Gaceta de Madrid. Liberalak (eu)

    Sorapediatik
    Sarrera honetan Gaceta de Madrid aldizkarian agertutako berriak (1900 arte) agertzen dira, bolondres liberalekin zer ikusia dutenak.
    Soraluzekin lotura duten berri guztiak ikusteko, sakatu hemen.
    Gaceta de Madrid 1895.jpg


    Boluntario liberalak eta soldadutza

    Boluntarioak zer ziren

    Soraluze armagile herria izanik, mugimendu handiko tokia zen: jende berri asko zetorren bertara, batzuk garraiotan, soldadu moduan beste batzuk, bertan lanera etorritakoak ere ez ziren gutxi. Eta, jende berriarekin batera ideiak ere etortzen ziren. Beraz, liberalismoak sustrai sendoak bota zituen bertan XIX mendean; agian Eibarren beste ez, baina kontutan hartzekoak.

    Espainiako hirurteko liberalean (1820-1823), Debarroko miliziak sortu ziranean, Soraluzeko 43 lagunek parte hartu zuten. Bigarren karlistadan, hainbat eta hainbat soraluzetar liberalen lerroetan borrokatu zuten. Hasieran herrian bertan antolatutako Voluntarios de la Libertad[1] taldean. Karlistak Soraluzen sartu (1872/08/13) baino lehen, liberal asko eta asko Domnostiara erbesteratu zen, eta bertan eratu ziren Batallón de Emigrados[2]-en parte hartu zuten.

    Guztira, 140 izenik gora jaso dira[3].

    1876/07/25. Foruen deuseztapena

    Gaceta de Madrid, 207 zbk. 213. orrialdea. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Bigarren karlistada bukatu ostean, Madrilgo Gorteek lege berri bat onartu zuten, foruak deusezten zituenak. Ordutik aurrera berezko zerga-sistema desagertuko zen, eta soldadutza derrigorrezkoa izango zen. Azken puntu honi buruz, legeak halaxe zioen:

    2. art. Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioz, aipatutako hiru probintziak behartuta daude, lege hau argitaratzen denetik aurrera, Armadaren kinten edo reenplazo arrunten eta apartekoen kasuetan, legeen arabera dagozkien gizonen kupoa aurkeztera.
    ...
    5. art. Gobernuari baimena ematen zaio ere, bere momentuan Gorteei berri ematen:
    ...
    Hirugarrena. Soldadutzatik salbuesteko kasuen artean sartzeko azken gerra zibilean eurek edo euren gurasoek armak eskuan hartuta benetako erregearen eta nazioaren eskubideak mantendu dituztela egiaztatzen dutenak, salbuespen horien ondorioz probintzia bakoitzaren kupoa murriztu gabe.

    Bigarren artikuluaren ondorioz, soldadutza derrigorrezkoa zen eta "kinto" sistema[4] Euskal Herrian ere ezarri zuten.

    Baina bostgarren artikuluak esaten zuen Euskal Herrian liberalen semeak "berez" libratzen zirela eta, soldadu kopurua mantendu behar zenez, gainontzekoek bete beharko zutela beraien tokiak.

    1895/04/03. Soldadutzaren salbuespenak

    Gaceta de Madrid, 93 zbk. 25. orrialdea. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Foruak deseuztatu zituen legea segituan jarri zuten indarrean. Hurrengo urtean bertan lehengo kintoak zozketatu zituzten. Baina lege horren bostgarren artikulua garatzeko, ia hogei urte behar izan zituzten.

    1895 urtean beste lege bat atera zuten, boluntarioen zerrendak eguneratzeko eta behin betiko ezartzeko:

    1. artikulua. Soldadutzatik erabat salbuesteko eskubidea, 1876ko uztailaren 21eko legearen 5. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoaren arabera azken gerra zibilean benetako erregearen eta nazioaren eskubideei armak eskutan gorde dietenei emana, 1870eko abuztuak 31tik aurrera boluntario, mikelete, miñoi edo foral kidegoetan zinezko zerbitzua eman dutela egiaztatzen dutenei aitortuko zaie, Gobernazio Ministerioan dauden zerrendetan, euskal probintzietako udalen bidez sail honetara bidalita, edo aipatutako talde horien aldizkari-zerrendetan agertzen badira.
    ...
    Euskal probintzietako udalek beren probintziako diputazioei birbidaliko diete Gobernazio Ministeriora bidali zituzten boluntarioen zerrenden kopia baimendua.

    1896/03/17. Zerrendak argitaratzeko legea

    Gaceta de Madrid, 77 zbk. 927.-929. orrialdeak. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    1986eko martxoan beste lege bat onartu zuten, euskal boluntarioen zerrendak Gaceta de Madrid-en argitaratzeko, 1895/04/02eko legearen onurak jaso ahal izateko:

    Jaun agurgarria: erregeak (jaungoikoak Gorde Dezala), eta bere izenean Erresumako Erregina Erregeordeak, azken gerra zibilean benetako erregearen eta nazioaren eskubideak armaz defendatu zituzten boluntario euskaldunen zerrendak Madrilgo Gazetan argitaratzea erabaki du, azken apirilaren 2ko legearen ondorioetarako.

