Askabeitia (eu)

    Sorapediatik
    (Askabeitti (eu)(e)tik birzuzenduta)

    Askabeittia ere soraluzetar askorentzat. Mendigainen bidean dagoen pagadi eder honetara jende asko biltzen zen sasoi batean, egun pasa, batez ere uda partean.

    Inguruko lursaila, Askabeitia izenekoa, 2019/05/24an Soraluzeko Udalak erostea erabaki zuen, 7.344 eurotan. Lursailak 20.400 m2-ko azalera dauka[1]


    Kokapena

    San Andres pasa eta gero, lehengo bide zaharretik hartu behar da, Ipiñarrieta baserrira. Handik gora segi behar da beste 800 bat metro, Askabeitira heltzeko.

    Bada bigarren bide bat, Urkiazelaitik abiatzen dena. Mendigainerako bidea hartu beharrean, eskuman dagoen beste bat hartu behar da; gorakoa hau ere, baina bestea baino baxuagoa. 700 bat metrotara Askabeitiko iturrira helduko gara, eta 100 metro harutzago Askabeitia dago.

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Parajea

    Pagadi zaharra dago bertan, leku oso lauan (Soraluzeko izateko, behintzat). Eta zuhaitz batetik bestera toki nahikoa lasai egoteko, pagoen kerizpean. Gainera, etze batean, arroka batzuren azpian, kobazulo modukoa dago, umeen jolasgarri.

    Mende hasieratik, eta gerra ostean batez ere, soraluzetar asko igotzen zen Askabeitira egun pasa: aurretik Mendigaineko buelta egin, bazkaldu Askabeitian eta, bazkalostea bertan egin ondoren, iluntzean etxera.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)


    Iturria

    Tokia oso ederra da baina, ezer faltatzekotan, ura zen. Horregatik mendizaleek eraiki zuten iturria, Korta baserriaren lurretan, Askabeititik ehun bat metrotara.

    1952. urteko maiatzaren 22an Soraluzeko Kirol Bazkunak inauguratu zuen Askabeitiko iturria, Felix Abarrategi lehendakaria zela. Amapontekoa Heraklia Maiztegi Mujika izan zen, eta Don Migel Goikoetxea herriko parrokoak iturria bedeinkatu zuen.

    Askabeitiko ingurua leku ederra zen orduan, eta uda partean herritar asko joaten zen jan-edanak hartu eta eguna bertan pasatzera.

    Iturria zahartuta eta egoera txarrean zela eta, 2016 urtean Soraluzeko Udalak, bolondresen laguntzaz, zaharberritu zuen: inguruko sasiak kentzeaz gain, iturria bera konpondu eta margotu zuten.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)


    Bertan beherakoa

    1970 hamarkadan Askabeitiaren gainbehera hasi zen.

    Alde batetik, lagun talde batek Urkiazelaiko txabola alokatu zien Izarrekoei eta, ostean, familia haiek laga zien Askabeitira joateari. Honetaz gain, ibilgailuak orokortu zirenean mendira beharrean jende asko hondartzara hasi zen.

    Eta, azkenik, Kortazarreko errepikagailurako pista (eta errepidea gero) zabaldu zutenean Urkiazelaira aldatu zuten gehienek, errepidea albotik pasatzen zen eta.


    Erreferentziak

    1. Lursail berrien erosketa. Soraluzeko Udala (2019).