San Ignacio musika banda (eu)

    Sorapediatik
    San Ignacio musika banda Ezoziako plazan (1915)

    Historia

    Sorrera

    San Ignacio musika banda Soraluzeko Círculo Jaimistaren bazkide batzuk sortu zuten, 1913. urte inguruan. Herrian bazen beste banda bat, Paz y Labor liberala, eta hurrengo urteetan bion arteko tirabira galantak izaten ziren.

    San Ignacio banda sortu eta hurrengo urteetan Donostian izaten ziren banda lehiaketetan parte hartu zuen. Honi esker oso maila ona garatu eta mantendu zuen. Igandetan musika jotzen zuen, Círculo Jaimistaren egoitzan (gaur egun Bolia taberna dagoen tokian). Musika bai, baina ez zen dantzarik egoten, pekatua zelako. Liberalean, berriz, dantza izaten zen; batez ere Aratosteetan.

    San Ignacio musika banda Aste Santuko prozesio batean jotzen (1930/04)

    Udal Banda

    Berez, San Ignacio banda ez zen Udalarena, pribatua baizik. Baina Udalean karlistak agintzen zutenez, hitzarmena egin zuten elkarrekin, dirulaguntza baten truke zuten bandarekin urtean zehar hainbatetan jotzeko.

    Halaxe jasotzen da 1930.ko liburu batean[1]:

    Placencia. 2.500 habitantes. Banda Municipal.

    1932.eko apirilean desegin zen hitzarmen hau. Aurreko urtean Espainiako Errepublika aldarrikatu zutenez, urteurrenean Udalak kaleak girotzeko eskatu zien, tartean Himno de Riego[2] joz. Eta San Ignacio bandakoek Errepublikaren ereserkia jotzeari uko egin ziotenez, Udalak hitzarmena apurtu zuen.

    Urte hartako abuztuko jaietan Zestoako banda ekarri zuten, eta iskanbilak sortu ziren herrian.

    Mitinak girotzen

    Maila altuko banda zenez, karlistek gerra aurreko mitin eta ekitaldi guztietara deitzen zuten: Haro, Azkoitia, Zumarraga, Oñati, Zarautz... San Ignacio bandare izena ekitaldien propaganda gisa erabiltzen zuten.

    Bandak egindako zerbitzuengatik, Jaime III.ak Debekatutako Legitimitatearen Ordenaren domina eman zizkion Soraluzeko Círculo Jaimistari.

    Gerra eta osteko urteak

    Gerra garaian, 1936.eko uztailetik iraila arte batzuk espetxeratuta eta beste batzuk sasian ibili ziren. Irailak 22an, arratsaldeko 6:30tan, Perez Salas komandantea sartu zen herrian eta zazpiretarako San Ignacio banda aurrera eta atzera omen zebilen jo era ke Oriamendi jotzen.

    Orduan herrian San Ignacio musika banda geratu zen bakarrik, Paz y Labor banda liberala desegin zutelako. Bakarra zenez, inguruko herrietan Plaentxiako bandia esaten zioten. Honetaz gain, egoitza ere aldatu zuten, Batzokia inkautatu zutelako. Karlistak berriro agintean, Udalak berritu zuen hitzarmena, eta dirulaguntza eskuratuko zuten urtean zehar hainbatetan jotzeagatik.

    Herrian jotzeaz gain kanpoan ere jotzen zuten. Urtero urtero Montejurrara joaten ziren, mendira igotzen instrumentu eta guzti. Eta ekitaldi politikoetara deitzen zuten, lehengo modutan. Esateko, 1962.eko apirilean Donostian jo zuten, Oriamendi borrokaren 125. urteurrenean. Ekitaldia hasteko Oriamendi jo zuten, eta bukatzerakoan Gernikako arbola eta Espainiako ereserkia[3].

    Horretaz gain, inguruko herrietatik ere deitzen zuten, jaietan jotzeko.

    Azkenik, 1960. hamarkadan gainbehera etorri zen.


