Geografía de Guipúzcoa (eu)

    Sorapediatik
    Geografía de Guipúzcoa
    Geografí­a de Guipúzcoa. Azala.jpg
    Egilea Serapio Múgica
    Hizkuntza Gazteleraz
    Urtea 1917
    Argitaletxea Alberto Martín
    Hiria Barcelona


    Izenburu osoa

    Geografía de Guipúzcoa

    Gipuzkoako geografia


    Liburua zertan den

    Alberto Martín Kataluniako argitaletxeak Geografía General del País Vasco-navarro izeneko obra argitaratu zuen 1915-1921 urte-tartean, Francesc Carreras i Candi-ren zuzendaritzapean burutu zena.

    Sei liburuki ditu: Provincia de Navarra (1. eta 2. aleak), Julio Atadill-ek idatziak; Provincia de Vizcaya (3. alea), Karmelo Etxegaraik egina; Provincia de Álava (4. alea), Vicente Verak erredaktatua; Provincia de Guipúzcoa (5. alea), Serapio Mujikaren kargu utzia; eta País Vasco-navarro (6. alea).

    Obran argitaratze-datarik azaltzen ez bada ere, Serapio Mujikak 1917. urte inguruan idatzi zuen bere liburukia, testuak berak zeharka aditzera ematen duenez.


    Soraluzeri buruzkoak

    (1070 orrialdea)

    SORALUZE
    Aurretik aipatutako Elgoibar eta Bergara artean Soraluze hiribildua dago, Noble eta Leiala, mendi artean ezkutatuta, sakan batean, 1º 18' 32 ekialde longitudean eta 43º 10' 42 ' ipar latitudean, iparaldetik Elgoibar du mugakide, Bergara hegoaldean, Azkoitia ekialdean eta Eibat mendebaldean.
    Gipuzkoako mapan dagoen ofita aztarnategietako orban handieneko erdi erdian dago Soraluze. Esparruak mendi altuak ditu, eta hauen artean ezagunena Muzkuritxu da: ia guztiak garo sailetarakoak dira. Nekazaritza bada, lurra zaintzen ez duen herri gipuzkoarrik ez dagoelako, baina ez da biztanleen funtsezko okupazioa, industria jardueraruntz bideratuta daudelako.
    Soraluzetik Deba erreka pasa da: ezkerretik Erlei eta Sagar-eko adarrak jasotzen ditu, eta eskumatik Egotza, Agarre-bolu, Olea, lrigarte eta Ezozia.
    2.230 biztanle ditu, herri kaskoan 144 etxe betetzen dituztenak, eta beste 140 herri kaskotik kanpora. Herri kaskoa errekako bi ertzetan hedatzen da, eta etxe-kale batzuk osatuta dago, egoitza berri eta zurien itxura alaia ez dutenak. Baserri aldea lau bailaratan dago banatuta: San Andres, Ezozia, San Martzial eta lrure, aipatzerik merezi ez duten multzo txikiak dituztela.
    Soraluzetik errepide bat pasatzen da: Bilbora doanetik Maltzagan hasita Bergararuntz abiatzen dena. Soraluze Elgoibarretik 6,24 kilometrotara dago, Eibartik 5,99-tara, Bergaratik 8,23-tara eta Donostia-tik 72,04-tara. Trenbidea badauka: Maltzagatik Zumarragara doan Ferrocarriles Vascongados lerroko adarrak herria zeharkatzen du, geltokia badauka, posta zerbitzurako erabiltzen dena. Postu telefonikoa badauka.
    Udaletxea harlanduzko eraikin onean dago, 1722an eraikita, balkoi luzea eta arkuak dituena. 507 hautesle ditu, eta hamar zinegotzi. Diputatu hauteskundeetan Bergarako barrutia dagokio. Umeak hiru herri-eskoletara joaten dira: bi osoak eta osatugabe bat. Badago lehen hezkuntzako ikastetxe partikularra ere.
    Eibarko artzapezgokoa da. Parrokia, Andra Mariaren Jasokundeari eskainitakoa, igoera-mailakoa da, organoarekin, eta parroko batek eta hiru koadjutorek artatua. Gotikoa da, habearte batekoa eta harlanduzkoa: kapera nagusia Pascual Iturriza mutrikuarrak egin zuen 1541ean, eta erretaula Ventura Rodríguez-ena da. Bailara bakoitzean bere ermita dago: Ezozia-n erromesaldia ospatzen da abuztuaren 10eko hurrengo igandean; San Martzial-en ekainaren 30eko hurrengo igandean, eta iraileko lehen igandean ere San Emeterio eta San Celedonio-ren omenez; San Andrés-en Santa Ana egunaren hurrengo domekan, eta lruren abuztuaren 26ko hurrengo igandean. Herriko zaindariaren jaiak abuztuaren 15 eta 16ean dira. Gizon-institutu erlijiosorik ez dago; emakumeenak bi: Canónigas Agustinas (kontenplaziozko bizitza) eta Mesedetako mojak (ongizatekoak). Bi aguazilek udal-zainketa zerbitzua ematen dute; guardia zibilak eta mikeleteak daude.
    Argiteri elektrikoa du, eta estolderia-sarea dago. Medikua eta farmacia dauka, eta fundazio partikularreko ongizate-babesetxea. Danbolin bandaren gastuak udalak ordaintzen ditu; bi musika-banda partikular daude; gazteek leku egokiak dituzte pilotan eta bolotan aritzeko.
    Soraluzeko jarduera industriala bizia da. Kanoiak eta gerra-hornidurak egiten dituen faktoria militarrak aipamen berezia merezi du; lan handia daukanez, azken urte hauetan herri sarreran, udalak dohan lagatako lurretan, ekoizpena handitzeko pabiloi berriak eraiki behar izan ditu, 400 langileri lana ematen baitio. Bere kasa lan egiten duen fabrika honetaz gain, beste lantegi asko dago, dozenatik gora, Eibarko fabrikentzat lan egiten dutenak. Badaude ere makinak eraikitzeko eta konpontzeko fabrikak, feltroak, labana-katxak edota jostailuak egiten dituztenak, zerrategi mekanikoak eta beste lantegi txiki asko, herriari giro industrial osoa ematen diotenak.


