1918.eko gripe izurritea (eu)
1918: mundua aldatu zuen izurritea
- Eta begiratu nuen eta zaldi horixka ikusi nuen; zaldizkoak heriotza zuen izena, eta infernua atzetik zekarren... (Apokalipsi 6:8).
Halaxe hasten da 2017 urtean Laura Spinney idazle britaniarrak idatzitako Zaldizko zurbila[1] (Pale rider). Liburuak 1918 urteko Espainiako gripea-ren historia kontatzen du, eta izenburua Clint Eastwooden western bati "lapurtu" zion.
Izurrite honek mundu osoko 40 miloi lagun baino gehiago hil zituen 1918-1920 epean, eta Ertaroko Izurri Beltzaren ostean inoiz izan den hilgarriena omen zen. Gaur egun oraindik ez da ezagutzen izurritearen jatorria, muga fisiko zein sozialik errespetatu ez zituena.
Nahiz eta ikerlari batzuk Frantzian (1916 urtean) kokatu jatorria, edo Txinan (1917), lehengo kasu dokumentatua Estatu Batuetako Fort Rileyko base militarrekoa da, 1918ko martxoak 4an hain zuzen[2].
Ameriketatik Europara zabaldu zen. Garai hartan Lehen Mundu Gerra puri-purian zegoen (1914-1918), eta Europako herri gehienek parte hartzen zuten. Nahiz eta gripearen oso eragin handia jasan, bertako informazioa (gaixoen kopuruak, hildakoak, izurritearen abiada...) zentsuratu zuten.
Frantziar asko lubakietan zeudela, espainar mordoa Frantziara joana zen lan egitera. Itxura denez, bertan kutsatu ziren eta itzultzerakoan beraiekin ekarri zuten izurria. Espainia neutrala zen, eta zentsurarik ez zegoenez, izurriak sortutako kalteen datuak arazorik gabe zabaldu ziren. Gaixoak 8 miloitik gora izan ziren, eta 186.000 pertsona hil ziren gripearen eraginez; Alfonso XIII erregea zein Manuel Garcìa Prieto gobernu lehendakaria ere gaixotu ziren[3].
Horregatik, zabaldu ziren izurrite eraginari buruzko berriak Espainiakoak ziren, eta hortik izena: Espainiako gripea (spanish flu).
Gripearen nondik norakoak, berriz, ez ziren inoiz ikertu. Zentsura zela eta aurretik, eta gerra ostean diru faltagatik.
Gripea Euskal Herrian[4]
Izurritea 1918ko udaberrian heldu zen Euskal Herrira.
Bapatean agertu zen, aste gutxitan goia jo zuen, biztanleen erdia baino gehiago gaixotu zen eta milako 12 hil ziren. Etorritako abiadarekin apaldu zen, eta azken hildakoak 1919koak ziren.
Gaixotasunak eta hildakoez gain, izurriteak kezka, ardura eta izua eragin zituen, orduko komunikabideetan agertzen dena. Izu hau urte askotan gogoratu zuten gure aurrekoek.
Bestaldetik, izurriteak udalak eta diputazioak behartu zituen orduko osasun sistema indartzen eta hobeto antolatzen.
Ezaugarri klinikoak bapatekoak ziren, arnas sistema erasotzen eta egun gutxitan heriotza eragiten.
Hildakoak, batez ere, 15 eta 34 urte artekoak izan ziren, eta umeak. Gizonezko gehiago hil ziren andrazko baino.
- Anton Erkorekaren liburua jaisteko, sakatu hemen.
Gripea Soraluzen
1918 urtean Soraluzek 2.585 biztanle zituen, gutxi gorabehera. Heriotz tasa, urteko 40/60 hildako zen.
Gripearen eraginez 36 pertsona hil ziren, 22 gizonezko eta 14 andrazko. Honek milako 13,9 hildako suposatzen du, Euskal Herriko eragina baino zertxobait handiagoa.
Honetaz gain, aztertutako epean dozena erditik gora gaixo birikako tuberkulosiak jota hil ziren. Gaixotasuna aspalditik izango zuten, baina izurriteak heriotza azkartuko zizkien. Dena dela, azterketa honetan ez dira kontutan hartu.
Bilakaera
Gripea irailean sartu zen Soraluzen. Eta hildakoen grafikak kanpai forma hartzen du, buztan luze batekin.
Lehengo bi hildakoak, gizonezko bat eta andrazko bat, irailak 23 eta 27 artekoak izan ziren.
Aldi gogorrena 28an hasi zen. Urriak 10a arte, 13 egunetan 26 lagun hil ziren. Egun gogorrena urriak 4a izan zen, 5 lagun hil zirela.
