dute.
Desagertutako galeriak
Garai bateko galeria asko desagertu dira. Batzutan etxea bota dutelako, eta etxe berria galeria barik eraiki dutelako, eta bestetan galeria bera desagertu delako.
Batzuk aipatzearren, Erregetxe zaharra (Iñigo la Espada planoetan agertzen da, 1751. urtekoak), Errekaldeko ospitale zaharra (Errekalde 1, oraindik mehelina gordetzen da), Frontoia 2 (galeria hegoaldera ematen zuen, eta Santa Ana 15 etxe berria egiterakoan ez zuten berreraiki), Santa Ana 2, 6 eta 8 (etxeak 2022ean bota ziren)...
Hala ere, kasu askotan aspaldiko galeria egon badago, baina desitxuratuta: lehio gutxiagorekin eta etxaurreko azalera porlanezkoa. Esateko, Atxuri kaleko ia gehienak, Santa Ana 10, Baltegieta 26...
Galeria berriak
Azkeneko urteetan inoiz galeriak goitik behera berritu izan dira (Kalebarren 10, Gabolats 18).
Eta, etxe berriak egiterakoan, kasu batzuetan ibai alderako galeria moduko etxaurrea egin diete (Kooperatiba Kalebarren 4, Gabolats 4) eta Santa Ana 12.
Erreferentziak
- ↑ "...cubran las necesarias que tienen fuera de sus casas de arriba abaxo de tabla o piedra so pena de cada diez mil maravedís" (Soraluzeko Udal Artxibategia, 1523eko testamentu baten kopia Erregistro liburuan 1526/05/05).