Antonio Turkua (eu)

    Sorapediatik
    Antonio Plazaola Mujika
    Turkua
    Antonio Plazaola Turkua. Gurdiaz (Julen Zabaleta).jpg
    Jaio Eskoriatza, 1887/06/25
    Hil Soraluze, 1969/11/08
    Profila Garraiolaria


    Antonio Plazaola Mujika, Turkua goitizenez, pertsonaia ospetsua izan zen ez bakarrik Soraluzen, baita Eibarren ere. Ospe horren lagun izan ziren, alde batetik, bi herrien artean egiten zuen lana: karreterua; eta bestetik, umeei bere izena aipatze hutsak sortzen zuen ikara eta beti laguntzeko prest egoteko izaera.


    Janzkera

    Garai hartako langileek ohi zuten bezala janzten zen beti: atorra zuria eta mantala (batzuetan gris kolorekoa, egurrarekin lan egiten zutenen antzera; edota itsas-urdina, leuntzaileen erara) eta buruan txapel beltza, txapelaren azpitik ezinbestean xerloa bistan.

    Abarketa beltzak edo urdinak ere maiz erabiltzen ziren; igandetan zuriak ordea, eta eguraldi txarra egiten zuenean, zurezko eskalapoiak, punta larruz estalitakoak[1].


    Hasierak

    Antonio Plazaola Soraluzetik Bergarara jendea eraman-ekarrian hasi zen diligentzia antzeko gurdi estali batekin; gurdiak alboetan, luzetara, eserleku batzuk zituen. Bere geltokira iristen zenean edota ibilbidean egiten zuen edozein geldialdietan, Turkuak eskailera bat jartzen zuen bidaiariei jaisten edo igotzen laguntzeko.


    Garraiolaria

    Baina Plazaola ezagunagoa zen Eibar eta Soraluzen montatzen zituzten arma-garraiolari gisa. Antonio Plazaola 82 urtez hil zenean, Ramiro Larrañagak artikulu bat eskaini zion Eibar aldizkarian, eta horretan adierazten zuenez Plazaolak bi errekor zituen: bata, pertsona zibila izanik (eta ez militarra) herri batetik bestera arma gehien garraiatu duena izatea, eta bestea, Soraluzetik Eibarrera eta alderantziko ibilbidea gehienetan egin duena izatea.

    Antonio Plazaola garraiolaria, Eibarren zein Soraluzen, tailer handienetara joaten zen bere diligentziarekin eskopeta kanoien txortak edo baskulaz betetako kaxak edota armen edozein pieza hartu eta bestelako merkantzia pilarekin batera garraiatzeko. Tailer txikietako errekadistak edo mutilak edo granujak puntual joaten ziren Plazaolaren irteerara beren enkarguak ematera.

    Batzuetan ahozko mezuak baino ez ziren, eta ohiz honela hasten ziren esaldiak izaten ziren: esaixok hari..., ondoren enkargua emateko.

    Antonio Plazaolak gidatzen zuen bi zaldiz tiratutako burdia, paketez, eskopetaz, pistolaz eta horien piezaz beteta joaten zena, oso ezaguna zen egunero egiten zuen Soraluze-Eibar-Soraluze ibilbide osoan zehar. Lotura eginkizun garrantzitsua bete zuen urte askotan, armen piezak egiten zituzten enpresen artean edota horiek muntatzen zituztenen artean. Enpresa batzuekin enkargu erregularrak zituenez, 1930ean hainbesteko bat ordaintzen zioten hilean, 5 pezetakoa.


    Azken urteak

    Turkuak ere egokitzeko abilezia handia erakutsi zuen, zeren ibilgailu motordunak hasi zirenean, berrogeita hamarreko hamarraldiaren inguruan, lehenetakoa izan zen animaliaz tiratutako gurdia aldatzen. Egoera xelebre askotan izan zen partaide, jada aldatuz eta gutxituz zihoazen bizitzeko eta lan egiteko moduen isla.


    Umeentzat erreferentea

    Munduan kultura askotan izan dituzte mito eta pertsonaia batzuk (errai-ateratzailea, hamalau zakua, eta abar) gurasoek beren umeak ikaratzeko erabili dituztenak. Soraluzen era bazen holako gizon beldurgarririk: Turkua. Gizon horrek bere borondate osoz bete zuen paper hori, iragan mendeko berrogeita hamarreko hamarraldiaren erdialderaino. Bere irudi beldurgarria indartzen zuen, gainera, agintzen zizkioten paketeak eramateko ohiz sorbalda gainean erabiltzen zuen zakua.

    Ohiz, umeren batek bere gurasoek esandakoa betetzen ez zuenean edota platerean jarritakoa jaten ez zuenean, gurasoek Turkuari esango ziotenaren mehatxua egiten zioten umeari. Berak gaizto itxura hori emateko ahaleginak egiten zituen gainera, eta kalean zeharkatzerakoan umeak harrapatzeko keinuak egiten zituen. Ezagutu zutenek edota bere berri izan zutenek bat datoz Turkuaren nortasuna goraipatzean.


    Erreferentziak

    1. Euria ustekabean hasten zenean, emakumeak fabriketara joaten ziren beren familiakoei eskalapoiak eramatera. Asturias edo Galiziako “almadraña” delakoak eta eskalapoiak antzekoak badira ere, eskalapoiek ez dute “almadraña” asturiarren hiru irtenguneak azpian; eskalapoiak erabat lauak dira.