Herlaibia (eu)
Herlaibia XIV mendean
Soraluzeko hiribildua sortu baino lehen, baserriez gain bertako jendea inguruko bi tokitan biltzen zen: Soraluzen eta Herlaibian.
Azken hau Erlei errekaren (Erlaegi erreka) bukaeran zegoen, erreka Debarekin bat egiten duten tokian, alegia. Eta errekaren pasabideak izena eman zion: Herlaibia = Herlai + ibia.
Bi tokiak Marquina de Yusoren parte ziren, eta orduko kroniketan halaxe jasota dago. Mende batzuk geroago, Soraluze ofizialki sortu zenean, 1343. urtean hain zuzen, Alfonso XI.a orduko erregeak zera agindu zuen, Soraluzen eta Herlaibia-ko eremuan bizi ziren gizonek hiribildua sortzeko[1][2]... Testuak erakusten duenez, garai hartan Herlaibiako biztanleak sakabanatuago zeuden (Herlaibiako eremua = Campo de Herlaibia) Soraluzekoak baino.
Agian horregatik, hiribildua Soraluze inguruan antolatu zen, harresiak jasotzen eta kaleak antolatzen. Herlaibia bere hartan geratu zen, biztanle gutxiagorekin akaso, batzuk Soraluze berrira joanda.
1513.eko orube esleipena
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
1343.eko Soraluze hura txiki geratu zen, eta XV. mende hasieran handitu behar izan zuten, harresi berriak eginez.
Baina ez zen nahikoa izan, eta hurrengo mendean Udalak erabaki zuen herrikosemeei orubeak esleitzea, bertan geratu ahal izateko. Egoera aurreko mendean baino baketsuagoa zenez, bi esparrutan eskaini zituen orubeak: Gabolatsen eta, batez ere, Herlaibian.
Azken honetan 10 orube eman zituen Udalak, ia denak ibai ondoan (2 Atxuri eta 7 Errekaldean).
Herlaibia XVIII mendean
Laurehun urte geroago, Florencio Joseph de Lamot grabatu famatuan, gauzak lehengo moduan jarraitzen zuten: Soraluze trinkoagoa Herlaibia baino. Hala ere, erreka ez zen ibiaren bidez pasatzen, zubitxoa eraikita zegoen eta.
Eta, Soraluzera joan ahal izateko bi bide zeuden. Bata, errepidea segi zubi nagusiraino (nagusia eta orduan bakarra) eta berau zeharkatu, edo harpasoak erabiliz Deba ibaiaren bestekaldera pasa, Santa Ana komentuaren parera.
Erreferentziak
- ↑ Diccionario de Guvantes. Angel Casimiro de Guvantes (1802)
- ↑ Diccionario de Gorosabel. Pablo Gorosabel (1862)