1598.eko izurritea (eu)
XVI mende bukaeran Izotz Aro txikia hasi zen eta, orokorrean, eguraldia zakartu zen. Lehorrean, uztak galdu edo atzeratu ziren; eta itsasoan, ekaitzak arrantza zein garraioa zaildu zituen, batez ere negu partean. Ondorioz, XVI mendetik XIX mendera izurriteak asko zabaldu ziren. Oso gogorra izan zen XVI mende bukaerako nafarreria edo baztanga[1] izurritea.
1597 urtea
Izurria mendebaldetik heldu zen Gipuzkoara, kosta aldetik. Aurreko negua oso hotza izan zen, eta inoiz larregizko beroak ere izan ziren; uda eta udazkena beroak eta umelak etorri ziren, gaixotasunak zabaltzeko oso eguraldi aproposa. Apirilean izurritea Galiziako Ferrolen eta Kantabriako Lau Hirietan[2] sartu zen, eta uztailean Bizkaiko itsasertzera (Lekeitio, Mendexa eta Berriatua) heldu zen. Eta uztaila-abuztuan Donostia eta Pasai San Pedro kutsatu zituen. Arduratuta, Gipuzkoako Aldundiak probintziako herriei hainbat neurri hartzeko aholkatu zien[3]: hasteko, herri sarrerak zaindu, kostaldeko kutsatutako herrietatik zetorren guztia atzera botatzeko; bigarrena, beharrezko baimenak ibiltariei eskatu; hirugarrena, eskaleei sarrera ukatu, nahiz eta baimenak izan; azkenik, Espainia eta Frantzia arteko muga itxi. Dena dela, neurri hauek ez ziren ezarri modu berean herri guztietan, eta urrian izurria Lezon sartu zen, eta azaroan barnealdeko hiru herritan: Asteasu, Oñati eta Oiartzunen. Neguarekin batera izurriak atzera egin zuen, eta bideak zabaldu ziren. Eta kutsatutako herrietan etxeak garbitzeari ekin zioten, bertarako sarbidea baimendu baino lehen. 1598ko martxoak 22an korrejidoreak, Donostia bisitatu ostean, izurritea desagertu zela bermatu zuen.
1598 urteko uda
Baina, udako beroarekin batera, 1598ko uztailan izurritea berpiztu zen Bilbon, Donostian, Soraluzen, Oñatin, Errenterian, Astigarragan eta Lesakan: ‘’Agiria izurritea Bilbon agertu dela esanez, baita Oñatin, Soraluzen eta Donostian, eta Iruñako erregeordeak Nafarroarekin harremanak izateko jarritako baldintzei buruz (1598/07/09)’’[4]. Aurreko urtean Aldundiak agindutakoak indarrean jarri ziren atzera. Eta, hainbat lekutan, jendea egoeraren jakinean jartzeko herriko ateetan oholak jartzen zituzten kutsatutako herrien izenekin. Jose Antonio Azpiazu historialariaren arabera, urte hartako bi herri zigortuenak Soraluze eta Oñati izan ziren.
”Zerrenda beltzak”
Informazioa ‘’zerrenda beltzen’’ bidez zabaltzen zen. Oraindik izurritetik libre ziren herriek kutsatutako herrien zerrendak jartzen zituzten agerian, jendea bertara ez joateko. Logroñon, esateko, abuztuan izen hauek jarri zituzten harresietako ateen ondoan jarritako oholetan: ‘’Oñati, Soraluze, Bergara, Donostia, Astigarraga, Trasmiera, El Ferrol, Torrejón de Velasco, La Puebla de Montalban, Ascartza, Elorriaga, Arkaia’’[5]. ‘’Zerrenda beltzean’’ egoteak kalte ugari ekartzen zion edozein herriari. Bergara eta Elgoibar, esateko, Errioxako zein Arabako ‘’zerrenda beltzetan’’ agertu ziren eta, Gasteizeko gari-merkatuarekin harremanak zabalik mantentzeko, abuztuak 31an Logroño eta Gasteizko alkateei esan zizkien, idatziz, herri hauetan gauzak ondo zeudela eta izenak zerrendatik ezabatzeko.
Isolamenduak
Kutsadura ekiditzeko kutsatutako herriekiko harremanak zeharo mozten ziren. 1598ko udan izurritea Soraluzera heldu zenez, Bergaran (1598/07/18) zein Eibarren zaintza taldeak antolatu zuten, gau eta egun, Soraluzetik etor zitekeen inori sarrera debekatzeko. Talde hauetan herri guztiak hartzen zuen parte: kaletarrek, baserritarrek, apaizek eta andra ezkongabeek zein alargunek. Zaintza taldeak eratzea gutxi iritzita, soraluzetar batzuk Osintxuko dendaraino heltzen zela eta, abuztuak 31an Bergarako Udalak oholesia[6] antolatu zuen Mugarri parean, erdi-erdian ate handia zuela.