    Hurrengo egunetan (1896/03/17-1896/06/03) argitaratu zituzten herriz herriko zerrendak. Eta ostean (1896/06/19), bakarrik Soraluzen 39 izen zuzendu behar izan zituzten.

    1902/06/19. Zerrendak osatzeko agindua

    Gaceta de Madrid, 170 zbk. 1.198.-1.199. orrialdeak. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Aurretik hainbat laguni zerrendetan egoteko eskubidea ukatu zioten. Manuel Carreras izeneko batek sartzeko eskatu zuen, eta azkenean lortu. Epaitegietara antzeko kasurik banan banan ez heltzeko, erret agindua argitaratu zuten, sei hilabeteko epean denak batera aurkezteko.

    Aukera honetaz gehien baliatu zirenak soraluzetarrak izan ziren: egun bakar batean (1903/04/16) izen kopurua ia bikoiztu egin zen.

    Eta hortik aurrera, noiz ipinian izen solteak gehitzen zituzten, edota zuzenketak egiten zituzten.


    Boluntario liberalen Soraluzeko zerrenda

    Gaceta de Madrid-en argitaratutako zerrenda hauei esker liberal soraluzetarren izen asko ezagutzen dugu. Den-denak ez daude (hil zirelako, semerik ez zutelako, ordurako herritik alde egin zutelako...) baina ia ehun eta berrogeitamar izenek osatzen dute zerrenda.

    1896/03/22. Hasierako zerrenda

    Gaceta de Madrid, 82 zbk. 980.-981. orrialdeak. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Hasierako zerrenda honetan 96 izen agertzen dira, denak Askatasunaren boluntarioarenak. Abizen bakarra dutenez, kasu askotan zaila edo ezinezkoa da datu gehiago bilatzea.

    1896/06/19. Zuzenketak

    Gaceta de Madrid, 171 zbk. 915.-918. orrialdeak. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Ehundaka gipuzkoarren izen eta abizen zuzenketa, tartean 39 soraluzetarrenak.

    1903/04/16. Beste 76 izen berri

    Gaceta de Madrid, 106 zbk. 197. orrialdea. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    1902/06/19ko aginduak ahalbidetzen aukeraz baliatuz, Soraluzeko beste 76 izen erantsi zituzten, horietako 54 Askatasunaren boluntarioak, eta beste 22 Donostiako Erbesteratuen Batailoiarenak. Kasu honetan izena eta bi abizenekin agertzen dira, datu bilaketa errazten.

    1903/08/11. Lagun berria eta zuzenketa

    Gaceta de Madrid, 223 zbk. 1.898. orrialdea. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Ambrosio Orueta Unamuno gehitu zuten zerrendara, eta Tomás Oregui Arrietaren datuak zuzendu.

    1903/12/03. Zuzenketa

    Gaceta de Madrid, 337 zbk. 821. orrialdea. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Data honetan lagun baten izen-abizenak zuzendu zituzten: Francisco Lacuesta y Rubio.

    1910/04/28. Lagun berria

    Gaceta de Madrid, 118 zbk. 193.-194. orrialdeak. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Eusebio Eguren Arroyabe gehitzen da Soraluzeko liberalen zerrendara.


    1873/09/03. Beste liberal bat, baina Valentzian

    Gaceta de Madrid, 246 zbk. 1.588.-1.592. orrialdeak. Jatorrizkoa ikusteko, sakatu hemen.

    Aurrekoez gain, beste soraluzetar batzuk ere aritu ziren liberalen alde. Jesusa Yturriaga Unamuno soraluzetarra (1844/01/14) Pascual Serra Fernández (1843) armaginarekin Soraluzen ezkondu zen (1861/05/14). Hamar urte geroago, Valentzia inguruan ari ziren, gizona "primer batallón franco de la República"ren armagilea izan zela[5].

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Erreferentziak

    1. Askatasunaren Boluntarioak.
    2. Erbesteratuen Batailoia.
    3. Inguruko Askatasunaren boluntarioen kopurua: Eibar (843), Bergara (237), Arrasate (70), Aretxabaleta (30), Oñati (85), Deba (59), Mutriku (45). Honetaz gain, Eibarko beste 300 izen agertzen dira Erbesteratuen Batailoian.
    4. Sistema honen bidez, probintzia bakoitzak kopuru jakin bat esleituta zuen, eta urtero zozketa egiten zen gazte guztien artean, kupoa bete arte. Gutxi gorabehera bostetik batek soldadu joan behar zuenez, "quinto" esaten zitzaion sistemari. Hori bai, inork nahi ez bazuen soldadutzara joan behar, libratzea zeukan diru polit bat ordainduta. Aberatsak libratzen ziren, eta beren tokiak pobreek bete behar!
    5. Izenak Maria Jesús y Zuriaga eta Pascual de la Serra agertzen dira.