Txispa-fusilak (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:45, 22 urtarrila 2018

    Txispa-fusila suzko arma izan zen, mosketearen familiakoa.

    Mosketeak XVI mendean sortu ziren, arkabuzaren bilakaera moduan. Hasieran argi-mukizko[1] sistema erabiltzen zuten, arkabuzen moduan.

    Baina arrisku handikoa zenez, errobera sistema asmatu zuten, txinpartak edozein momentuan sortuz polbora pizteko. Sistema berriak ez zuen arrakasta handia izan, konplexua eta garestia zelako.

    Soraluzen egindako txispa-fusila (XIX mendea)

    XVII mende bukaeran suharri sistema asmatu zuten, eta txispa-fusilak sortu ziren. Dena dela, teknologia ez zen berehala Soraluze eta inguruko lantegietan erabili: XVII mende bukaeran argi-mukizko mosketeei Bizkaiko mosketeak esaten zitzaien, txispa-fusileekin bereizteko.


    Teknologi aurrerapenak

    Pisua gutxitu

    Hasierako mosketeek 20-25 kilo pisatzen zuten, eta bi eta bi metro t'erdi arteko luzeera zuten.

    Gero eta arinago izaten ziren, eta XVII mende erdialdean 7tik 9 kilotako pisua izaten zuten, eta metro t'erdiko luzeera.

    Kalibera, berriz, ez zen asko gutxitu: 27 mm-tatik 22/ 23 mm-tara.


    Soraluzen egindako txispa-fusila: giltza (XIX mendea)

    Suharri-sistema

    Txinparta-giltza batek suharri zatia eusten du mailu motz baten muturrean. Mailu hau atzera botatzen da arma amartillatzeko[2].

    Katua sakatu eta gero, malguki batek mailua aurrera bultzatzen du, eta suharriak rastillo izeneko pieza bat jotzen du. Aldiberean, Mailuak rastrilloa aurrera bultzatzen du, polbora duen almetxa[3] zabalduz.

    Suharriak rastrilloa jotzerakoan txinpartak sortzen dira, eta almetxara pasatzen direnak bertako polbora mehea pizten dute. Sortutako sugarra kainoi barrura pasatzen da, bertako polbora pizten eta tiroa eraginez.

    Sistema honi esker tiroa egiteko erritmo biziagoa lortzen zen, eta argi-mukia desagertu zen betiko, zeuzkan arriskuekin.


    Marin le Bourgeoys

    Marin le Bourgeoys-en hobekuntza

    Marin de Bourgeoys frantsesak diseinua hobetu zuen, tarteko posizioa asmatzen: segurua. Posizio berri honetan ezin zen tiro egin, baina bai almetxa polboraz kargatu.

    Behin almetxa rastrilloaz itxi eta gero, mailua atzera bota behar zen arma amartillatzeko, tiroa egiteko prest uzteko.

    Sistema hau 1610 eta 1615 urteen artean asmatu bazuen ere, aurki Europa osoan zabalduta zegoen.


    Mosketeak eta baionetak

    Baionetak

    Orokorrean musketariek ez zuten buruz buru borroka egiten; baina inoiz beharrezkoa izan eta gero, ezpata eta sastagaia erabiltzen zuten.

    Aurki konturatu ziren sastagaiaren helbulekua mosketearen ahoan sartuta, pika modukoa erabili zitekeela. Gero, propio mosketeekin erabiltzeko sastagaiak sortzen ari ziren. Baina bazegoen traba handi bat: sastagaiaren heldulekua mosketearen ahoan sartuta, ezinezkoa zen tiro egitea. Eta inork tiro egiten bazuen, norberaren burua zauritzeko aukera handiak ziren.

    Horregatik baioneta asmatu zuten. Sastagairi helduleku normala kendu eta beste bat berezia jarri, mosketearen aho inguruan lotzen dena, modu honetan tiroa egiteko aukera emanez.

    Izena Baiona hiritik dator, bertan asmatu omen zutelako 1.670 urtean. Dena dela, 1.642 urtetik aurrera Frantziako konpainia batzuk antzeko armak erabiltzen zituzten, pikak ordezkatzeko.