Hurrengo astean, urriak 11tik 17ra arte, gripearen eragina asko apaldu zen, bakarrik 4 lagun hil ziren eta.
Hurrengo bost hilabetetan beste sei lagun hil ziren gripearen eraginez, azkena 2019ko martxoak 21an. Ezin esan izurritearengatik hil zirela, ezta kontrakoa ere.
Istorio txikiak: Dominica Múgica
Gripeak izan zuen eragina ilustratzeko, herriko kasu bat aipatuko dugu[5].
- Dominica Múgica Zanguitu Txurruken baserriko alaba zan.
- Dominica Mondraueko mutil batekin 1918. urtian ezkontzekua zan. Baña urte hartan gripe epidemia haundixa zabaldu zan eta Dominica gaixotu eiñ zan.
- Urte hartako urrixan ezkontzekuak ziran, eta urrixaren 9ko goizian Txurrukenian telegrama hartu eben, nobixuaren aitta hil zala.
- Arratsalde hartan Dominica be hil zan. 22 urte zittuan.
Azterketa
Adin taldeak
Talde kolpatuena 21-40 urte arteko helduena zen, sasoiko helduak hain zuzen, 14 lagun hil ziren eta. Heldu zaharragoetan eragina gero eta txikiagoa izan zen, segururena txikitan pasatako gripeek inmunizatuta egongo zirelako.
Umeak ere ondo kolpatuak izan ziren: guztira 5 urte arteko 9 ume hil ziren. Dena dela, kontutan hartu behar dela garai hartan umeen berezko hilkortasun tasa oso handia zela. 6 eta 20 urte arteko gazteak, berriz, nahiko ondo libratu ziren, 6 lagun bakarrik hil zirela.
Datu hauek bat datoz Euskal Herri osoko datuekin.
Jeneroak
Ia adin talde guztietan gizonezkoak eta andrazkoak oso parekatuta daude... gehienetan gizonezko bat edo bi gehiago hil zirela.
Salbuespen nabarmena dago, 31-50 urteko tartea. Talde honetan 11 hildako izan ziren, 9 gizonezko eta andrazko bi.
Datu hauek bat datoz Euskal Herri osoko datuekin.
Diagnostikoak
Garai hartan ez zekiten ze gaixotasun mota zen[6] eta, beraz, mediku bakoitzak bere diagnostikoa egiten zuen. Batzutan berbak dira desberdinak, bestetan ezer gutxi ikusten dute eta badira diagnostikoak oso desberdinak, itxuraz behintzat.
Gehien agertzen den diagnostikoa neumonía gripal da, 15 aldiz. Griperekin zerikusia dutenak, berriz, 25 alditan agertzen dira: 15 neumonía gripal, 4 pulmonía gripal, 4 grippe cerebral, gripe-neumonía bat eta beste bronconeumonía gripal bat.
Neumoniarekin zerikusia duten diagostikoak 21 dira: 15 neumonía gripal, 3 bronconeumonía, neumonía bat, gripe-neumonía bat eta beste bronconeumonía gripal bat.
Bronkitisarekin lotutako diagnostikoak 6 dira: 3 bronconeumonía, 2 bronquitis eta beste bronconeumonía gripal bat.
Azkenik, badira beste 5 diagnostiko aurrekoekin zerikusi handirik ez dutenak: 3 edema pulmonar, pleuritis bat eta beste fiebres bat.
Hildakoen zerrenda (datubasea)
Gripearen eraginaren azterketa egiteko, honako zerrenda hau erabili izan da, Soraluze Erregistro Zibiletik hartuta[7].
