Makina-Herreminta (eu)

    Sorapediatik
    Fabrika zaharra (Serapio Múgica)

    La Euscalduna: erabiltzaile goiztiarra

    Armagintzan, Debabarrenean, 1860tik aurrera makina-erremintak jartzen hasi ziren. Transmisio orokor bidez jartzen zituzten martxan, eta energi iturri gisa lurrun-makina erabiltzen zuten, edota enpresa batzuek energia hidraulikoa ere bai txandaka-txandaka.

    1874an, Soraluzeko armagintzako La Euscalduna enpresako inbentarioaren arabera, produkziorako baliabide ugari zituzten, besteak beste 120 makina-erreminta, tornuak, barrenatzeko makinak eta fresatzeko makinak izanik aipagarrienak.

    Energia sortzeko lurrun-makina horizontal bat, 25 ZP-ko bi galdara, 9 ZP-ko gurpil hidrauliko bat eta 7 ZP-ko beste bat zituzten. Makinak higitu, berriz, 300 bat metroko luzerako transmisio bidez higitzen zituzten, diametro ezberdinetako 307 polearekin eta brontzezko kojineteak zintzilikatzeko 123 paretako euskarrirekin. Makina instrumentalen atal bat ere bazegoela aipatu behar da, tamaina ezberdinetako tornuak, eta arrabotatzeko makinekin, horietako bat fresak egitekoa.


    Makina-Herreminta ekoizleak

    Soraluzen bost ekoizle ezagutu izan dira:

    • Sabino Achotegui y Cía, SACIA edo Construcciones SACIA. 1906 urtean sortua, 1970 hamarkada bukaeran makinak egiteari utzi zion.
    • Talleres Osuma. Gerra ostean nabarmendu zen, aspaldi itxi zen.
    • Talleres Unamuno. 1958 urtean egin zuen lehen tornua.
    • Soraluce Koop.E. 1962 urtean sortua, Euskal Herriko ekoizle handienetakoa.
    • Soraluzeko Makina Bereziak.


    Construcciones SACIA

    (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

    Sabino Achoteguik 1906 urtean sortu zuen, Sabino Achótegui y Compañía izenarekin.

    Hasieran zulatzeko makinak egin zituzten, batez ere TC-36 eta TS-1 modeloak.

    1926 urtean Otto Hölke alemana kontratatu zuten, limadorak diseinatzeko. Hurrengo 50 urtetan gama zabala garatu zuten, 300 mmtan hasi eta 750 mm arte: L/300, L/350E, L500, L/500E, L/550E, L/650E eta L/750.

    1970n hamarkadaren erdialdean, Alemaniako litzetzia erosi zuten 1100 mmtako fresadorak egiteko.

    Gerra aurretik torlojuak ekoizten zituzten, eta urte luzeetan nahikoa ondo ibili ziren: torlojugintza motel zebilenean makinagintzak laguntzen zion, eta alderantziz. Baina petroleoaren krisiak (1973) gogor jo zituen Soraluzeko lantegiak, eta SACIA ez zen salbuespena izan. Irtenbide bila, 1970 hamarkadan Bergarako Madinarekin eta Adunako beste enpresa batekin elkartu zen Ceventor[1] sortzeko. Hurrengo urteetan, hiru enpresak batu ziren, eta makinak ekoizteari laga zioten, torlojugintzan zentrarzen.

    Gora behera askoren ondoren, 1993 urtean langileek enpresaren jabe egin ziren eta Tornillería Deba SAL[2] sortu zuten. Billabonako lantegia aspaldi itxi zuten, Soraluzekoa gero eta, azkenean, Bergarakoa itxi zuten lantegi berria Mekolalden zabaltzeko.


    Osumak egindako tornua

    Osuma

    (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

    Osuma Limitada hasieran, eta Construcciones Mecánicas Osuma S.L. gero.

    Taladroak egiten zituen (zutabe bikoitzekoak eta mahai gainekoak) eta tornuak (paraleloak zein errebolberrak).

