Udala. Foru garaia (1695-1766) (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: Hasiera batean, herri bakoitzak bere kudeaketa sistema zuen. Herri artean nahikoa antzekoak, baina elkarren desberdinak ziren, herri bakoitzaren egoerari egokituak: jardue...)(r)en berrikusketa, ordua: 22:47, 8 ekaina 2020
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Hasiera batean, herri bakoitzak bere kudeaketa sistema zuen. Herri artean nahikoa antzekoak, baina elkarren desberdinak ziren, herri bakoitzaren egoerari egokituak: jarduerak, historia, botere guneak...

    Sistema hauek biltzeko ordenantzak idazten ziren, gero eta osoagoak mendeetan zehar.


    1499 urteko ordenantzak

    Soraluzek gordetzen dituen ordenantza zaharrenak dira. Bertan aipatzen denez, udala osatzeko eta ordezkariak hautatzeko sistema aspalditik omen zetorren.

    Herritar guztien batzarrari "Udal Orokorra" esaten zioten, eta "udalkide" bertaratutakoei. Udalkidea izateko gizona izan behar zen, 30 urte baino gehiagokoa eta kaparea[1].

    Udal Orokorra oso gutxitan biltzen zen, gai edo arazo larrietan erabakitzeko; eta urtean behin ordezkariak aukeratzeko. Ordezkari multzo honi "Udal Itxia" esaten zioten.

    Soraluzeko Udal Itxian bost ziren ordezkariak, eta San Migel egunean (irailak 29an) aukeratzen ziren: alkatea, sindikoa eta hiru errejidore (edo teniente).

    Alkate hautaketa

    Alkate izateko zortzi hautagai izaten ziren, lau kaletar eta lau baserritar. Gizonak denak, 30 eta 60 urte artekoak.

    San Migel egunean Udal orokorra biltzen zen. Joan zen urteko hautagai ohiek izen bana proposatzen zuten, eta aldi berean zin egiten zutela persona egokienak zirela. Hautagai bakoitzaren izena bere paperean idatzi, eta zortzi paperak lurrera botatzen ziren. Ume batek paper bat hartu eta alkateari ematen zion. Honek ozenean irakurtzen zuen alkate berriaren izena, hurrengo hamabi hilabeteetan herriko alkate eta epaile arrunta izango zena.

    Alkate berriak izendapena onartzen ez bazuen, 10.000 marabediko izuna ordaindu behar zuen, eta beste zazpi hautagaien artean aukeratzen zen alkatea. Dena dela, inork alkatea izateko ezintasuna bazuen, San Migel baino 30 egun lehenago alkateari adierazi behar zion.

    Urte bateko hautagaiek ezin zuten hautagai izan hurrengo hiru urteetan. Alkateak, berriz, hamar urteko epean libre zegoen.

    Gainontzekoak

    Sindikoa alkatearen modu berean aukeratzen zuten, zozketaren bidez.

    Gero, alkate eta sindikoak hiru errejidoreak (tenienteak) izendatzen zituzten, zuzenean.

    Egunean bertan beste arduradun publiko ere izendatzen zuten: Santa Maria la Real parrokiaren maiordomoa, ermitenak, ospitalarena...

    Alkateak (eta beste postu batzuk)

    Oharra: Alkateak aldiberean herriko epaile arruntak ziren. Sindikoei sindiko-prokuradoreak ere esaten zitzaien. Alkateordeei, berriz, (alkate) tenienteak, bigarren alkateak... Urte berean bi alkate ager daiteke, aldaketa San Migel egunean ematen zelako.
    Urtea Postua Izena
    1339 Alkatea Pedro Ruiz de Aguirre
    1481 Alkatea Garçía Ybannes de Larriategui
    1481 Sindikoa Juan Peres de Argarate
    1499 Alkatea Estibaris de Churruca
    1499 Tenientea Joan García de Arreguia
    1499 Alkatea Pero Martines de Yrigoen
    1499 Sindikoa Domingo de Ezquiaga
    1505 Alkatea Juan Martines de Urruscarate
    1506 Alkatea Lope Urtís de Aseguinolaça
    1506 Sindikoa Domingo de Arteaga
    1506 Tenientea Juan Garçía de Arreguia
    1506 Alkatea Lope de Acheguinolaça
    1511 Alkatea Domingo Yvannes de Loyola
    1512 Alkatea Domingo Ibáñez de Loyola
    1513 Alkatea Pero Sánchez de Yturbe
    1517 Alkatea Juan Garçía de Larriategui
    1517 Alkateordea Pero Estibalis de Arana
    1517 Sindikoa Domingo Peres de Arteaga
    1584 Alkatea Martín lbañez de Arizaga
    1585 Errejidorea Juan lbáñez de Churruca
    1612 Alkatea Martín López de lturriaga
    1665 Alkatea Francisco de Yraola y Larreategui
    1666 Alkatea Domingo de Yraolagoitia
    1669 Alkatea Martín de Atucha


