Kortazarreko erromatar kanpamendua (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:56, 3 ekaina 2022
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Kortazarreko / Karakateko
    erromatar kanpamendua
    Kortazarreko Haitza. Erromatar kanpamendua (Arkotxa Martinez 2016).jpg
    Estiloa Erromatarra
    Mendea K.a. I.
    Kokapena Kortazarreko Haitza
    Mota Arkeologia


    Azalpena

    Kortazarreko erromatar kanpamendua castra aestiva motakoa zen; hau da, udan erabiltzekoa. Erromatarrek uda partean egiten zuten gerra, eta egitura hauek egokiak ziren gau batez edfo hilabetez erabiltzeko. Topografoak aurretik joaten ziren eta paraje egokia aukeratzen zuten. Gero, soldadu-saldoa heltzerakoan norberak bazekien kanpamendua altzatzeko bere lana zein zen.

    Kanpamendua aldapan dago. Tontorrean kanpamendua eraiki zuten, eta aldaparen erdian defentsa lerroa; horretarako fossa edo lubakia zulatu eta ateratako lurra goiko aldean pilatu zuten, aggeri edo lubeta bat antolatuz[1]. Lurrezko hesi hartan enborrak sartu zituzten, bizpahiru metrotako vallum edo egurrezko hesia altzatuz. Honen gainean verma izeneko pasabidea zegoen, zaindarientzat.

    Hesi honen erdialdean atea zegoen. Eta ateburuan, kanpamendu barruan, antzeko beste hesia altzatu zuten, atea babesteko asmoz. Kanpamenduko alboek zein atzekaldeek ez ziren hesituta: Arkotxa Martinezen esanetan, "(erromatarrek) ez zuten hesirik behar, beraientzako garrantzitsuena etsaia begi bistan izatea zen, modu honetan... lehen bailehen berun-jaurtigaiak habailaz jaurtitzeko".


    Lubakia eta lubetaren aztarnak (Antxoka Martinez)

    Kortazarreko haitzerainoko errepidea egin zutenean, antenak bartan jartzeko, defentsaren hegoaldeko ertza jan egin zuten. Lurraren koloreztapen desberdinek ederki asko erakusten dute garai bateko lubakia (ordutik hona berriro beteta) eta lubeta (askoz apalagoa, baina ikusgarri oraindik).

    Egindako indusketetan ez da gertu ezer noizkoa den zehazteko. Segur aski, Kristoren aurreko azken hamarkadetan eraikiko zuten, Bellum Civile (K.a. 49-44) eta Kantabriar Gerren (K.a. 29-19) tarteko epekoa izango da.

    Kortazarrekoa ez da Burdin Aroko kastroa: hauek harrizko hesiak zituzten, kastro osoa ixten zuten, eta atea ertz batean zegoen. Kortazarreko kanpamenduan, berriz, lurrezko hesia (lubeta) agertu da, alde batean bakarrik, eta atea erdi-erdian zuen, erromatar kanpamendu "klasikoen" moduan.

    Arkotxa Martinez, Karakateko kanpamendu erromatarrari buruzkoak azaltzen
    (begiratu 31:15 minutuan)
    El final de la edad del Hierro en Gipuzkoa. Panorama actual e hipótesis de interpretación
    Arkotxa Martinez Velasco (Koldo Mitxelena kulturunea 2022/01/25)

    Bi mila urte geroago, Espainiako Gerra zibilean (1936-1939), beste soldadu batzuek ere bertan gotortu ziren, erromatarren gotorlekuan hain zuzen. Ondorioz, hainbat puntutan aztarnak nahastuta daude.


    Historia berridazten

    XIX. mende aurretik uste zen Kantabriar Gerretan Augusto enperadoreak Gipuzkoatik Asturiaserainoko esparrua konkistatu zuela. Baina XIX. mendean historia berrikusi zuten, eta Augusto kantabro eta asturen aurka aritu zela bakarrik ondorioztatu zen. Euskaldunok, antza, pakea egin zuten erromatarrekin, eta haien aliatu ("soldatapeko gudariak") bihurtu[2].

