1513.eko orube esleipena. Gabolats (eu)

    Sorapediatik
    Archivos municipales de Eibar (1409-1520) y de Soraluze/ Placencia de las Armas (1481-1520)


    1513.eko orube esleipena

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Herriko biztanle kopurua handitzeko asmoz, 1513. urtean Soraluzeko Udalak orubeak doan esleitzea erabaki zuen, etxea jasotzeko interesdunak auzokide edo auzokideen seme baziren.

    Erabaki hau Udal irekian onartu zen, urtarrilak 9an. Egun hartan herriko auzokideen erdia baino gehiago bildu zen, Pedro Sanchez de Yturbe alkatea, Sancho Yvannes de Arechaga sindiko prokuradorea eta Andrés de Yrure eskribauaz gain.

    Udalak bi esparru eskaini zituen, biak udal lurrak izanda: Herlaibian bat (gaur eguneko Atxuri eta Errekalde ingurua) eta Gabolatsen bestea. Biak errege bidea eta Deba ibaiaren artean zeuden.


    1513.eko orube esleipena. Gabolatseko esleipena egin baino lehen

    Gabolatseko eszenategia

    1513.eko agirietan agertzen denez, esleipenaren aurreko bi kokapen aipatzen dira:

    • Gabolatseko etxea. Altun errekaren ondoan, gaur egun 20. zenbakia du. Aspaldian errekak eman zion izena[1], eta etxeak kaleari gero.
    • Domingo de Loyola-ren orubea. Ez da etxerik aipatzen; beraz, aurreko urteetan esleitutako orubea izango zen.


    1513.eko orube esleipena. Gabolatseko esleipena egin eta gero

    Orube berrien balizko kokapena

    1513.eko errejistroetan agertzen diren datuak erabilita, hau izan zitekeen esleitutako orubeen balizko kokapen bat, gaur eguneko Plaza Zaharretik iparraldera hasita:

    • Udal lurrak, oraindik banatu barik.
    • Juan Garçía de Yribe, hargina. Abuztuak 24an esleitua. Orubea Aysandiaga izeneko tokian zegoen, eta sei besaldiko zabalera zuen (10 m).
    • Altun erreka (Iriarte erreka ere).
    • Gabolatseko etxea. Gaur eguneko 20. zenbakian.
    • Juan Peres de Yribe. Abuztuak 24an esleitua. Orubea Gabolatseko etxearen azpian zegoen, eta sei besaldiko[2] zabalera zuen (10 m).
    • Pero Peres de Yturbe. Abuztuak 24an esleitua. Orubea Gabolatseko etxetik gertu zegoen.
    • María Lopes de Yrigoen alarguna (Lopiça de Yrigoen ere agertzen da). Abuztuak 24an esleitua. Orubea Vagolas tokian zegoen, Mendiolarako bide azpian.
    • Domingo de Loyola. 1513.eko agirietan orube moduan aitatzen da, baina ez da esleipen errejistrotan agertzen.

    Abizenei erreparatzen badiegu, orubeen jabe berri batzuk Ezozia bailarakoak zirela ematen du: Iribe, Irigoin, Iturbe.


    Kontraesana eta duda

    Errejistroetako datuetan balizko kontraesana dago. Alde batetik, urtarrilak 14an Juan Peres de Yribe-ren orubea Lopiça de Yrigoen-en orubearen ondoan zegoela esaten da. Baina abuztuak 24an esaten denez, Pero Peres de Yturbe-ren orubea aurreko biren artean omen zegoen.

    Aysandiaga nun dagoen ez da ezagutzen, baina Gabolatsen egon zitekeen (ez dauka zentzu handirik hirugarren esparrua izatea, orube bakar batekin). Mugak errege bidea, ibaia, erreka eta udal lurrak direnez, Altun errekaren ondoan egon zitekeen, Gabolats etxearen aurrean.


    Iturriak

    Orube esleipena aztertzeko Archivos municipales de Eibar (1409-1520) y de Soraluze/ Placencia de las Armas (1481-1520) liburua erabili da.

    Bertan (99-104 orrialdeak) 1513/01/09ko ordenantza jasotzen da, Javier Elorza egileak transkribituta.

    Jatorrizko agiria Soraluzeko Udal Artxiboan gordetzen da, "Udalaren pribilejioen liburua (1481-1618)" agiri bilduman; 389. orritik (aurrekaldea) 392. orrira (aurrekaldea) hain zuzen.

    Agiriaren transkribapena irakurtzeko, sakatu hemen.


    Erreferentziak

    Archivos municipales de Eibar (1409-1520) y de Soraluze/ Placencia de las Armas (1481-1520). Javier Elorza (Eusko Ikaskuntza 2001).

    1. Gabolats = gaubea + latsa = haitza + erreka.
    2. Besaldia (estadoa). Distantzia neurri zaharra, 6 oin dituena; hau da, 1,68 metro gutxi gorabehera, baina toki batetik bestera desbesdina izan zitekeen.