Data Sexua Adina Diagnostikoa 1918/09/23 Andrazkoa 14 urte Gripe-neumonía 1918/09/25 Gizonezkoa 27 urte Fiebres 1918/09/28 Gizonezkoa 2,5 urte Neumonía gripal 1918/09/29 Gizonezkoa 4 urte Bronconeumonía 1918/09/29 Andrazkoa 9 urte Bronconeumonía gripal 1918/09/30 Gizonezkoa 33 urte Neumonía gripal 1918/10/01 Andrazkoa 43 urte Neumonía gripal 1918/10/01 Gizonezkoa 19 urte Neumonía gripal 1918/10/02 Gizonezkoa 33 urte Grippe cerebral 1918/10/02 Andrazkoa 25 urte Edema pulmonar 1918/10/03 Gizonezkoa 28 urte Grippe cerebral 1918/10/04 Gizonezkoa 45 urte Neumonía gripal 1918/10/04 Gizonezkoa 33 urte Neumonía gripal 1918/10/04 Andrazkoa 2 urte Neumonía gripal 1918/10/04 Gizonezkoa 42 urte Neumonía gripal 1918/10/04 Andrazkoa 6 hilabete Bronconeumonía 1918/10/05 Andrazkoa 16 urte Neumonía gripal 1918/10/05 Gizonezkoa 14 urte Neumonía gripal 1918/10/05 Gizonezkoa 25 urte Neumonía gripal 1918/10/07 Andrazkoa 5,5 urte Neumonía gripal 1918/10/08 Andrazkoa 8 hilabete Bronquitis 1918/10/08 Gizonezkoa 15 urte Grippe cerebral 1918/10/09 Andrazkoa 22 urte Pulmonía gripal 1918/10/09 Gizonezkoa 35 urte Edema pulmonar 1918/10/09 Gizonezkoa 37 urte Grippe cerebral 1918/10/10 Andrazkoa 26 urte Pulmonía gripal 1918/10/12 Gizonezkoa 48 urte Neumonía gripal 1918/10/13 Gizonezkoa 16 hilabete Neumonía gripal 1918/10/15 Andrazkoa 36 urte Pleuritis 1918/10/17 Gizonezkoa 37 urte Pulmonía gripal 1918/10/24 Gizonezkoa 26 urte Pulmonía gripal 1918/11/12 Gizonezkoa 62 urte Bronquitis 1918/11/22 Andrazkoa 51 urte Edema pulmonar 1918/11/28 Andrazkoa 71 urte Neumonía 1919/02/08 Gizonezkoa 3,5 urte Neumonía gripal 1919/03/21 Gizonezkoa 9 hilabete Bronconeumonía
Biharamuna
Udal osasun zerbitzua
Gripearen erasoa pasa eta gero, 1918/10/31an[8], Udal Batzordeak baldintza plegua onartu zuen, udal osasun zerbitzua sortzeko.
Zerbitzu honek bi mediku titular izango zituen, bakoitza urteko 1.500 pezeta ordainduta; eta praktikante[9] bat, 1.000 pezeta ordainduta.
Aldiberean, Juan Lasa praktikantearekin aurretik sinatutako kontratua errespetatzen zen hurrengo bi urteetarako. Kontratu hau gripe izurritea herrian sartu zenean egin zuten.
Ordainketak eta esker onak
Bi aste geroago, 1918/11/14an, Tomas Zubizarreta medikuak eskutitza bidali zion Udalari, bere lana ordaintzeko Udalaren erabakia onartuko zuela. Eta Antonio Arrillagak, medikua hau ere, beste gutuna bidali zuen, berari zor zitzaiokena behartsuen artean banatzeko eskatuz.
Eta 1918/11/28an, Niceto Muguruza medikuak[10] bere lanarengandik inolako ordainketarik onartu nahi ez zuelako, Udalak zilarrezko erretilua oparitu zion, eta bere eskerronak jaso zituen aktan.
1918/12/28an, Udalak 25 pezetako eskupekoa eman zion Martin de Maiztegui udalzainari, gripe izurritean egindako lanarengatik.
Eta hurrengo urtean, 1919/02/06an, Niceto Muguruza eta Ciriaco de Aguirre medikuek soraluzetarrei emandako laguntzarengandik 6 likore-kopa eta beste 6 txanpain-kopa bere erratiluekin oparizu zizkien.
Azkenik, 1919/02/20an 13 pezetako eskupekoa agindu zion Santiago Beitia jaunari (borondatezko ehortzailea), gripe izurritean egindako lanarengatik.
Santiago Beitia honek kontatuta, badakigu izurritearen egun gogorrenetan jo ta sua lan egiten zutela, eguneko ordu guztietan; ez ziren geratzen jateko eta lo egiteko ez bazen, eta hauek kanposantuan bertan egiten zuten.
Ez zekitena zera da, ehortzaileak herriko alde seguruenean zeudela, hildakoek ez omen zuten birusik trasmititzen eta[11].
Osintxuko eguzki epela
Gaurko modutan, orduan ere jende askok egiten zuen Osintxurako buelta, batez ere gaixoak izandakoek, arima eta gorputza gogortzeko. Baina gripe izurrietak Soraluzen inguruko beste herritan baino gogorrago jo zuenez, kutsatzeko beldur handia zegoen.