    1695ko ordenantzak

    Berrehun urte geroago gauzak ez zeuden ondo. Familia batzuk udaleko ordezkari postuak beren artean banatzen zituzten: hautagaiak, hurrengo urteko hautagaiak proposatzerakoan, beren ingurukoak proposatzen zuten. Eta alkate era sindikoak, errejidoreak aukeratzekoan, gauza bera egiten zuten.

    Gainontzekoentzat ezinezkoa zen udaleko postuak eskuratu, eta haserre zegoen. Azkenean, 1695 urtean ordenantza berriak onartu zituzten. Hauteskundeak egiteko San Migel eguna mantentzen bazen ere, prozedura aldatu zen.

    Kapare eta milaristak

    Aurreko ohituren arabera, hautesle eta hautagaiak kapare izan behar ziren. Baina honetaz gain milaristak ere; hau da, Soraluzeko etxe (edo baserri) baten jabeak izan behar ziren. Arrazoia, herriari kalte egin eta gero erantzun ahal izateko.

    Ordenantzak agintzen zuen kapare milaristen zerrenda prestatzeko, eta eguneratuta mantentzeko.

    Hautesleen aukeraketa

    San Migel egunean, herri-meza ostean, Espiritu Santuari otoitza egiten zioten, hauteskundetan laguntzeko. Ostean, kanpaiak jotzen zuen Udal Orokorra deitzeko, udaletxean. Eskribauak paperak prestatzen zituen, kapare milaristen izenekin, ozen irakurtzen dituen bitartean denok entzuteko eta, beharbada, demandan egiteko.

    Ostean, alkateak paperak banan banan tolestu eta ontzi baten sartzen zituen. Ondo nahastu ostean, ume batek lau aukeratzen zituen eta alkateari ematen zizkion. Hauek ziren hautesleak. Inoiz paperak guztion erdira bota ziren, eta umeak handik lau hartu zituen.

    Alkate hautaketa

    Bere lana zuzen beteko zutela zin egin eta gero, lau hautesleak beste gela batetara pasatzen ziren lau paper prestatzeko, izen banarekin. Alkate izateko proposatutakoak kapare milaristak izan behar ziren. Hautesleak halaxe nahi izan eta gero, paper bitan, hirutan edo guztietan izen berbera egon zitekeen.

    Gelatik irten, eta lau paperak alkateari ematen zioten, honek erditik tolestu eta ontzian sartzen zituela. Ume batek horietako bat ateratzen zuen, eta alkateari ematen zion. Honek alkate berriaren izena ozen irakurtzen zuen, eta besteei papera luzatzen zien denok egiaztatu ahal izateko. Gainontzeko hiru izenak isilpean gordetzeko, paperak apurtzen zituzten.

    Beste hautaketak

    Sistema berbera erabiltzen zen beste bederatzi kargu aukerarzeko: bigarren eta hirugarren alkateak (tenienteak), sindiko diruzaina eta prokuradore orokorra, hiru errejidore eta hiru maiordomo (Santa Maria la Real parrokia-elizarena, Hirutasun Santuaren ospitalena eta pobre lotsatien erakundearena).

    Tenienteak eta sindikoa kapare-milaristak izan behar baziren, gainontzeko postuendako edozein kapare, pobre ala aberats, hautagai izan zitekeen. Dena dela, hiru errejidoreetatik bata herri-kaskoari zegokion (ibaitik elizaraino), beste bat errabal edota inguruko auzoei eta, azkenik, hirugarrena baserriei.

    Izendapenak

    San Migel egunean bertan, Elizako bezperak bukatu bezain pronto, alkatea, sindikoa eta errejidoreak bildu behar ziren udaletxean urteko izendapenak egiteko: lau diputatu eskribau, lau mendizain, ermiten maiordomoak, alguazila eta bi bula kobratzaile (bata kalean eta baserrietan).

    Izendapenak, ahal bazen, aho batez egiten ziren. Bestela, botazioz. Enpate kasuan, zozketaz.

