Bernardo de Elzaurdi (eu)

    Sorapediatik

    XVIII. mende bukaeran Bernardo de Elzaurdi harakinak eta Soraluzeko Udalak auziak izan zituzten, Bernardo eta alaba udal dantzaldi esklusibora sartzeagatik.


    Bernardo de Elzaurdi Ardoi

    Lapurdiko Kanbon jaioa, 1748.erako Soraluzen zegoen eta berrogei urte geroago (1788) bertan hil zen. Francisca bere arreba ere Soraluzen hil zen, bi urte geroago (1790). Ez dakigu anai-arrebak elkarrekin etorri ziren Soraluzera, ala batek bestea ekarri zuen.

    Harakina zen ofizioz, eta 1750.ean herriko okel horniketaren arduraduna zen… baina ez guztion gustokoa[1].

    Bernardo Josepha Antonia Larralde Siegarekin ezkondu zen, agian Kanbon bertan[2], eta Soraluzen hamaika seme alaba izan zituzten: Juaquina (1748), Manuel Antonio (1750), Maria Magdalena (1752), Joseph Juaquin (1754), Rita Bernardina (1756), Ygnacio (1758), Sebastiana Ynes (1760), Manuel Esteban (1761), Maria Laurenza (1763), Andres Ygnacio (1765) eta Maria Ysabel (1768).


    Udal dantzaldia

    1779. urtean Soraluzeko Udalak dantzaldia antolatu zuen, udalkide eta goi mailako herritarrentzat gordeta.

    Bernardo de Elzaurdi eta alaba, 23 urtetako Rita Bernardina, bertan agertu ziren, baina handik egotzi zituzten, maila ez zegokielako. Gainera, Jose Ignacio de Iraola alkateak auzia zabaldu zien[3].

    Bernardo ez zen konforme geratu, eta berak ere Soraluzeko alkateari auzia jarri zion, dantzaldi haiek harakineei debekatzea zuzena ez zelakoan[4].

    Harakinek ez omen zuten ospe handirik sasoi hartan: hiru urte geroago (1792) neska gazte baten familia harakin batekin haren ezkontza oztopatzen saiatu zen[5].


    Liskarraren eraginak

    Kaparetasuna

    Agian gertakari honengatik, 1778. urte hartan bertan Bernardok bere kaparetasuna onartzeko eskatu zion Soraluzeko Udalari[6][7].

    Itxura guztien arabera, kaparetasuna onartu zioten, eta 1807. urtean Agustín eta Juan Antonio de Elzaurdi Sarasqueta bilobek Soraluzeko Udalari La Coruñatik eskatu zioten kaparetasuna aitortzeko[8].

    Semea udalkide

    Agustin eta Juan Antonioren aita (eta Bernardoren semea), Josef Juaquin de Elzaurdi Larralde, armagilea izan zen: maisu asentista eta kutxagilea.

    Honetaz gain, eta agian aitak Udalarekin izandako liskarrengatik, 1785. urtean udalkide aukeratu zuten, milarista ez zirenen ordezkari[9].


    Erreferentziak

    1. Pedimento de Juan Bautista de Anguiz y José de Aranguren contra Bernardo de Elzaurdi, sobre el abasto de la carne de dicha villa (Gipuzkoako Artxibo Orokorra).
    2. Gipuzkoako agirietan ez da agertzen Josepha Antoniaren bataio agiririk, ez eta bion ezkontzarena ere.
    3. Pleito de José Ignacio Izaola, vecino de Placencia (Guipúzcoa), contra Bernardo de Elzaurdi y su hija Rita por haberse introducido en un baile organizado para el regimiento y los habitantes más distinguidos de dicha villa (Archivo de la Real Chancillería de Valladolid, 1779).
    4. Bernardo de Elzaurdi, contra José Ignacio de Iraola, alcalde, vecinos de Soraluze-Placencia de Las Armas, sobre la injusticia de mandar salir de la danza pública a él y a su hija porque los carniceros y sus familias no debían ser admitidos en iguales danzas (Gipuzkoako Artxibo Orokorra 1779).
    5. Pedimiento de exhorto de Juan Ignacio de Aranguren y María Antonia de Eguren, su mujer, y Vicente de Mugica y María Concepción de Múgica, hermanos, vecinos de la villa de Placencia, contra el cura párroco de la villa, para que no case a María Jesús de Eguren Mugica con Juan Ventura de Salazar, carnicero (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1792/07/31).
    6. Autos de filiación y limpieza de sangre de Bernardo de Elzaurdi, residente en la villa de Placencia, natural y vecino del lugar de Cambó, provincia de Labort, en el reino de Francia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1779/08/13).
    7. Autos de filiación de Bernardo de Elzaurdi, residente en la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1779/10/30).
    8. Pleito de hidalguía de Agustín y Juan Antonio de Elzaurdi Sarasqueta, hermanos, naturales de la villa de Placencia y residentes en la ciudad de La Coruña, contra el concejo de la dicha villa (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1807/09/15).
    9. Declaración judicial de José Joaquín de Elzaurdi, diputado del común y maestro asentista de las Reales Fábricas de Armas y gremio de cajeros de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1785/09/29).