Deba ibaia. Eraldaketa fisikoa (eu)
Mendeetan zehar, Deba ibaia asko aldatu da gizakien eraginez. Alde batetik eraldaketa fisikoa dago, eta bestetik uren kutsadura.
Eraldaketa fisikoaren eragina
Sasoi batean Deba ibaia ibai libre zen, inguruko geografiari forma eman ziona: bailara bera sortu, ibaiaren bidea egin, ertzak jan, hondartzak sortu, ur-sakonak eta ibiak sortu...
Baina gizakiak ibaiaren ingurune fisikoa eraldatu du, eta nolabait murriztu du: uren abiada mantsotu du presak sortuz, uren ibilbidea zuzendu du hormen bidez... Eta inoiz, ufalen bidez, ibaiak hauen kontra egin badu ere, ostean gizakiak aurreko murrizketak mantendu ditu.
Eraldaketa horiek oso antzinakoak dira ere, baina batez ere XVIII mendetik aurrera eman ziren. Ibaiaren ibilgu naturala apurtzerakoan, arrain espezie askok ibaian gora eta behera mugitzeko oztopoak daukate. Gainera, ura mantsotuz arrainen bizirauteko baldintzak zeharo aldatu dira, ur lasterretakoak eta ur geldotakoak ez dira arrain espezie berberak eta.
Eta ibaiertzak ormatzerakoan, batez ere XX mendean, landare esko desagertzeaz gain bertan gordetzen ziren animaliei ere eragin zien, ekosistema eraldatuz.
Eraldaketa historikoa
XVI mendetik aurrera hasi zen nabarmentzen ibaiaren eraldaketa fisikoa, gero eta gehiago:
- XVI mendean Ibiazabaleko zubia egin zuten.
- XVI-XVII mendeetan Ibaizabaleko presa, ubidea eta errota.
- XVII-XVIII mendean Olabarrenako presa, ubidea eta ola bera.
- Urte guzti hauetan ibaiaren bi ertzetan etxeak egin ziren, asko eta asko uretaraino heltzen. Eta etxeak ez baziren, askotan hormak altzatzen ziren lur esparru lauak lortzeko.
- XVIII-XIX mendeetan Maltzagako bide berria zabaldu zen, horretarako mendiari eta ibaiari lekua hartuz. Horretarako Osintxutik Maltzagaraino ezkerreko ibaiertza hormatu zuten.
- XIX mende bukaeran trenbidea zabaldu zuten, eta Osintxu-Soraluze tartean hainbat tokitan ibaiaren albotik doa, ibaiertza hormatu zutela.
XX mendeko eraldaketa
XX mende hasieran eraldaketa hau azeleratu egin zen:
- Beste bi zubi egin ziren, Santa Ana eta Gabolatsekoak.
- Presa eta ubide berriak ere eraiki ziren: Alberdi, Orbea eta Maltzagakoa. Ubideak, kasu batzuetan, oso luzeak ziren.
- SAPAko Fabrika berria egiterakoan Gabolatsetik Olabarrenaraino ibaiertza hormatu zuten.
Eta, XX mendearen bigarren erdialdean ibaia ia zeharo desitxuratu zuten:
- Ibaiaren eskumako ertzean hainbat poligono/ lantegi berriak eraiki ziren (Mendizabal, Ansola, Gabilondo). Ondorioz, eskumako ibaiertz ia osoa hormatuta dago. Poligonoetara pasatzeko zubi bana egin ziren.
- Maltzaga-Gasteiz autopistako zubiak egin ziren (Larreategikoak) eta Oleako zubi berria.
- Bi ibaiertzetan ur-zikinen kolektoreak sartu zituzten. Ezkerrekoa Soraluzeko hiri-kasko osoan, Txurruken auzunetik Olabarrenaraino; eta eskumakoa Santa Ana zubitik Maltzagaraino.
Beste aldetik, Maltzagako presa eta bere erretena desagertu dira. Orbeako presa ere, baina erretenaren zati batzuk oraindik bertan daude.
Aranzadi Elkarteak 2002 urtean argitaratutako azterketan 1988 eta 2001 artean Gipuzkoako ibaien ur-kalitatea izandako bilakaera landu zuen[1]. Azterketaren azken paragrafoan esaten denez:
- Gure ibaiak gordetzeak eta, batez ere, berreskuratzeak ur-ingurua gordetzea eta berreskuratzea suposatzen badu ere, ez da ahaztu behar lur-ingurua (ibaiertzak eta arroak) ere gorde eta berreskuratu behar dela eta, beraz, azken urteetan egiten ari diren ibaien bideratze lanak eta uholde-ibarretako jokaera ez-egokiak ez datozela bat ibai-ekosistemen dinamikaren modelo naturalekin.
Gaur egungo egoera
Deba ibaiaren ingurunea gizakiak egindako lanek desitxuratuta dago:
- 11 zubi daude: Mendizabal, Olea, Santa Ana, zubi nagusia, Gabolats, Mendiola, Larreategi (bi), Ansola, Aginaga (bi).
- Hiru presa geratzen dira: Alberdi, Malmero eta Olabarrena.
- Ezkerreko ibaiertza hormatuta dago, osorik, Osintxutik Maltzagaraino.
- Eskumako ibaiertza ere gehien bat hormatuta dago; badaude zati gutxi batzuk oraindik hormatu gabekoak.
- Ibaiaren hondoa oso kutsatuta dago: metal astunak, buztin zikinak...
Etorkizuna
URAk[2] ibaietako presak kentzeko asmoa agertu izan du, tartean Soraluzekoak.
Bi aldiz penagarria izango litzateke. Alde batetik, Soraluzeren historia industrialaren aztarnak galduko liratekela (XVI mendekoa Ibaizabalekoa, eta XVII mendekoa Olabarrenakoa). Eta bestetik, Ibaizabal inguruan dagoen ur-azalera desagertzen bada herriak askoz estuago eta pobreago emango lukelako.
Ibaiaren hondoa inoiz garbitzea posible ikusten da, baina gainontzekoak kentzea (zubiak, ibaiertzetako hormak) ia ezinezkoa dela ematen du.
Erreferentziak
- ↑ Variación de la calidad de las aguas de los ríos gipuzkoanos al cabo de veinte años (1981-2001). Imanol Arluziaga (Munibe, Ciencias Naturales-Natur Zientziak. 53 zbk., 39-56 orrialdeak, 2002).
- ↑ URA. Uraren Euskal Agentzia.