    Zuzendariak

    Bandakoen antzera, zuzendariak ere soraluzetarrak izan ziren, salbuespenen bat kenduta:

    • Arsenio Maiztegui Treviño (1914tik 1920 edo 1921 arte).
    • Claudio Onaindia (1920. hamarkadan).
    • Roque Treviño Maiztegui (1932 edo 1933 inguruan).
    • Carlos Larrañaga eibartarra, 1934.eko iraultzan Eibarren bertan erail zutena (1934/10/05).
    • Claudio Onaindia (bigarren aldia).
    • Herman Oregui (1944.tik aurrera).

    Banda zuzentzeaz gain, zuzendariek musika eskolak ematen zituzten, bandakideak izan ala ez. Modu honetan, bandaren maila igotzen zuten eta musikariberriak sortzen zituzten.


    Ezkerretik hasita, atzeko ilaran Jesus Galarraga Malmero, Jesus Galarraga Belgia, Alejandro Oregui Zabale, Laureano Aristi Tejerua, Anjel Bolumburu Biribiltxo, Placido Oregui Toto, Tomas Placencia Txamarro, Esteban Oregi eta Miguel Larrañaga Aispua.
    Erdiko ilaran Ramon Arana Nazarionekua, Eusebio Aldazabal Perikillua, German Urizar Arteta, Toribio X, Ignacio Gallastegui Molde, Sotero Achotegui, Simon Artolazabal Txingor, Jose Mari Aldazabal Mayo, Fausto Aristi Tejerua, Benigno Maiztegui Txokolaterokua eta Perico Artolazabal.
    Aurreko ilaran Jesus Ucin, Claudio Onandia Ermu, Arsenio Maiztegui Mantxiku, Maurizio Larrañaga Aldianua eta Ramon Bereicua.


    Eibarko jaietan

    Juan San Martin-ek Zirikadak liburuan jasoa:

    XI. PLAENTXIA'KO MUSIKAKO BANDIA
    Sanjuanak eltzen diranian, Eibar'ko jaiak dirala-ta, erriko musikerueri be jai emoten detse, eurak pe erriko jaiekin aprobetxau deitian; eta erbesteko musikuak ekartzen dira. Kanpoko banda orren tartian Plaentxia'kua be urtero ekartzen da. Bandarik zelebriena izanda nola ez ekarri, orixe bai; Eibar'ko erria, jaietan, ez dago Plaentxia'ko musikako banda barik pasatzeko, ez orixe.
    Plaentxiar musikalariak, Eibar'en dabien famaz beintzat, Euterpe ta Bako'ren lagun maitaliak dira, eta musikia joten diarduen artian izaten dituen deskantzuetan zaliak dira txurrutari emoten, ta iñoiz, azken ordurako «atal»[4] makalak arrapatzen dituez; euren zuzendari edo diretoriak amaika zeregin izaten dau eurak zaindu eziñik. Ta, ez ori bakarrik, musikiak pe azkenerako ala-alakuak urtetzen dau; baña, plaentxiatarreri ez esan olakorik, euren ustez Eibar'tik pasatzen danik bandarik onena da; orretarako agiririk onena, eibartarrak ez dakiela berak barik pasatzen erriko jaiak; bai, eurak eta Estella'ko dultzaineruak.
    Urte baten, Plaentxia'ko diretoriak deitu zetsan Eibar'kuari, esanaz:
    —I, esaidak aurtengo jaietan ze piezatzuek jotia nai dozuezen.
    Ori entzun da nornaik pentsauko leuke gutxienez Filadelfiako orkestiak besteko repertorioa zeukela.
    Eibar'ko diretoriak onela erantzun ei zetsan:
    —Ara, piezak nai dozuezenak jo zeikiez, baña gauza bat bakarrik eskatzen detsuet: joten dozuena joten dozuela, danok batera amaitzia.


    Mitin eta ekitaldi politikoak

    Zeukan mailarengatik edo, askotan deitu zieten mitin eta ekitaldi karlista politikoetan parte hartzeko. Partaideak erakartzeko erabiltzen zituzten, "telonero" gisa. Bestetan, banda berak antolatzen zituen bidaiak, kanpoko karlisten laguntzaz. Modu honetan herri asko ibili zituzten, eta ez bakarrik inguruan: Haro, Azkoitia, Zarautz, Ordizia, Oñati...

