1934.eko Iraultza (eu)

    Sorapediatik

    Urriko Iraultza (1934)

    1934ko Iraultza edo Urriko Iraultza sasoi horretan Espainiako hainbat eskualdetan izandako altxamendua izan zen, Espainiako Bigarren Errepublikako zentro eta eskuineko agintarien aurka, sozialistak, komunistak eta anarkistak elkarturik. Asturiasen izan zuen eragin handiena, baina Katalunian eta Euskadin[1] ere eragin nabarmena izan zuen.

    Gobernuak marokoar tropak eta Legioa bidali zituen Francisco Francoren zuzendaritzapean. Hildako asko egon ziren, errepresio oso gogorra izan baitzen: fusilatuak, torturatuak, kartzelaratuak... langile buru askori heriotza zigorra ezarri zitzaien, baina Alcalá-Zamorak konmutatu zituen.


    Iraultza Gipuzkoan

    Gipuzkoan urriaren 5ean, ostirala, greba orokor iraultzailea aldarrikatu eta herri garrantzitsuenetan lanuztea erabatekoa izan zen. Indarkeriazko istilu (indar publikoaren aurkako tiroketak, piketeak, poliziaren kargak, bonben eztandak) gutxi izan ziren, Eibarren eta Arrasaten izan ezik.

    Greba orkorra iraultzaileak 7 egunetako deitu zuten Gipuzkoan (urriak 5etik 12ra), eta hamabi herritan izan zuen jarraipena, hiru motakoa.

    Greba orokorrak zazpi herritan izan zuen jarraipen baketsua, baina hiru hildakoekin: Soraluze, Bergara, Zumarraga, Beasain, Tolosa (hildako bat), Donostia (bi hildako) eta Irunen.

    Beste hiru herritan grebalariak oldartu (matxinatu) ziren: Hernani, Pasaia (6 hildako[2]) eta Errenterian.

    Azkenik, iraultza armatua bi herritan izan zen: Eibarren (7 hildako) eta Arrasaten (4 hildako).


    Iraultza Soraluzen

    Aurreko giroa

    1934.erako giroa ez zen gozoa. Batzuk eta besteak armak eta enparauok biltzen hasiak ziren.

    Urte hartako martxoan Guardia Zibila arma bila hasi zen, eta 24an Guillermo Uriarteren etxean hiru errebolber topa omen zituen[3]:


    DONOSTIA, 24. Soraluzen Guillermo Uriarteren etxean Guardia Zibilak hiru errebolber, kartutxoak eta borrak aurkitu zituen; Guillermoren esanetan bere seme Ignaciorenak zirela.

    Biak epaitegiaren esku geratu dira.


    Bi egun geroago, eskopeta kendu zioten "susmagarri" bati[4]:


    DONOSTIA, 26. Guardia Zibilak, armak biltzeko miaketekin jarraituz, aurrekariak dituen gizon bati eskopeta bat atzeman dio Soraluzen, eta dagokion epaitegiaren esku utzi du.


    Aste batzuk geroago, Maiatzaren Lehenean, tiroak izan ziren, baina zorionez gezurretakoak[5]:


    Soraluzen Maiatzaren Leheneko jaia ospatzean, istilu publikoak gertatu ziren, larriagoak izan zitezkeenan.

    MUSIKA BANDA BATEK EGINDAKO ERESERKIAK BATZUEK TXALOTZEN ETA BESTE BATZUEK PROTESTATZEN ZITUZTENEAN, BATEK TIRO JO ZUEN.

    Donostia (arratsaldeko 6tan). Soraluzetik diotenez, Maiatzaren Leheneko festa zela eta, ondorio larriak ekar zitzakeen istilu publikoak izan ziren. Badirudi herri horretara egun-pasa joandako txangozale batzuk, Elgoibar eta Elbar-etik etorriak, gehiegi poztu zirela Udalak horretarako kontratatutako banda batek interpretatzen zituen ereserkiekin. Ereserki hauek Internazionala, Marseillesa, Laguntzaileena eta beste batzuk ziren, entzule batzuen gustukoak izan ez zirenak, eta batzuek gogo biziz txalotzen zuten bitartean, beste batzuek berotasun handiagoz xaxatzen zuten, harik eta Guardia Zibilak parte hartu zuen arte, denek beren jarrera baztertzeko. Une horretan tiro batek jo zuen, ustez pistola detonatzaile batekin egina, eta inor ez zen zauritu. Animoak bareturik, lasaitasuna zabaldu egin zen berehala, zeren txangozaleek, ia guztiak, eta musika-banda buru zutela, herria utzi egin baitzuten, martxa bizian (Febus).


    Urriko egunak

    Casiuo Liberalen inguruan bildutako gehienak (errepublikazaleak, sozialistak...) iraultzaren aldekoak ziren, baina ez zuten gehiengoa herrian. Gainontzekoak aurka zeuden: jeltzaleak, karlistak, eskumakoak...

    Hala ere, Soraluzen greba orokorra antolatu zuten, eta jarraipena izan zen. Bertako guardia zibilek giroa "baretu" zutenean, Eibarko iraultzaileen kontra bidali zituzten, Elgoibar eta Ermuakoaren batera.

    Eibarren hildako batek Soraluzerekin harreman estua zuen. Grebaren lehen egunean (urriak 5), goizean izandako tiroketan bost hildako izan ziren, lau matxinatu eta guardia de asalto bat; goiz horretan ere mezatik bueltan zetorren Carlos Larrañaga buruzagi karlista hil zuten. Garai hartan Carlos Larrañaga zen Soraluzeko San Ignacio musika bandaren zuzendaria.

    Gerra osteko eraginak

    1940.ean, gerra ostean, Auzi Orokorra izenekoa zabaldu zenean, Soraluzeko zazpi laguni egotzi zieten greba orokorra irautzailearen antolatzaile izatea edota parte hartzea:

    Felix Barrenechea Arando-Arreche (udal idazkaria), Aniceto Larrañaga Maiztegui (langilea), Lisardo Legaristi Vila (mekanikaria), José María Astiazarán Ugalde (langilea), Félix Echaniz Beitia (langilea), Hipólito Maiztegui Aguirrebeña (doitzailea) eta Ignacio Uriarte Artolazábal.


    Erreferentziak

    • 1934: Un año decisivo en el País Vasco. Nacionalismo, socialismo y revolución. José Luis de la Granja Sainz (Sancho el Sabio 2004).
    1. 1934ko Iraultza Euskal Herrian. Wikipedia (euskaraz).
    2. Urriaren 8 eta 9 arteko gauean, greba ia amaituta, iraultzaile, soldadu eta guardia zibilen arteko tiroketa handia izan zen, eta sei matxinatu hil zituzten
    3. El Siglo Futuro (1934/03/24).
    4. Siglo Futuro (1934/03/26).
    5. El Sol (1934/05/04).