1765.eko izurritea (eu)

    Sorapediatik
    1765-1766 urtetako heriotzak

    1765.eko lehen hilabeteak

    Aurreko urtetako gari uztak oso eskasak izan ziren, bai Euskal Herrian zein Gaztelan. 1765. urtean Carlos III.ak gari merkatua liberalizatu zuen, eta prezioak asko igo zuten, gosea eraginez.

    Soraluzen, aurreko urteak normalak izan ziren osasun aldetik: 1760 (29 hildako), 1761 (42), 1762 (41), 1763 (29) eta 1764 (33). Eta lehen zortzi hilabeteetan ere 21 hildako errejistratu ziren, nahikoa normala.


    San Roke Txiki irudia

    Hasiera

    Irailean izurritea heldu zen Soraluzera. Jende asko gaixotu zen, eta hilabete honetan bost hildako izan ziren, 4 ume eta heldu bat.

    Soraluzetarrak, kezkatuta, San Roke Txiki ekartzea erabaki zuten, irailak 29an, betiko moduan bederatziurrena egiteko:

    Eliz-batzarrari baimena eskatu eta horrek eman ondoren, hiri honetako gaixotasun gaiztoekin bukatzeko, hainbeste jende hiltzen dutenak, Gurutze Santuko ermitatik San Roke jauna ekartzea erabaki da, gaixotasunen abokatua baita, eta bera parrokiako elizan daukagunean bederatziurrena egingo zaio, gaixotasun horiekin bukatzeko.


    Hilabete gogorrenak

    Baina txarrena oraindik ez zen heldu. Hurrengo bi hilabetetan izurriteak gogor jo zuen Soraluze, 99 hildako eraginez. Mutil (eta gizonen) artean 61 izan ziren hildakoak; neskatan (eta emakumetan), berriz, 38.

    Abenduan, berriz, hildakoen kopurua asko apaldu zen, 14 besterik ez. Eta hurrengo urterako izurritea desagertua zen herritik.


    Azterketa

    Inolako dudarik gabe, 1765.eko izurritea Soraluzen inoiz izen den izurri gogorrena eta hilgarriena izan zen.

    Baztangaz kutsatutako gaixoa

    Izurrite mota

    Ez da ezagutzen zehatz-mehatz zer motako izurritea zen. Ezin izan zen izurri bubonikoaren kasua, 1598.eko izurritearen moduan, Europako azken agerpena 1720ean gertatu zelako, Marsella eta Proventzan.

    Hildakoen datuek erakusten dutenez, segururena baztanga[1], elgorria edo nafarreria izango zen; garai hartan umeen labana esaten zioten: agerraldi gogorrenetan umeen hilkortasun-tasa %15era iritsi zen eta.

    Hildakoak adinaren arabera

    Hildakoen adina

    Hildakoak jaiotako urtearen arabera sailkatzen badugu, erdiek bi urte edo gutxiago zuten, eta 10 urte artekoak hildakoen %83a ziren.

    Jaioturtea Jaioak Hildakoak Ehunekoa
    1765 67 20 %30
    1764 62 25 %40
    1763 65 16 %25
    1762 48 3 %6
    1761 61 6 %10
    1760 61 9 %15
    1755-1759 281 19 %7
    1754 artekoa 18
    Ezezaguna 2

    Alderatzen badugu urtez urte jaiotakoak eta izurrite honetan hildakoak, triskantza handienak ume txikienetan gertatu ziren: 1765 (jaiotakoen %30a), 1764 (%40a) eta 1763 (%25a); hau da, umeen labana. 1762. urtean jaiotakoen ez zuten asko sufritu (3 hildako, %6a), baina lau eta bost urtetakoetan heriotz-tasa handiagoa izan zen, %10a eta %15a hurrenez hurren. 1755 eta 1759 artean jaiotakoek (6 eta 10 urte arteko neska mutikoek) %7ko heriotz tasa izan zuten, eta hortik gorakoak askoz txikiagoa, 18 hildako guztira.

    Heriotzak hileko jeneroaren arabera

    Hildakoen jeneroa

    Izurriteak askoz gizonezko gehiago hil zuen (73 hildako), emakumezko baino (45).

    Inguruko herriak

    1765.eko hildakoak aurreko eta osteko urteetakoekin alderatzen baditugu, izurriteak ez zuen izan eragin nabarmenik inguruko herrietan. Azkoitian eta Azpeitian normalean baino %40 hil zen,eta Deban %30. Soraluzen, berriz, normala baino %230a hil zen urte hartan.

    Herria 1764.eko hildakoak 1765.eko hildakoak 1766.eko hildakoak Ratioa
    Deba 34 56 50 1,3
    Elgoibar 41 36 35 0,9
    Azkoitia 29 42 33 1,4
    Azpeitia 61 88 64 1,4
    Eibar 34 25 34 0,7
    Soraluze 33 138 50 3,3
    Elgeta 31 31 19 1,2
    Bergara 97 88 63 1,1
    Antzuola 32 24 23 0,9
    Arrasate 56 68 85 1,0
    Aretxabaleta 17 11 18 0,6


    Eragina

    Izurritearen eraginez, 1765 izan zen Soraluzen hildako gehien errejistratu zen urtea (138). Urruti geratzen dira 1795 (97 hildako), 1809 (99) eta 1864 (69).

    Ramiro Larrañagaren arabera[2], 1766.ean Soraluzek 1.356 biztanle zituen. Beraz, aurreko urtean izurriteak biztanleriaren ia hamarrena hil zuen.

    Heriotzek eragin ekonomiko handiak izango zituzten eta, agian honengatik, hurrengo urtean soraluzetar asko Elgoibarretik zetozen matxinoei batu zitzaien.

    Osasun aldetik, baztanga epidemia honek txertoen ikerketa eta erabilera bultzatu zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik. Hurrengo baztanga izurritean, hogei urte geroago (1785), Bergaran lehen kasuak agertu orduko bertako ilustreek beren seme-alabak inokulatu zituzten, kutsadura saihesteko asmoz. Inokulatutakoen artean Soraluzeko Erret Lantegiaren zuzendariaren semea zegoen.


    Erreferentziak

    1. Baztanga edo nafarreria. Wikipedia (euskaraz).
    2. Soraluze. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993).