    Zuzendariek gerora komentatu zutenez, musikariek ez omen zuten ezer kobratzen, eta gainera bidaia bere kasa ordaintzen zuten. Baina, hori bai, mitinaren aurretik edo ostean otoruntza publikoa izaten zenez, bertara inbitatzen zituzten.

    Txango batean (A. Bolumburu 1929)


    Haro (1930/06/14 eta 15)

    Egun hauetan asteburu pasa joan ziren Harora eta, hainbatetan jotzeaz gain, oso programa betea izan zuten: afaria, meza, ardandegien bisita, otoruntza... Orduko kronika batek halaxe azaltzen zuen[5]:


    Placenciako leialak

    Jaimista errioxarrak ezagutu eta tratatu nahirik, joan den larunbatean, hilak 14, gure hirira iritsi ziren Soraluzeko berrogeita bost leial, beren musika-bandarekin, San Ignacio deitua; eta herrian zehar ibili eta urdailak indartu ondoren, dantza bat eman zuten gure Etxeko aretoetan, amaitu arte oso bizia izan zena; bertaratu ginen guztiak gure burukideen musika-dohainekin ondo asetuta irten ginen.

    Igandean, goizeko hamarretan, pasodoble alaien akordeekin eta ia denak txapel gorria jantzita, Vegako Andre Mariaren Basilikara joan ginen, bertan meza egin zela txangozaleen omenez. Gizon eta emakume fededunek eliza bete zuten.

    Ondoren, talde handi bat osatuz, Rafael L. de Herediaren Upategi ospetsuak erakutsi zizkien kanpotarrei, eta bertan Errioxako ardo goxoak dastatzeko aukera izan zuten, baita jaso zituzten adeitasuna eskertzeko ere.

    Ordu batean banketea egin zen Círculoko areto handietan. Laurogei mahaikide baino gehiago bertaratu ziren, alaitasuna eta anaitasuna nagusitu zirela, eta, amaitzerakoan, musika-bandak kutsu jaimistako pieza hautatuak jo zituen, eta biba eta txaloak jaso zituzten beren lanaren sari gisa.

    Bost t'erdietan autobus ederrean irten ziren Bastidarantz, handik beren herrira jotzeko. Arabako herri atsegineraino burukide harotar ugarik lagundurik. Han agur bero bat egin zitzaien, eta gure hiriaren eta gure Buruzagi maitearen aldeko ohiu biziak entzun zirela...

    Alde batetik, jaimista errioxarrok zorionak eman nahi dizkiegu Soraluzeko gure burukideei, musika-banda eusteko egiten duten ahaleginagatik, eta, bestetik, gure esker ona adierazi nahi diegu ikusleei, gure herria aukeratu dutelako udako lehen txangoetako helburua.

    AVEINAIDEN

    Haro, 1930eko ekaina.


    Azkoitia (1930/09/18)

    Azkoitiako Círculoaren inauguraziorako ere Soraluzeko banda karlista deitu zuten. Jendea erakartzeko asmoz, halaxe iragarri zuten:

    ...ekitaldiak Soraluzeko Círculoko musika-banda ospetsuak, San Ignazio izenekoak, girotuko ditu, izaera eta kutsu tradizionalistako euskal lanen kontzertu bikaina emango duena.

    Orduko aldizkari karlistek jaso zutenez, eguna oso ondo joan omen zen[6]:


    Soraluzeko Círculo Jaimistako musika banda::Azkoitiako sarreran Soraluzeko Circulo Jaimistaren musika banda zegoen, bidaiari ospetsuen zain...

    (meza ostean) segizioa antolatu zen eta Círculo berrira joan ziren, aurretik dantzariak eta Soraluzeko Circulo Jaimistaren San Ignacio musika banda zihoaztela, bere nota alaiak jendetzaren bitorrekin nahasten zirela...

    San Ignacio banda distiratsuak, zuzendariak maisuki zuzendua (tamalez ez dugu izena gogoratzen), kontzertu bikaina eman zuen jarraian, Azkoitiako neska ederrek dantzatutako izaera eta kutsu tradizionalistako euskal lanak joz...