    Segururena, tornu paraleloak Osumaren produktu ezagunenak eta iraunkorrenak izango ziren: bigarren eskukoak oraindik saltzen ari dira eta.


    1949ko Donostiako erakusketa

    1949 urteko ekainak 12 eta 19 artean, Ufemesak[3] Gipuzkoako makina-herreminten erakusketa antolatu zuen Donostian, Udaletxearen sotoetan hain zuzen.

    16 enpresek hartu zuten parte, horietako Soraluzeko bik: Saciak eta Osumak.

    Katalogoa eta zerrenda osoa ikusteko, sakatu hemen.


    Optima tornua

    Unamuno[4]

    1.958 urtean Javier Unamunok lehen tornua egin zuenetik, ordutik hona 8.000 makina baino gehiago egin ditu.

    Hasieratik leba-tornuak[5] egiten dituzte,

    Eibarko Teknikerrekin elkarlanean, Unamuno CNC sortu zuten CNC tornuak eta torneatu-zentruak egiteko.

    Bere merkatuari hobeto heltzeko (dekoletaje) bezeroen piezak aztertzen dituzte irtenbide onena proposatzeko. Egokiena denean, makina bereziak ere eskaintzen eta egiten dituzte.


    Fresatzeko eta mandrinatzeko makina (2015)

    Soraluce Koop.E.

    (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

    Kezka soziolaboralak zituzten Soraluzeko langile gazteen artean, Enrique Larrañaga abadearen laguntzaz, 1962. urtean Soraluce kooperatiba sortu zuten: Denak ginen oso gazteak eta gugan nagusi zen justizia sozialaren nahia gauza guztien gainetik. Batera ugazaba eta langile izateko enpresa sortu nahi genuen.

    Ordutik hona makina herramienta arloan dihardu. Gaur egun (2015) 215 langile ditu, eta salmentak 80 miloitik gorakoak dira. Lau planta ditu, hiru Osintxun eta beste bat Bergaran.

    50 urteetako historian zehar, Soralucek produktu mota asko ekoiztu ditu, aurreko urteetakoak kanpo lizentzia baten menpe: zulatzeko makina erradialak, makina bereziak, mandrinatzeko makinak eta mekanitzatu zentroak. Baina 1988-tik bere produktua sortu zuen, fresatzeko-mandrinatzeko makinak, eta horiekin dihardu ordutik hona.

    Gaur egun, Soralucek fresatzeko eta mandrinatzeko makinak sei motakoak ekoizten ditu:

    • Bankada finkodun fresatzeko makinak
    • Mahai finko eta zutabe mugikorreko fresatzeko makina
    • Zutabe mugikorreko fresatzeko-mandrinatzeko makinak
    • Mandrinatzeko makina horizontalak
    • Fresaketa torneaketa zentroak
    • Torneaketa bertikaleko zentroak.


    Torlojuak lotzeko makina.jpg

    Somabe[6]

    Soraluzeko Makina Bereziak 2004 urtean sortu zuten.

    Automoziorako aluminiozko piezatan zentratuta daude (estankotasuna egiaztatu, piezak txertatu, mekanizatu, torlojuak lotu, egiaztatu...) baina beren eskarmentua beste hainbat proiektueran ere erabili izan dute.

    Proiektuen alde guztiak menperatzen dituzte, diseinutik hasi eta ekoizpeneraino.


    Erreferentziak

    1. Central de Venta de Tornillos.
    2. Tornilleria Deba. Web orri ofiziala (gaztelaniaz).
    3. Ufemesa. Unión de fábricas españolas metalúrgicas para la exportación S.A.
    4. Unamuno. Web orri ofiziala (gaztelaniaz).
    5. Leben bidez lanabesak aurrera eta atzera eragitzen dituzten tornuak, dekoletakerako erabiliak.
    6. Somabe. Web orri ofiziala (gaztelaniaz).