Agiri sakramentalak (eu)

    Sorapediatik

    Eliz agiri sakramentalak

    XV. mende bukaeran parroki batzuetan bataioak, ezkontzak eta heriotzak errejistratzen hasi ziren. Ordutik aurrera, gero eta herri gehiagotara zabaldu zen ohitura hau, Trentoko Kontzilio Ekumenikoak (1545-1563) ofizial bihurtu artean.

    XXIV. bilkuran, 1563ko azaroaren 11n, erabaki zuten parrokia bakoitzean bataiatutakoen eta ezkontzen erregistro bat eraman beharko zela aurrerantzean. Handik hainbat urtera, eremu katoliko osoan heriotzak erregistratzeko betebeharra ofizializatu zen, 1614ko Rituale Romanum delakoaren bidez.

    Errejistro Zibila sortu arte (1871), jaiotzei, ezkontzei eta heriotzei buruzko dagoen informazio osoena elizako agiri sakramentaletan gordetzen da.


    Soraluzeko liburuak

    Soraluzen ere bataio, ezkontza eta heriotza liburuak erabili izan dira (eta erabiltzen ari dira).

    1900. urte baino zaharragoak Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan gordetzen dira, eta datuak eskuragarri dira Interneten bidez[1]

    Bataio agiriak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1900. urtera arte Soraluzen 16 bataio liburu erabili izan dira. Gordetzen den zaharrena Trentoko erabakia baino zaharragoa da. Gordetzen den lehen errejistroa 1539/12/02 egunekoa da, Andres Espillari dagokiona; aitak ere Andres Espilla zuen izena, eta ama Maria zen (ez zen abizena errejistratu). Gipuzkoan, aldiz, Antzuolako Maria Madariaga izan zen lehena (1498/09/02).

    1539-1900 tartean Soraluzen 18.075 bataio errejistratu dira guztira.

    Ezkontza agiriak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1900. urtera arte Soraluzen 6 ezkontza liburu erabili izan dira. Gordetzen den zaharrena Trentoko erabakiaren ostekoa da, eta lehen errejistroa 1587/02/08 egunekoa, Sebastian Ybarra Mendiola eta Ysabela Olariagaren ezkontzari dagokiona. Gipuzkoan, aldiz, Antzuolako Juan Marutegui eta Gracia Madariaga ezkondu zirenekoa da (1501).

    1587-1900 tartean Soraluzen 3.791 ezkontza errejistratu dira guztira.

    Heriotza agiriak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1900. urtera arte Soraluzen 7 heriotza liburu erabili izan dira. Gordetzen den zaharrena Trentoko erabakiaren ostekoa da, eta lehen errejistroa 1573/11/12 egunekoa, Joan Ybanes Yrure dagokiona. Bada urte bereko beste errejistro bat, data gabekoa, Maria de Farin "alias de Bilbao" andreari dagokiona. Gipuzkoan, aldiz, Antzuolako Antonio izeneko batekoa da (1500/11/29).

    1573-1900 tartean Soraluzen 11.010 heriotza errejistratu dira guztira.

    Galdutako liburuak

    Soraluzen gordetzen diren liburuak oso data desberdinetan hasten dira: 1539 (bataio liburua), 1587 (ezkontza liburua) eta 1573 (heriotz liburua).

    Hainbat parrokiatan liburu hauek Trentoko Kontzilioa baino lehenago hasi ziren erabiltzen (bataio liburua Soraluzen, esateko). Gainera, gertuen ezagutzen dugun kasuan oso batera (Antzuola 1498, 1501, 1500).

    Pentsatzekoa da Soraluzen ere hiru liburuak urte beretsuetan hasiko ziren erabiltzen. Hala balitz, gaur egun gordetzen diren ezkontza eta heriotza liburu zaharrenak ez ziren lehenak izango, eta lehen bataio liburuaren garaiko beste batzuk egongo ziren, gaur egun galduak. Eta akaso beste bataio liburu zaharragoa ere izango zen.


    Datuak

    Gorago jaso denez, Soraluzen gordetzen diren agiri sakramentalen arabera, 1900. urte artean 18.075 bataio, 3.791 ezkontza eta 11.010 heriotza errejistratu dira guztira.

    Epea Bataioak Ezkontzak Heriotzak
    1531-1540 30 0 0
    1541-1550 282 0 4
    1551-1560 133 0 2
    1561-1570 161 0 3
    1571-1580 304 0 124
    1581-1590 352 31 111
    1591-1600 349 57 224
    1601-1610 384 66 111
    1611-1620 331 55 88
    1621-1630 316 58 163
    1631-1640 302 90 160
    1641-1650 322 65 133
    1651-1660 313 73 167
    1661-1670 403 102 181
    1671-1680 319 69 161
    1681-1690 361 58 155
    1691-1700 499 107 218
    1701-1710 663 119 161
    1711-1720 545 98 248
    1721-1730 508 94 366
    1731-1740 531 126 489
    1741-1750 604 164 471
    1751-1760 549 108 515
    1761-1770 598 120 449
    1771-1780 691 197 467
    1781-1790 789 157 441
    1791-1800 686 149 483
    1801-1810 718 163 537
    1811-1820 542 132 319
    1821-1830 646 175 390
    1831-1840 692 157 449
    1841-1850 626 166 398
    1851-1860 713 224 590
    1861-1870 893 219 682
    1871-1880 607 110 540
    1881-1890 587 138 457
    1891-1900 726 144 553
    Guztira 18.075 3.791 11.010


    Erregistro Zibila

    Aro Moderno osoan (XVI-XVIII) herrialde katolikoetan eliza (parrokiak) izan zen errejistro "unibertsalak" gordetzen zituen eite bakarra. Sistemak ez zituen hartzen katolikoak ez zirenak (protestanteak, judutarrak…) Estatuek, bere aldetik, zergapekoak zituzten erroldatuak: familia-buruak, merkatariak, enpresa gizonak… Baina ez zuten interes berezirik biztanleak banan banan kontrolatzen.

    Baina Frantziako Iraultzak hiritarrak (citoyen, citoyenne) jarri zituen estatuaren jardunaren erdian, eta eliza katolikoaren gehiegizko eragina murriztu nahi zuen. Besteak beste, Frantziako Errejistro Zibila sortu zuen jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak kontrolatzeko.

    Ia berrogei urte geroago (1840/01/01) Espainiak bere Errejistro Zibila sortu zuen, baina bakarrik hiriburutan eta herri handienetan. Hogetamar urte geroago (1881/01/01) udalerri guztietara zabaldu zen, tartean Soraluze.

    Lehen urteak gorabeheratsuak izan baziren ere (karlistadetan hainbat herrietako Errejistro Zibilak eten eta agiriak erre zituzten), ordutik hona bertan jasotzen da informazio osoa: jaiotza, gurasoak, izen-abizenak eta aldaketak, emanzipazioa… ezkontza(k) eta heriotza.


    Erreferentziak

    1. Sakramentu agiri artean bilatu. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa (mendezmende.org).