    Alkateak (eta beste postu batzuk)

    Urtea Postua Izena
    1700 Alkatea Juan Andrés de Mendiola
    1706 Alkatea José de Lasalde
    1713 Alkatea Juan Sebastián de Isasi
    1740 Alkatea Ignacio de Sarasqueta
    1743 Alkatea José de Mendiola
    1745 Alkatea Juan Tomás de Solarte
    1745 Alkateordea Bartolomé de Beristain
    1745 Sindikoa Ventura de Armendia
    1745 Errejidorea Manuel de Mendiola
    1745 Errejidorea José de Arzamendi
    1746 Alkatea Juan Ignacio de Beiztegui
    1747 Alkatea Juan Tomás de Solarte
    1749 Alkatea Manuel de Mendiola
    1758 Alkatea José de Lasalde


    1746eko errolda eta hautesle-zentsoa

    1746 urtean udal kudeatzaileak hauek ziren: Juan Tomás de Solarte (alkatea), Bartolomé de Beristain (tenientea), Ventura de Armendia (sindiko-prokuradorea), Manuel de Mendiola (erregidorea) eta José de Arzamendi (erregidorea).

    Urte hartan Agustín de Azcarate eskribauak Soraluzeko errolda osatu zuen (gizon helduen errolda, hain zuzen). Bost taldetan bereizi zituen biztanleak: milarista kapare kaletarrak, baserriko milarista kapareak, kaletar kapare EZ milarista, baserritar kapare EZ milarista eta gainontzeko biztanleak.

    Mota Kaletarrak Baserrietakoak Guztira
    Milaristak 25 21 46 14%
    Ez milaristak 112 50 162 51%
    Kanpotarrak 111 111 35%
    Guztira 248 71 319 100%

    Errolda azterketa

    Errolda honetan badira hainbat puntu nabarmentzen direnak.

    Alde batetik, "kanpotarren" kopuru altua. Hau da, kapare ez zirenak edo, behintzat, Soraluzen bere kaparetasuna aitortua ez zutenak. 111 gizon dira, guztien %35a. Soraluze herri industriala izanik, eta XVIII mendea ekonomikoki oso oparoa izan zenez... etorkin asko etorri ziren. Gehienek, euskaldunak izatez, kaparetasuna frogatzeko aukera garbia zuten, baina prozesuak zekarren kostuak ez zuen merezi, milaristak ez baziren behintzat.

    Herriko biztanleen artean kaletarrak %77a da, oso kopuru altua inguruko herriekin alderatzen badugu. Honen atzean arrazoi bikoitza dago; alde batetik, Soraluzeko lurrak nekazaritzarako oso egokiak ez izatea, eta bestetik industriak betidanik izan duen indarra. Milaristen (etxejabeen) artean, berriz, banaketa askoz orekatuagoa dago: 25 eta 21.

    Kaletarren artean, eta kanpotarrak kontutan hartu barik, gehienak jende arrunta ziren, milaristak (etxejabeak) %20ra heltzen ez zirela. Baserritarrei erreparatzen badiegu, guztira 71 gizon agertzen dira (Soraluzeko baserri kopuruaren gertu), baina hoietatk bi herenak ez ziren milaristak, maizterrak baizik.

    Hautesle zentsoa

    Erroldan agertzen ez diren andreek, eta 30 urte beherako gizonek, ez zuten udalkideak izateko eskubiderik.

    Errolda honen arabera, 319 lagunetatik %35k (111) ez zuten udalkideak izateko eskubiderik, "kanpotarrak" zirelako (ez ziren kapareak).

    Beste %51k (162) ere ez zuten udalkideak izateko eskubiderik, milarista (etxejabeak) ez zirelako.

    Azken finean, hautatuak edota hautatzeko eskubideak zutenak 46 lagunek zuten (kapare milaristak), besterik ez: 25 kaletar eta baserrietako 21.

    Beraz, erregimen zaharreko "euskal foru demokrazia" hartan gizonen %14ak besterik ez zuten parte hartzeko eskubidea. 18-30 urte beherakoak eta emakumeak kontutan hartzen baditugu, udalkideak %5 inguruan egon zitekeen.


    Erreferentziak

    1. Gaztelaniaz hijodalgo, hidalgo edo noblea. Eta, zeintzuk ziren kapareak? arbaso kapare zutela frogatzeko gauza zirenak; hau da, Soraluzen "bizi guztiko" soraluzetarrak. Kanpokoek prozesua behar zuten kapare zirela frogatzeko, eta honek diru asko kostatzen zuen.