    Ordutik hona erromatarren eta euskaldunen arteko gerrarik izan ez zela uste izan da baina, Antxoka Martínez arkeologoak dioenez[3]., erromatarrek castra aestiva horiek gerrarako baizik ez zuten eraikitzen; horregatik oso ohikoak dira Kantabrian, Kantabriar Gerren eraginez.

    Nahiz Euskalherrian gutxi agertu[4], eta ez oso handiak, egon badaude. Kanpamendu hauek erakusten dute gerra izan zela bertakoen eta erromatarren arte. Soraluzeko kanpamendua, esateko, karistiarren eta autrigoien tribuen artean kokatuta zegoen, oso leku estratejikoan[5].


    Aranzadikoak lanean (Antxoka Martinez 2016)


    Indusketak (2016)

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XXI. mende hasieran Soraluzek, Bergara eta Elgoibarrekin batera, Arbasoak egitasmoa abiatu zuen. Helburua Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa balioan jartzea da.

    2016 urte hasieran arkeologo talde batek egindako bisita batean, Kortazar/ Karakate inguruan defensa lerro bat antzeman zuten, ezaugarri guztien arabera (kokapena, teknika, sarrera sistema...) erromatarren garaikoa izan zitekeena[6].

    Aurkikuntza egiaztatzeko, udan bi lan egin mota ziren. 9 lagunen talde batek garbiketak eta katak egin zituzten, beste bi lagun miaketa-magnetikoaz arduratzen ziren bitartean.

    Miaketek haitzean zulatutako hiru metrotako zabal eta metro t'erdiko sakoneko lubanarroa (fossa) eta alboko lubeta (agger) azaleratu zituzten, erromatar kanpamentua zela egiaztatuz; castra aestiva (udako kanpalekua) motakoa, hain zuzen. Lehengo aldia da halako erromatar gotorlekua agertzen dela Gipuzkoa osoan.

    1936-1939 tartean soldaduak bertan gotortu zirenez, hainbat puntutan aztarnategia iraulita agertu zen zuten. Gainera, topatutako aztarna gehienak garai honetakoak ziren.


    Historian lagatako arrastoak

    Aurkikuntza hauek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuten, hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik omen datorrela.

    1922 urtean Julio de Urquijok artikulu bat[7] argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen Leloren kantuari buruzko izkribu batzuk aztertzen. Izkribu horietan, besteak beste, Mogelek dio:

    (Elezahar hori) Mosquirichu Mons quiritum izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bada, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta izen hori ematea.[8]

    Urte berean, Aranzadik, Barandiaránek eta Egurenek aipu berea jaso zuten Exploración de dieciseis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia bere liburuxkan, baina jatorria aipatu gabe.


    Erreferentziak

    1. Lurreko hesia, mendoitza edota ezponda moduan ere ezagutua.
    2. Juan Venantzio Arakistainek Tradiciones Vasco-Cántabras liburuan jaso zuenez, erromatarrei borroka neurtuetan hiru aldiz irabazi ostean (Erroma-Zelatun-Erroma) bakea sinatu zuten.
    3. Campamentos romanos en el País Vasco y Navarra. Historia y Arqueología (2018).
    4. Soraluzeko Kortazarreko Haitzakoaz gain, Kristo aurreko I. mendean Lumentxa (Lekeitio), Andagoste (Koartango), Fitero-Zentroniko, Gazplaz (Zizur) eta Zarbeta (Aranguren ibarra). Kristo osteko I. mendekoak dira Los Cascajos (Zangoza) eta Allide (Ibiriku). Tamaina aldetik ez dute zerikusirik Augusto enperadoreak Kantabriar Gerretan eraikitakoekin (K.a. 29-19), Palentziako Bernorio eta La Loma adibidez.
    5. Estrabonen arabera, Deba ibaitik ekialdera karistiarrak ziren, eta mendebaldera autrigoiak
    6. Karakate mendia. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
    7. La Crónica Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo. Julio de Urquijo e Ibarra (RIEV Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, 13 alea, 3.zbk. 458-282 orr.)
    8. Si (la leyenda) se funda en alguna especie de tradición, que ha quedado, de que Mosquirichu es corrupcion de Mons quiritum, pudo suceder que viniendo los romanos por Deva suviessen a dho monte y le diesen tal nombre.