Halaxe jaso zuen Juan San Martinek Eztenkadak liburuan:
- XVIII. OSINTXUKO EUZKI EPELA
- Trankasu edo gripe izeneko gaitzak ainbat eriotzaz erririk geienak kolkordu zituan egunetakua da... Plaentxiako erriak jipoi ederra artu eban, ta biziakin urten ebenak, osasunez gogortzen zoiazela, oitura euken Osintxu aldera, tipi-tapa, ibillitxo bat eitxeko. Jakiña, egualdia lagun ebenian.
- Geruago ta mordoxkiago juaten ziran Osintxuko auzora. Izan be, Plaentxia baño euzki begiago be bazan da.
- Osintxukuak, ainbeste plaentxiatar geixo ikustiaz ez ebizen aiskide. Baebillen naikua autu ta berbakizun plaentxiatarren kontra. Euren auzua, Plaentxia baño osasuntsuago gorde zala trankasutik baña orduantxe gripe dalako geixoz kutsutu biar ebela gosikillen itxurako plaentxiarrak.
- Sasoi aretan, gaitzizenez "Sakristaua" deitzen zetsen Letetar bat euan Osintxuko auzuan alkate.
- Ta, ez eban beste biderik euki zurrumurru txarreri jamon eiñ baño. Ta, arratsalde batian, oituriari jarraituz, ogeiren bat euzki epeletan euazela, jokera orri muga ipiñi naian, onela edo antzera berbatu zan Osintxuko alkate jauna:
- —Zuek badakizue ni naizela erriko alkatia, ta, alkate naizenez, erriko osasunari begiratu biarrian nagola, esan biar detsuet. Errazoi orrek biartzen nau neurri gogorrak artzera. Konprenditzen? Orregaitik, emendik aurrera, debekatzen detsuet emengo euzki epela artzera etortzia.
- —Ara ba, alkate jauna, euzki epel ori, zuek pagatzen dozuen beste geuk pe pagauko genduke ba.
- —Ez da ori kontua. Bakotxak beria Jangoikuan legia. Ni naiz alkatia, ta alkate moduan, eztot nai erritarreri zuen gaixua pegatzerik.
- —Jauntxokeriekin aspertuta gare!
- —Jauntxokeria ez! Emen geu gara jabe! Gaixo lorratzik ez dogu biar, ta txarrera eldu baño len alde emendik. Ospa!
- —Ba, ba... Guaziak Plaentxiara. Gizurra jirudik, "sakristaua" izan da onek etxok nai entierrurik pe bere errian.
Erreferentziak
- Datuen Excela ekartzeko Biltegi digitalera joan.
- ↑ El jinete pálido. 1918: La epidemia que cambió el mundo (Tiempo de Historia). Laura Spinney (Critica 2018).
- ↑ La Gripe Española: la pandemia de 1918 que no comenzó en España. Sandra Pulido (Gaceta Médica 2018).
- ↑ 1918, la gran epidemia que nadie se tomò en serio. Daniel Mediavilla (El Paìs, 2020/03/22).
- ↑ La pandemia de gripe española en el País Vasco (1918-1919). Anton Erkoreka (Fundación Museo Vasco Hª Medicina y de la Ciencia 2006)
- ↑ Familia-azgazkiak: Múgica. Argitalpen pribatua.
- ↑ Gripearen lehen giza-birusa 1933 urtean aurkitu zuten.
- ↑ Tamalez, 2018/12/05ko Ley Orgánica 3/2018 de Protección de Datos Personales y garantía de los derechos digitales dela eta, familiaren baimenik gabe ezin da inoren izenik aipatu.
- ↑ Pliego de condiciones establecidas por la Junta Municipal de esta Villa para el servicio sanitario de la misma.
1ª. La Junta Municipal, dándose cuenta del estado actual del término municipal y de la necesidad de establecer un servicio médico sanitario, acuerda establecer dos titulares Médicos dotados con 1500 pesetas cada uno anuales, más una plaza de Practicante dotada con mil pesetas también anuales, esta última respetando el compromiso que el Ayuntamiento contrajo con el Practicante D.Juan Lasa en la reinante epidemia de grippe que invadió a la localidad, viéndose obligada a ajustarla por dos años… (eta halaxe 11 puntu osatu artean. Felipe de Aguirregomozcorta alkateak sinatzen du). - ↑ Gaur egun, erizaina.
- ↑ Niceto Muguruza mediku eibartarra, Soraluze hasi zen lanean 1910 urtean. 1911ko urtarrilak 11an Eibarko Visitación Alberdirekin ezkondu zen, eta Soraluzeko Kalebarren 6 etxean jarri ziren bizitzen. 1912 urtean Eibarra aldatu ziren, lanera, baina Soraluzekiko loturak sendo eta luze iraun zuen.
- ↑ Dena dela, azken puntu hau ez dago egiaztatuta.