Ambrosio Maria de Aldasoro (eu)
Ambrosio María de Aldasoro y Lasalde | |
---|---|
Jaio | Soraluze, 1784 |
Hil | Soraluze, 1858 |
Profila | Merkataria, politikaria |
Ameriketako urteak
Juan Bautista de Aldasoro Unamuno Aldasoro baserriko jauna zen, diruduna. 1778 urtean herriko alkatea izan zen.
Urte bat lehenago, 1877ko azaroak 1an, Catalina Josefa de Lasalde Maiztegi soraluzetarrarekin ezkondu zen, eta azken honen etxean, Lasaldenekoan[1], jarri ziren bizitzen.
Bederatzi seme alaba izan zituzten. Zaharrena Josef Bernardo izen. Eta seigarrena, berriz, Ambrosio Maria, 1784ko abenduko 12an jaio zela.
Maiorazgoa ez zenez, aitak Ameriketara bidali zuen, Mexikora (Monterrey), Domingo de Aldasoro osabarengana. Domingo hau aitaren anaia zen, eta Juan Bautista de Aldasoro y Arizaga aitaitaren semea, Mexiko Hirira joan zena eta merkataritzan aberastutakoa.
Antonio Mariak ere dirutza egin zuen bertan, eta Fernando de Uribe alkatearen alaba zen Teresa de Uribekin ezkondu zen. Monterreyn zeudela bi seme izan zituzten, Juan (1817) eta Jose Ramon (1820).
1823 baino lehen Soraluzera itzuli ziren, diru asko eginda. Soraluzeko orduko parrokoa Ramon Francisco de Aldasoro zen, Ambrosio Mariaren anaia[2].
Herri lanak eta laguntzak
Euskal Herrira itzuli zenean, Ameriketatik ekarritako ondasunak etxeetan eta baserrietan inbertitu zituen; esateko, Eibarko Arrajola baserria[3]. Jabea izanik, millarista zen eta, beraz, herriko kontuetan parte hartzeko eskubidea zuen. Askotan zinegotzia izan zen, eta 1827 urtean alkate izendatu zuten.
Plaza Barria eta Plaza Barriko iturria bultzatu zituen. 1830an iturburua aztertzera joan zen batzordean hartu zuen parte, 1831 gainontzeko zinegotziak konbentzitu zituen lanak hasteko, 1831 bertan lanak gainbegiratu zituen bertatik bertara eta, dirua falta zenean, aurreratu zion Udalari lanak ez gelditzearren.
Honetaz gain frontoia eta Labaderoa ere egiteko dirua aurreratu zuen.
1834 ekainak 30an ufalak zubi nagusiko arku handia apurtu zuenean, berau berreraikitzeko dirua aurreratu zuen. Gogoratu behar da garai hartan lehen karlistada (1833-1839) hasi berria zela, eta herria gainjota zegoela.
Handik gutxira Rodil jeneral liberalak Soraluzeri 200.000 erreal kuartoko[4] isuna jarri zion, eta hiru soraluzetar bahitu zituen isuna ordaindu arte. Orduan ere Ramon Maria de Aldasorok 100.000 erreal kuarto jarri zituen.
Irudiak
(Handitzeko sakatu)
Politikaria
Politikan ere aritu zen. Herriko zinegotzi eta alkate (1827) izan zen.
1831 urtean Jose Manuel de Bustinduy armagile soraluzetarra orduko Gobernuaren kontra oldartu zen eta, menderatu zutenean, Frantzia aldera ihes egin zuen Ambrosio Maria de Aldasorok lagunduta. Bilboko Erret Epaileak 200 dukateko isuna jarri zion Ambrosio Mariari.
Lehen karlistadan (1833-1839), Baionara ihes egin zuen (1834) eta ez zen bueltatu gerra amaitu artean. Baionan zela V. Cluzeau moldiztegiak txosten txukuna sortu zuen, Plaza Barriko iturriaren lanak zehatz-mehatz jasotzen dituela[5]. Segururena Ambrosio Mariak eskatuta.
Gerra bukatuta (1839), herrira itzuli zen. Bergarako besarkadaren lehen urtebetetzean (1840), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek ospakizuna antolatu zuten Bergaran, eta horretarako hiruko Batzordea eratu zuten. Gipuzkoako ordezkaria Ambrosio Maria de Alsasoro y Lasalde izan zen.
Herrira itzuli zenean berriro aukeratu zuten alkate (1846). Gipuzkoako foru diputatua ere izan zen.
1858 urtean Soraluzen hil zen, 74 urte zituela.
Ondorengoak
Ambrosio Maria de Aldasorok bi seme izan zituen: Juan (1817) eta Jose Ramon (1820). Juan de Aldasoro mediku karrera egin zuen eta Madrila joan zen bizi izatera; hala ere, Soraluzen arma negozioak egin zituen. Jose Ramon de Aldasoro, berriz, herriko parrokoa izan zen, familiaren ildoari jarraituz: aurrekoa Ramon Francisco de Aldasoro bere osaba izan zen, eta honen aurrekoa bere osaba José de Lasalde.
Bi anaiek La Euscalduna enpresaren sorreran parte hartu zuen, Jose Ignacio Ibarra armagilearekin. 1860-1861 urteetan ika-mika garratzak izan zituzten azken honekin, eta 1862 urtean Madrilgo Zuazubizcar, Isla y Cía enpresaren sortzaileak izan ziren. Enpresa honek La Euscalduna ordezkatu zuen. Eta 1869 urtean Jose Ignacio Ibarrak enpresa utzi zuenean, S.A. Euscalduna sortu zuten berriro, Zuazubizcar, Isla y Cía ordezkatzeko.
Azkenik, Ambrosio Mariak iloba bat izan zuen, Josefa Micaela Maiztegi Aldasoro, Dama Mikaela izenez ezagutua, herriko Babes-etxeari eraikina eman ziona.
Erreferentziak
- ↑ Gaur egun Etxaburueta 2.
- ↑ Aurreko parrokoa José de Lasalde osaba izan zen, eta hurrengoa Jose Ramón de Aldasoro semea.
- ↑ Pleito ejecutivo de Ambrosio María de Aldasoro, vecino de la villa de Placencia, contra los bienes de Pedro de Eguren, vecino de la villa de Eibar, por cuantía de 12 fanegas de trigo, en virtud de renta de la casería de Arrajola (Eibarko Udal Artxibo Historikoa 1831/10/21).
- ↑ Reales de vellón.
- ↑ Una fuente, una plaza. Ramiro Larrañaga eta Javier Elorza (Soraluzeko jaiak 1981)