    Ohar historikoak
    Hiribildu honen hiri-gutuna ez da ezagutzen, baina historialari zaharrek diotenagatik, ezaguna da Gaztelako On Alonso XI-k berau sortzea agindu zuela, 1343.eko urriak 15ean sortutako Erret Probilegio baten bidez; bertan agintzen zenez Soralucen eta Herlabiako zelaian bizi ziren gizonek herri hau egin, hesitu eta dorreak eman behar zutela, dagokion elizaz, eta izena Placencia izan behar zuela. Logroñoren forua eman zion, eta izan behar zituen mugak, eta ez ziren urte asko pasa sortzeko, 1399 urtean zergabiltzailen kontra Erregeari hurbildutako herrien artean agertzen delako.
    Arma industria izan zen, duda barik, aspalditik herri honen garapena bultzatu zuena. Eskualde honetako herri guztiak, Deba errekak bustita, armak ekoizten jardun ziren bereziki; eta bati buruz esandakoa besteei ezarri dakoike. Historiadore batzuk diotenez, arma fabrikatzen Eibarrek duen fama XV mendetik dator; eta seguru gaude eibartarrak lan horietan aritzen zirenean Soraluze eta Elgoibarreko biztanleekin banatzen zituztela lanak, Soraluzeko fabrikak eskaerak jasotzerakoan eskualdeko herrietako biztanleak beraien ekoizpena ekartzen zuten moduan. 1573an urtean bazegoen Soraluzen arma zurien eta suzkoen erret etxe-fabrika, herriak eraikia eta Gobernuari utzita, bertako biztanleei lana eta jana eman ahal izateko. Honek esan nahi du herritarrek ofizioa ezagutzen zutela, eta aspalditik mota honetako lanak egiten zituztela. 1597ko martzoko 19ko Erret Zedula batek agintzen zuenez, Soraluze inguruko herriek ezin zuten izan eskatzen zituzten biltegiak, eta maisu zein ofizial armeroek Soraluzera joan behar zuten beraien produktuak emateko, ordura arte egin izan zuten moduan. Mugatik urruti zegoenez, Frantziako soldaduak bekez heltzen ziren herri horietara eta, kasu hauetan ere, lanekin jarraitzeko aukera zuten; eta gainera armak ekoizten zituzten langileek gerrara ez joateko pribilegio bereziak zituzten. Arauhonen salbuespena 1795 urtean izan zen, frantsesa Deba ibairaino sartu zela, erret fabrika zein gainontzeko lantegien lanak geldiarazi zituela. Areazoi honengatik Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Bergarako 756 armero lan barik gelditu ziren, eta bederatzi burdinola eta berrogeita hamahiru laztabin-gurpilek bere lanak eten zituzten.
    Urte hartan bertan Eibarrek Soraluzeko erret fabrika bere udalerrira lekualdatzeko ahaleginak egin zituen, aldeko emaitzik gabe. 1801eko maiatzaren 19 eta 20 egunetako uholde-eurien eraginez, Soraluzeko erret fabrika gainean dagoen menditik haitz handiak askatu ziren, beste asko edozein momentuan askatzeko arriskuan geratu zirela. Fabrikaren aurreko arduradunek, zeharo izututa, bertan behera lagatzea etabeste herri batetara eramatea pentsatu zuen; eta Eibar ahaleginetan berriro hasi zen. Gero, hanbat herrik beraien ahaleginak egin zituzten, erret fabrika eskatzen, eta 1834ko urriaren 23ko Erret Agindu batek Eibarra mugiarazteko ezarri zuen, baina 1844ko beste batek aurrekoa indargabetu zuen eta erret fabrika Soraluzen berrezartzeko agindu zuen; eta bertan dago oraindik, herriaren ondasunaren osagai nagusia dela.
    Soraluzeko elizaren patronatoa Villa-Alegre marquesak zuen. Hau hil eta gero, Hondarribi hiriari eman zitzaion eskumen hau, 1638ko setioan bere parrokiak jasandako kalteak konpontzeko. 1720ko uztailak 15ean hasi zen onura erabiltzen, eta XIX mendearen erdira arte jarraitu zuen; baina hala ere pixkat murriztua, emaitzen zati bat Soraluzeko herriarekin banatu izan behar zuelako.
    Bere armarria gaztelua da, bi lehoik oratuta, eta hainbat garaikur militarrekin.


