Eskribauak (eu)

    Sorapediatik

    Eskribauak

    Eskribauak, herri funtzionarioak ziren, gaur eguneko notarioen antzekoak. Bi aldeen arteko itunak, salmentak, akordioak, betebeharrak... eskrituretan (= idazkiak) jasotzen zituzten, eta beraien sinadura egiaren ikurra zen. Inoiz udalaren erabakiak ere jasotzen zituzten, idazkaririk ez zenean.

    Izena eskribaua edota erret eskribaua izaten zen, erregearen baimena edo izendapena behar zutelako. Honetaz gain, eskribau kopurua legez mugatua zuten herrietan zenbaki-eskribauak[1] esaten zitzaien. Eskribau hauek herriko monopolioa zuten; hau da, kanpoko eskribauek ezin zuten herri hartan lanik egin. Alderantziz bai, erret eskribauek Gaztelako erresumako beste edozein herritan egin zezakeen bere lana... herri hartan zenbaki-eskribaurik ez bazen behintzat!


    Soraluzeko eskribauak

    Soraluzeren eskribauak egon ziren Ertarotik 1848 urtean Notaritzaren berrantolaketa ezarri zen arte, eskribauak desagertuz. Dena dela, gordetzen den agiri zaharrena 1509 urtekoa da, aurrekoak Eibarko bombardaketan (1937) erre ziren eta.

    Soraluzeko eskribau gehienak erret zenbaki-eskribauak izaten ziren (real y del número).

    Garai batean oso ohikoa zen herrian bi eskribau izatea[2]. Baina 1748.ean Gipuzkoako eskribau kopurua murriztu zuten eta kokapenak zehaztu; Soraluze eskribau bakarrarekin geratu zen.

    Gaur eguneko notarioen moduan, eskribau lana oso maila altukoa zen. Zerrenda aztertzerakoan abizen batzuk behin eta berriz agertzen dira (Irure, Iraola, Hernizketa, Larreategi...), herriko famili aberatsenak garai batean. Juan García de Uribarri merkatari arrasatear aberatsa ere Soraluzeko alkatea eta eskribaua izan zen.


    Eskribauen zerrenda

    Oharra: Egiaztatutako urte epeak agertzen dira. Baliteke aurretik edota ostean ere aritu izana.
    Epea Izena
    1481-1499 Joan Lopes de Espilla/ Juan Lopes d’Espyla
    1499- Sancho García de Yrure
    1505-1522 Martín Ybannes de Irure
    15xx-1525 Anton Ibañez de Espilla
    1509-1525 Andrés Ibáñez de Irure
    1522-1541 Martín Martínez de Irure
    1527-1554 Juan Gartzía de Uribarri
    1537-1553 Juan Ibáñez de Irure
    1541-15xx Pedro Pérez de Arreguia
    1542-1581 Francisco de Irure
    1553-1580 Juan de Churruca
    1573-1577 Juan de Arostegui
    1580-1604 Martín de Irure
    1559-1619 Martín de Iraola
    15xx-15xx Domingo de Loyola
    1582-1609 Juan de Armendia
    1590-1611 Lucas de Iraola
    1597-1634 Pedro de Iraola
    1629-1672 Juan de Hernizqueta
    1639-1649 Ascensio de Mallagaray
    1666-1683 Francisco de Hernizqueta
    1676-1708 Domingo de Solagüen
    1682-1722 Ignacio de Hernizqueta
    1694-1700 José Antonio de Arbe
    1738-1751 Juan Francisco de Gorbea Angulo
    1744-1764 Agustín de Azcarate
    1747-1755 José Ignacio de Ibarrolaburu
    1764-1818 Manuel Antonio de Larreategui
    1818-1826 Ramón de Larreategui
    1827-1845 José de Aguirrebeña
    1845-1850 Martín de Altolaguirre
    1848-1862 Manuel de Arrate


    Soraluzeko notarioa

    1848 urtean Notaritzaren berrantolaketa ezarri zen Espainian, eta poliki-poliki eskribauak desagertzen joan ziren.

    Soraluzen kasuan, 1862 urtean Manuel de Arrate jaunak eskribaua izateari utzi zion, eta hurrengo urteetan (1863-1876) Soraluzeko notarioa izan zen. Legeak aldatuta, bigarren karlistada bukatu zenetik herriak ez du notariorik izan.


    Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa

    Gaur egun, eskribau guzti hauen erregistroak Oñatin daude, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan.

    Alde batetik eskribau bakoitzeko agiriak daude, baina bestetik 1768 urtetik aurrera hipoteka guztiak herrika bilduta daude. Soraluzeri dagokionez, hipoteka-kontularitzako hiru liburu daude: 1768-1805, 1805-1840 eta 1840-1845.

    Agiri hauetako asko eta asko digitalizatuta daude[3].


    Erreferentziak

    1. Escribano del numero.
    2. Esateko, 1513. urtean Udalak orubeak banatu zituenean, bi eskribau ziren herrian (Andrés de Yrure eta Martín Yvannes de Yrure) eta bakoitzak bestearen eskaera errejistratu zuen.
    3. Soraluzeko Hipoteken Kontularitza (1768-1845).