    Paperezko kartutxoak

    Polbora eta jaurtigaiak

    XVI mendean polbora karga bakoitza egurrezko tutu batean gordetzen bazen, XVII mendearen hasieran karga eta jaurtikaria paperezko tutuetan biltzen hasi ziren. 1.630 urtean Suediako Gustavo Adolforen soldaduak paperezko kartutxoak erabiltzen hasi ziren beren fusiletan.

    Honekin batera, kartutxoak segurtasun estalkiak zituen kartutxo-uhaletan gordetzen ziren. Lehen mosketari batek 12 tiro egiteko kargak eraman balezakeen, sistema berriarekin uhalak 20tik 40ra karga izan zezakeen.

    Teknologia guzti hauekin mosketeen erabilera erraztu zen, eta arriskuak gutxitu. Ondorioz, eta soldaduen trebetasuna landuz, minutuko hiru tiro egin zitekeen, aurretik baino askoz gehiago.


    Irudiak

    Simancaseko Artxibategi Orokorrean bi marrazki gordetzen dira, biak giltzak erakusten dituztela; bata 1746 urtekoa eta bigarrena 1753koa:

    • Rastrillo visto por la espalda, por el lado, por delante... Plano de la pieza que cubre..., perfil de la misma pieza...
    • Diseño de una llave de fusil para el nuevo armamento de las R(eales) Guardias Españolas, vista por la parte interior y exterior, con separación de piezas en plano y en perfil. (Benito de Espada)

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Fusilariak

    Mosketeek izandako bilakaerak guda-zelaiko aniztasuna desagerrarazi zuen. Su-ahalmena handituz arkulariak, ballestariak… ordeztu zituzten; pisua arinduz arkabuzariak ordeztu zituzten; baioneta erantsi pikariak ordeztu zituzten… Azkenean, soldadu ia denak mosketariak ziren.

    Aurreko mosketariekin alderatuta, aldaketak nabarmenak ziren: mosquetea askoz arinago eta luzeagoa zen, doitasuna handitu zen, su-ahalmena dezente handiagoa zuten: mosketaria fusilaria bihurtu zen.


    Soraluzen egindako pistoidun eskopeta
    (Astiazarán 1852)

    Pistoi-mosketeak

    1.799 urtean Edward C. Howard jaunak polbora leherkariak aurkitu zituen; hau da, sua erabili beharrean nahikoa zela jotzea pizteko edota lehertzeko. Eta 1.807 urtean Alexander Forsyth abade eskoziarrak perkusio-giltza asmatu zuen. Azkenean, Egess armagile ingelesak pistoi-sistema garatu zuen.

    Pistoi sistema suharri sistema baino soilagoa da. Almetxan polbora jarri beharrean, gero suharriz pizteko, kapsula leherkaria jartzen da, merkurio fulminatoz[4] beteta. Katuak mailua askatzerakoan honek kapsula jotzen du, merkurio fulminatoa lehertuz. Sugarrak tximinietatik kainoira pasatzen dira, eta bertan polbora pizten dute.

    Aldi berean, armen arimak estriatzen hasi ziren; modu honetan jaurtigaia kainoian biratzen zen, doitasun eta irismena handitzen.


    Moskete eta fusil zaharren bukaera

    Hurrengo bi asmakizunekin fusil modernoa jaio zen: kapsula leherkaria jaurtigai tutuetan jartzea, eta kartutxoak atzetik sartzea.

    Honek ekarri zuen teknologia zaharren desagerpena. Dena dela, Soraluzen txispa-fusilak egiten jarraitu zuten XIX mende osoan.


    Erreferentziak

    1. Argi-mukia. Metxa.
    2. Amartillatu edo katua jaso. Arma tiro egiteko prest utzi.
    3. Almetxa edo kazoleta. Polbora mehea jartzen zen tokia.
    4. Hg (ONC)2. Merkurio, azido nitrikoa eta alkohola.