Le vainqueur (eu)
Le vainqueur | |
---|---|
Estiloa | Neobarrokoa |
Mendea | XIX - XX |
Kokapena | Zubi Nagusia |
Mota | Eskultura |
Azalpena eta historia
Le vainqueur[1] Eugène Marioton frantziarraren lana da. Brontzezko kopia da, dauden handienetakoa (85 bat zm).
Jatorrizko figurak animali larruak janzten ditu, eskuinean adarra dauka, arku bat ezkerreko eskuan eta gezi-kiribila oinetan. Oinarria karratua da, naturalista.
Bost hamarkada baino gehiago kanpoan egonda, Soraluzeko kopiak galera batzu izan ditu: eskuineko adarretako orri guztiak desagertu dira, baita ezkerrean zeukan arkua ere. Gainera, atzera okertuta dago pixka bat.
Udaletxean dagoen Belluaire (Pizti gladiadorea) eskulturarekin batera, Jose Luis Larrañaga alkateak Madrilen erosi omen zuen 1966 urtean, bertako Anglada jauregia[2] (Larios jauregia moduan ere ezaguna) bota zutenean. Biak herriko iturriak atontzeko erosi bazuten ere, Le Vainqueur Zubi Nagusiko iturri berriaren gainean jarri zuten, eta Belluaire Udaletxean geratu zen.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Eugène Marioton
Eugène Marioton (Paris 1857-1933) eskultore eta dominagilea izan zen. Anaiak ere artistak izan zituen: Claudius (eskultorea) eta Jean Alfred (margolaria).
Heziketa klasikoa izan zuen. Lehiaka askotan parte hartu zuen (1883-1922), batez ere Salon de la Société des artistes français zelakoan. Irabazten ari zen ospeari esker, 1905 epaile izendatu zuten, eskultura sailean. Bere lana oso arrakastatsua zenez, behin eredua eginda eskulturak tamaina desberdinetan urtzen zituen, gehienetan Parisko E. Colin eta Siot Decauville arte-fundizioetan.
Soraluzez gain, gaur egun bere lanak hainbat tokitan ikus daitezke: Madril, Paris, Rouen, Béjaïa (Aljeria), Errumania... Eta sarri askotan nazioarteko enkanteetan eskuragarri izaten dira.
Erreferentziak
- El nuevo puente de Placencia sobre el Deva. Iñaki Linazasoro (La Voz de España 1967/07/21).
- Eugène Marioton. Wikipedia (frantsesez).
- ↑ Irabazlea.
- ↑ El desaparecido palacio de Anglada. Gato por Madrid bloga (2020/05/20).