    Emozio handiko unea izan zen banda Gernikako Arbola jotzen hasi zenekoa. Bere nota dotoreak airera botatzean, jendetza eskerga hura...

    (Bazkariaren ostean mitina, eta gero...) Mitina amaitu ondoren, desfilea egin zen banderekin, txistulariekin eta Soraluzeko bandarekin, eta guztiak Udaletxeko plazara joan ziren. Han, Azkoitiako Círculoko dantzariek berriro entretenitu gintuzten beren dantza erregionalekin, eta bandak ere kontzertu bikaina interpretatu zuen.


    Zarautz (1931/09/25)

    Iraila bukaeran beste mitina izan zen Zarautzen, Ideal frontoian. Bertan San Ignacio musika-bandak ere bere rola jokatu zuen, modu oso "dramatikoan" gainera[7]:


    Pilotalekua jendez gainezka zegoenean, Soraluzeko banda agertu zen Oriamendi jotzen. Gazte batek, palko batetik, Espainiako bandera bat atera zuen, alde batera eta bestera gartsuki mugituz. Orduan, Oriamendi isildu zen Errege Martxari lekua egiteko. Gogo-berotasuna zoratzekoa izan zen, kementsua. Jendeak elkar besarkatzen zuen, malkotan, biba eta gora ozenak botatzen.


    Gutxi iraun zuten berotasun haiek, handik astebetera Jaime III.a erregea hil zitzaien eta.

    Otxandio (1931/10/01)

    Zarauztik Otxandiora, bertako Círculo Jaimista inauguratzera[8]:


    Mitina Otxandion.

    Otxandioko Círculo Jaimistaren inaugurazioa zela eta, jai egun handia izan zen Bizkaiko herri atseginean.

    ... Soraluzeko Círculo Jaimistako musika bandak euskal musikaren kontzertu bikaina eman zuen.

    Ekitaldi honetan parte hartu zuten artean... Círculo eta Udal Batzarren ordezkaritzak... Soraluzekoa...


    Ordizia (1932/07/03)

    Errepublika aldarrikatu eta urtebetera ekitaldi politikoak bere hartan jarraitzen ziren, baina giroa dezente gaiztotu zen. Ordizian jai tradizionalista antolatu zuten eta, besteetan bezelaxe, Soraluzeko San Ignacio banda erabili zuten jendea erakartzeko[9]:


    Datorren igandean, uztailak 3, Don Karlos Borboikoak Foruen Zina egin zueneko urteurrenaren ospakizuna dela eta... ekitaldien egitaraua:

    ...Soraluze eta Oñatiko Círculoen musika banda ospetsuen etorrera.

    ...mitinaren ondoren euskal erromeria handia, aipatutako musika banda eta txistulariek girotuta.


    Baina iskanbila gogorrak izan ziren, agintarien gustokoak izan ez zirenak. Eta ondoren isunak etorri ziren[10]:


    Isun garrantzitsuak Ordiziako tradizionalistei:

    ...

    Oñatiko Círculo Tradicionalistako musika bandaren zuzendariari, berrehun eta berrogeita hamar pezeta.

    Soraluzeko musika bandari, kopuru bera.


    Harritzekoa dira agintariek erabilitako irizpideak: Oñatiko bandaren kasuan, zuzendariari jarrimzioten isuna, baina Soraluzeko kasuan, berriz, banda osoari. Ordurako San Ignacio banda ospetsua zelako, agian?

    Oiartzun (1932/09/25)

    Oiartzungo jaialdirako ere San Ignacio banda deitu zuten[11]:


    Oiartzungo jaialdi tradizionalista

    Mitinera 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira.

    ...Bederatzietan, gutxi gorabehera, Soraluzeko Círculoaren bandak sarrera arrakastatsua egin zuen, martxa airoso bat joz...


    Artziniega (1932/10/09)

    Urrian Artziniegan egon ziren, han ere egundoko arrakastarekin[12]:


    PROPAGANDA TRADIZIONALISTA

    Artziniegako ekitaldi handira milaka pertsona bildu ziren eta gogo berotasuna izugarria izan zen

    ... Meza oso hotsandikoa izan zen, santutegiko koruak Perossiren meza abestu zuen, Oñati eta Soraluzeko banda tradizionalisten partaideekin indartuta...

