Londreseko Placentia jauregia (eu)
Londreseko Placentia jauregia | |
---|---|
Mota | Eraikina (jauregia) |
Kokapena | Londres (Erresuma Batua) |
Placentia jauregia (ingelesez: Placentia Palace) erret jauregi ingelesa izan zen, Gloucesterreko Hunfredok eraikia. Tamesis ibaiaren ertzetan egin zen, Greenwich inguruan, Londreseko kanpoaldean. XVII mendearen bukaeran bota zuten eta bere ordez Greenwicheko ospitalea eraiki zuten.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Bella Court
Gloucesterreko Hunfredo Inglaterrako Enrike VIren errejentea izan zen, eta 1428-1433 artean jauregia eraiki zuen Bella Court izenarekin.
1447 urtean Anjouko Margarita erreginak atxilotu zuen, traizioarengatik. Espetxean hil zenean (Shakespearek dioenez, eraila) Margaritak Bella Court eskuratu zuen, eta izena aldatu zion: Placentia jauregia, inoiz Pleasaunce jauregia.
Modu honetan Placentia jauregia Ingalaterrako monarkiaren jauregi nagusia bihurtu zen.
Tudor garaia
Placentian errege eta erregina asko jaio ziren: 1491 urtean Enrike Tudor, gerora Ingalaterrako Enrike VIII famatua izango zena; 1516eko otsailean Maria Tudor, Enrike VIIIren eta Aragoiko Katalina bere aurreneko emaztearen alaba, gerora Maria I izango zena (Bloody Mary, Maria Odoltsua); 1533, berriz, Isabel Tudor jaio zen, Enrike VIIIren eta Ana Bolenaren alaba, gerora Isabel I izango zena.
Sei ezkontzatik Enrike VIIIk pare bat bertan egin zituen: Aragoiko Katalinarekin egindakoa (1509) eta Cleveriseko Anarekikoa (1540).
Azkenik, Enrike VIIIren seme eta oinordeko Eduardo VIa Placentian hil zen, 1553eko uztailak 6an. Maria I eta Isabel I bere ahizpak Placentian bizi ziren erregina izendatu eta aurreneko urteetan.
Estuardo garaia
Jacobo I eta Carlos Iren garaietan Queen's House (erreginaren etxea) eraiki zuten, Danimarkako Anaren omenez.
Hurrengo urteetan, Ingalaterrako gerra zibila izan zela eta, Placentia asko ondatu zen. Horregatik 1660 urtean Carlos IIak jauregia berreraikitzea erabaki zuen, eta arduraduna John Webb arkitektoa izendatu zuen.
Azken mendeak
Ekialdeko hegala burutu zuten, baina Carlos IIa erregea bota zutenean, lanak geratu ziren. 1694 urtean Sir Christopher Wren arkitektoak Greenwich Ospitala eraiki zuen jauregiaren orubean.
1873 urtean ospitala Greenwicheko Erret Itsas-Ikastetxea bilakatu zen. Gaur egun Greenwicheko Unibertsitatea eta Musikaren Trinity Ikastetxea (Trinity College of Music) daude bertan.
Erreferentziak
Palace of Placentia. Ingelesezko Wikipedian.
Palacio de Placentia. Gaztelerazko Wikipedian.