    Biografiak
    Espita (Doktorea). Teologo aparta, Emaitza teologikoen metaketa (Compendio de conclusiones teológicas) liburuaren egilea.
    Ibañez de lrure (Andrés Doktorea). Don Carlos Varen proto-medikoa. Alemaniako gerran hildakoa.
    Joaristi (Miguel Francisco). Filipinetako Erret Konpainiaren zuzendari erretirodunak, 1796an testamentua egin zuen 1.563.834 erreal utziz, korrituekin bere jaiotze-herriko lehen mailako instrukzioa, ongizatea, gurtza eta kleroa laguntzeko.
    Larreategui (Pedro Colón). Gaztelako Aholku eta Ganberakoa.
    Obiaga (Juan Ignacio). Peruko inkisidore apostolikoa; lan jainkozalea sortu zuen herriko bi mutil behartsuk teología, legeak edo kanonak ikasteko.


    Bibliografia
    Descripción y noticia distinta del origen y establecimiento, antigüedad y gobierno de las Reales Fábricas de armas de la villa de Placencia en Guipúzcoa. Alteraciones y mudanzas que ha tenido desde el año 1583 hasta el de 1756, por Florencio Joseph Lamot, contador sustituto de ellas (Gipuzkoako Soraluzeko Erret Lantegien jatorria, ezarketa, aintzintasuna eta gobernuaren azalpen zehatza. 1583. urtetik 1756. urtera izan dituen aldaketak eta egokitzapenak. Florencio Joseph Lamot egina, bertako kontadore ordezkoa).


    Irudiak

    Handitzeko sakatu


    Erreferentziak