    Meza amaituta eta Oñatiko eta Placenciako bandak aurretik zituela, jende ugari bildu zelarik, ohorezko "aurreskua" egin zen herriko frontoian..

    Arratsaldeko hiru eta erdietan... mitina egin zen, eta hamabost mila entzuletik gorako jendetza bildu zen, bai Artziniegakoak, bai ehunka ibilgailutan etorriak: Aiarako bailarakoak, Losa ibarrekoak, Gasteizkoak, Urduñakoak, Oñatikoak, Soraluzekoak eta eskualdeko beste herri askotakoak.


    Oñati (1934/06/17)

    Bertako Círculo Carlista inauguratzeko, egundoko jaialdia antolatu zuten Oñatin.

    Programa oso betea zuten[13]: larunbata iluntzean kalejira, eta domekan bertan, dianaren ostean, bi meza: jaun hartzearena eta meza nagusia, azkej honetan banderak bedeinkatuko zituztela. Gero, Círculoaren bedeinkapena, ezpatadantzariak eta bazkari herrikoia.

    Eguerdiko ordu bi t'erditan "Soraluzeko Círculoaren musika banda distiratsuaren etorrera". Eta mitinaren ondoren, "Soraluzeko eta Oñatiko Círculoen musika bandek girotutako erromeria bikaina".

    Baina jaialdia ezin izan zen pakean bukatu: Guardia de Asalto[14] Zubillagan zegoen zain, eta kargak eta tiroak izan ziren. Gainera, iluntzean Galdakao inguruan mitinetik zetozen karlistak tirokatu eta bi pertsona larri zauritu zituzten[15].

    Urte batzu geroago, San Ignacio bandaren zuzendariak gogoratzen zuen zelan jo zuten Oñatiko plazako kioskoan karga eta tiroen artean, baina piezak eten barik[16].


    Debekatutako Lejitimitatearen Ordena. Domina

    Debekatutako Lejitimitatearen Ordena

    1923. urtean orduko errege karlistak, Jaime III.ak, Debekatutako Legitimitatearen Ordena[17] sortu zuen, bere alde egindakoak edota pairatutakoak saritzeko. Ikurra, edo domina, Covadongako gurutzea da, zinta marra beltz eta berdeak dituen zinta batetik zintzilik: beltza, erbesteko dueluarengatik, eta berdea, garaitzeko itxaropenarengatik.

    Zazpi urte geroago (1930) baten batek pentsatu zuen Soraluzeko San Ignacio bandak erakutsitako "gogo eta leialtasun froga ugariak" saria merezi zutela, eta Don Jaimek Ordenaren domina Soraluzeko "Círculo Jaimista"ri eman zion:


    Honen bidez, Gipuzkoako Soraluzeko "Círculo Jaimista"ri Debekatutako Legitimitatearen Ordenaren domina ematen diot. Bere musika bandak gogo eta leialtasun froga ugari eman ditu, Euskal Herrian antolatu berri diren ekitaldietan parte hartuz. Parisen, mila bederatziehun eta hogeita hamar-eko urriaren hamabostean. Jaime[18].


    Pozik hartu zuten berria Soraluzeko karlistek, baina hurrengo hilabetetako gertaerek (Primo de Rivera diktadoreak alde egin zuen, Espainian errepublika aldarrikatu zuten, Jaime III.aren heriotza, errejimen berriak ez zituen karlistak gogoko...) ez zieten eman ospatzeko aukera handirik.

    1932.eko ekainean pentsatu zuten Círculoaren banderei Debekatutako Lejitimitatearen Ordenaren domina ezarri, programa honekin: meza handia (Circuloaren orfeoiak abestua), gero musika bandak kontzertua emango zuen eta ume tradizionalisten taldeek euskal dantzak erakutsiko zituzten, ostean otoruntza mundiala eta bukatzeko mitin erraldoia, puntako parlamentari tradizionalisten esku.

    Azkenean, 1933.ko maiatza bukaerako antolatu zuten ospakizuna. Orduko egunkari karlisten arabera[19], eguna oso arrakastatsua izan zen: 15.000 lagun etorri ziren Soraluzera!


