Carte Generale d'Espagne et de tous les Royaumes (eu)
Carte Generale d'Espagne et de tous les Royaumes | |
---|---|
Egilea | Nicolas Sanson |
Urtea | 1658 |
Hiria | Paris |
Tamaina | 53.8 x 39.7 zm |
Mapa zertan den
Nicolas Sanson (1600-67) oso kartografo ona izan zen, Frantziako Geografia Eskolaren sortzailea eta Luis XIIIaren maisua. Hil zenean, hiru semeek gidatu zuten enpresa, eta gero iloba.
1658 urtean, Melchior Tavernier-ren laguntzaz, Cartes générales de toutes les parties du monde (Munduko alde guztien mapa orokorrak) argitaratu zuen Parisen. Bertan dago lamina hau, eta erresuma ertzak eskuz margotuta daude.
1665. urtean bertsio berria argitaratu zuen: L'Espagne divisé en tous ses Royaumes et Principautés suiuant qu'ils sont compris sous les Couronnes de Castille et d'Aragon, posedées par le Roy Catholique, et la Couronne de Portugal, posedée par le Roy de Portugal[1].
Soraluzeri buruzkoak
Gipuzkoan Tolosa eta Donostia nabarmenduta daude. Soraluze ez da bereizten gainontzeko herrien artean.
Debarroan Gatzaga, Arrasate, Soraluze eta Deba bera agertzen dira.
Bitxikeriak
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia elkarrekin agertzen dira, erresuma osatzen. Bizkaiak Kantabria erdia hartzen du, Santanderreraino. Haruntzago, bi Asturiak: Santillanako Asturia eta Oviedoko Asturia.
1665.eko bertsioan hiru probintziei Errioxa batu zieten. Arabako Sonsierra bereiztuta dago.
Erreferentziak
- ↑ Espainia bere erresuma eta printzerritan bereiztuta, Gaztela zein Aragoiko koroen azpikoak, Errege Katolikoarenak direnak, eta Portugaleko koroa, Portugaleko Erregearena.