Kukumixo Aisialdi Taldea (eu)

    Sorapediatik
    Sarrera hau Kukumixoren adiera nagusiari dagokio. Bestelako esanahietarako, ikus Kukumixo (argipena)
    Udaleku irekiak. Kale kolore eguna (plaentxia.eus)

    Aisialdia baino gehiago

    Kukumixo aisialdia lantzeko Soraluzen zegoen premia asetze asmoz sortu zen.

    Dena dela, aisialdi talde hutsa baino gehiago da Kukumixo, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, Soraluzeko neska-mutikoen aisialdiari garrantzia eman eta berau balioetan oinarrituta eta euskaraz lantzeko sortu zelako. Eta bestetik, gazteak eurak direlako aisialdi taldearen bihotz eta buru. Horrela izan zen taldearen sorreran eta horrela da Kukumixo sortu eta hamar urtera ere.


    Historia

    2000 hamarkadaren erdialdean, Udal Ludotekak utzi zion udaleku irekiak edo udaleku ibiltariak antolatzeari. Udalak eskatuta eta zerbitzua martxan mantentzeko, Pilpilean-ek ardura hartu zuen.

    Lanari jarraipena hobeto emateko asmoz, 2008an sortu zen Kukumixo Aisialdi Taldea. Eta ordutik aurrera handituz joan da, bai ekintzetan zein partaidetan.

    Hurrengo urteetan, Udalak Gazte-txokoa sortu zuenean, Kukumixok hartu zuen hura kudeatzeko ardura. Eta Udal Ludoteka berrantolatu zutenean, honen ardura ere Kukumixo Aisialdi Taldeak hartu zuen.

    Honetaz gain, Soraluze Alkarrekin egitasmoaren barruan, Kukumixokoek bideratu zuten Estazioko parkearen zaharberritzerako hausnarketa. Horretarako eskolako umeekin lan-saioak antolatu zituzten, parke berriaren ildo nagusiak erabakitzeko.

    2015 urtean Arianne Unamunok eta Domentx Ucinek abestia ondu zuten, ereserki gisa, eta uda hartan estreinatu zuten.

    Kukumixo abestiaren estreinaldia (Francisca Iraolagoitia 2015)


    Gaur egungo egoera

    Egun 4 eta 16 urte bitarteko ume-gazteei zuzendutako zerbitzuak lantzen ditu Kukumixo Aisialdi Taldeak.

    Naiara Korabarriaren esanetan, 2018 urtean udalekuetan 200 neska-mutikok parte hartu zuten, ludotekak 170 erabiltzaile zituen eta Gazte-txokoak beste 90.

    Deigarria da gazteen atxikimendua. “Behin “umegaztetxo” garaia gainditzen dutenean, hezitzaile bilakatzen dira asko; gero hezitzaile izateari laga eta batzuk umea izan eta hona ekarriko dute… Bestalde, bertan dabiltzanen gurasoak ere Kukumixoren bueltan ibiltzen dira”, azpimarratu du Kortabarriak.

    Gaur gaurkoz kontratupeko sei lagun daude eta udalekuetan, adibidez, 20 begirale izateraino ailegatzen dira, boluntarioez gain.

    Funtzionamenduari dagokionez, berriz, asanblada da Kukumixoren jardunaren oinarria. 20 bat gaztek osatuta, hilean behin elkartu eta datozen ekintzak erabaki eta garatzeko lan-taldeak antolatzen dituzte.


    Irudiak

    Handiago egiteko, sakatu gainean


    Herriz kanpoko harremanak

    Udalerritik kanpo, Euskal Herriko aisialdi taldeak batzen dituen Amarauna[1] sareko kide da Kukumixo Aisialdi Taldea, eta elkarte askorekin ere badu harremana: Arrasateko Txatxilipurdi elkartearekin, Elgoibarko Atxutxiamaika elkartearekin…

    Bestalde, Oinherri[2] proiektuan ere parte hartzen du, Francesco Tonucciren[3] filosofiari begira lan egiten duen sarean, alegia.


    Erreferentziak

    1. Amarauna. Web ofiziala.
    2. Herrihezitzailea. Oinherriren web orria.
    3. Francesco Tonucci pedagogo eta marrazkilari italiarraren ikerketek haurrek hirien antolaketa eta bizitzan parte hartzaile izatearen garrantzia azpimarratzen dute.