    Izan ere, gogo biziz ospatu da Soraluzen mitin tradizionalista handia, eta kalkuluen arabera 15.000 lagun joan dira bertara.

    Donostiatik, Gasteiztik, Durangotik eta Oñatitik milaka burukide eraman dituzten tren bereziak atera dira. Deigarria izan da Azkoitiko autobus karabana izugarria.

    Círculoaren Bandak "Oriamendiko martxaren" nota zirraragarriak aireratu ditu. Ia ezinezkoa zen hiribildu armagileko kaleetatik ibiltzea.

    San Ignacio bandaren omenaldiaren karietara, hilaren 27an, kalejira eta kontzertua izan dira Círculoko egoitzan; 28an, jaunartze-meza ospatu da parrokian, zazpi eta erdietan, eta, geroago, meza nagusia, bertan Margariten bandera berria zein Haurrena bedeinkatu direla.

    Eguerdiko hamabietan, Plaza Barrian, euskal dantzak erakutsi dituzte Gorulariak taldeak eta Durangoko Espatadantzariek, eta ondoren kontzertua eman du San Ignacio bandak.

    Ordu batean oturuntza ofiziala egin da, ehunka mahaikide bertaratu direla. Ordu bietan Oñatiko Círculoko musika banda iritsi da eta harrera beroa egin diote.

    Lauretan, udal frontoian, mitin handia eman dute Agustin Telleria jaunak, Antonio Paguaga abokatuak (euskaraz), Iruñako A.E.T.ko Carmen Villanueva andereñoak, Jesús Elizalde abokatuak eta Luis Hernando de Larramendi jaunak, abokatua hau ere. Ezin hobeto aritu dira, eta entzuleek biziki txalotu dituzte hitzaldiak.

    Mitinaren amaieran, iluntzera arte iraun duen euskal erromeria handia egin da, Oñatiko banda eta Soraluzekoa tartekatuz. Animo berotasun handiena izan da nagusi.


    Eguneko errege karlistak ere, Alfonso Carlos I.ak, zorionak bidali zizkion Soraluzeko Círculoari.


    Biribiltxonekua (2), Esteban Oregui (3), Placido Oregui (4), Jesús Galarraga (5) eta Laureano Tejerua (8). Aurreko ilaran, berriz, Perikilua (2), Jose Mari Ucín (4), Arsenio Maiztegui (5), Simón Artolazábal (7), Miguel Larrañaga "Aixpua" (12) eta Ermu Txikixa (13).
    Aurrekaldean, makurtuta bomboarekin, José Ramón Oregui.


    Irudiak

    (handiago ikusteko, sakatu gainean)

    Erreferentziak

    1. Anuario musical de España (1930), 221. orrialdea.
    2. Espainiako II. Errepublikaren ereserki ofiziala.
    3. El Pensamiento Navarro 1962/04/10.
    4. «Atal», mozkorraldi edo aitzurra esateko.
    5. El Cruzado Español, 1930/06.
    6. El Cruzado Español (1930/09/19).
    7. Memorias de una chófer. Dolores Baleztena.
    8. El Cruzado español (1931/10/02).
    9. El Siglo futuro (1932/06/29).
    10. El Siglo futuro (1932/07/08).
    11. (El Siglo Futuro (1932/09/29).
    12. El Siglo Futuro (1932/10/15).
    13. El Siglo Futuro (1934/06/16).
    14. Errepublikak sortutako polizia erakundea.
    15. La Nación (1934/06/18)
    16. Tertulia de directores. Juan de Zubieta (Unidad 1963/07/21).
    17. Orden de la Legitimidad Proscripta. Wikipedia (gazteleraz).
    18. Por la presente vengo en conferir las insignias de la Orden de la Legitimidad Proscrita al Círculo Jaimista de Placencia de las Armas, provincia de Guipúzcoa, cuya Banda ha dado tantas pruebas de entusiasmo y de lealtad, participando en los actos recientemente organizados en el País Vasco. Dado en París a quince de octubre de mil novecientos treinta. Jaime.
    19. El Siglo futuro (1933/05/31).