Izurritea Soraluzen: Prestaketak
Sasoi hartan izurriteak ez ziren gauza berria; herriek bazuten haien berri, eta ahal zen moduan saiatzen ziren aurre hartzen. Halaxe, Soraluzen 1526 urtetik aurrera indarrean zegoen ‘’Ordenantza Koadernoan’’ halaxe agertzen da:
- LXIIII atala.- Izurriteaz libratzea Jaungoikoaren laguntzaz
- Honetaz gain, eta zornaren izurriteaz itsaskorra, oso arriskutsua, ikaragarria eta jende asko hiltzen duenez, eta aintzinean izurriaz kutsatutako herrietatik alde egindako gizonei itsatsita inoiz herri honetara etorri den eta asko hil direnez, eta herrialdean kalte eta lan handiak ekarri dituenez, izurrite denboran inoiz berriro etor eta gerta daiteke. Nahiz eta honen konponbide osoa Jaungoikoaren eskutan dagoen., gizakiak, laguntzeko, bere laguntzarekin gorde behar dute, ahal duten konponbide onenak erabiliz eta, beraz, jaungoikoaren laguntzaz konponbideren bat jartzeko, zera agintzen dugu: izurrite garaietan hemengo alkate eta sindiko-prokuradorea gizon azkarrak izatea, eta izurritea zein lekutan dabilen jakin dezatela…[7]
Herri medikuarena zen beste aukera bat. 1580 urtean Soraluzeko zirujaua zen Juan de Churruca hil zen, eta gaixo larrienak Bergarara joaten ziren. Zirujau berria ekartzeko batzordea izendatu zuten, bi kaletar eta beste bi baserritarrek osatua. Segururena, kontratatu zuten zirujau berria Sebastián de Jauregui izango zen, nafarreria izurritean bera agertzen da herriko zirujaua eta. Izurritea zabaldu zenean ere medikuak behar ziren. Bergarako udalak Monasteriobide medikuak (aita eta semea ziren) inbitatu zituen bertara joateko. Baina, medikuak kutsatutako herrietan ibili zirenez, herritarren kezkak ekiditzeko gauez etortzea proposatu zien.
Kutsatuak
Kutsatuen bizitza
Inor kutsatze zenean, etxetik irtetzeko debekua jartzen zioten, eta isolatuta geratzen ziren. Gainontzeko bizilagunek beste etxeren bat topa behar izaten ziren, eta ez zen lan erreza, kutsatzeko beldurra zegoen eta.
Izagirre baserrian (gaur eguneko Izarre) gertatutakoak gauza asko argitzen ditu.
Bertako jabeak, Juan Ibáñez Izaguirre eta Ana bere arreba, kutsatu zirenean, Gainontzeko senide, morroi eta neskamek alde egin zuten. Neba-arrebak bakarrik geratu ziren baserrian, zaintzapean, beste inora joateko debekuarekin. Juanen suiaren bidez, Martín Ruiz de Aguirre, Sebastián de Jauregui herriko medikuaz kontratua egin zuten. Ez bakarrik artatzeko, baizik eta jaten emateko ere. Bisitako 15 erreal koarto kobratuko zituen, botikez gain. San Antonio egunean (1598/09/02) 100 erreal koarto aurreratu zizkioten medikuari, gainontzekoak osatu edo hil ostean kitatuko zituztela. Egunero bi aldiz joan behar zuen baserrira, janaria aurretik prest, gaixoei ‘’ahora’’ jaten emateko. Guztira 51 aldiz joan zen, eta erabiliko botikek 56 erreal balio zuten. Neba-arrebak osatu ziren, baina handik gutxira Ana hil zen, eta Juan gero. Fakturak kitatzeke zeuden oraindik, eta Sebastián de Jauregui medikuak auzia jarri zien bermatzaileei: Martín Ruiz de Aguirre bera eta Juan de Loyola armagilea (kutxagilea). Azkenean irabazi egin zuen[8]
Testamentuak
Gaixotu eta gero, askotan kutsatuek[9] testamentu berria egiten zuten. Aipatutako neba-arrebek, Juan Ibáñez Izaguirre eta Ana, gauza bera egin zuten. 1598ko abuztuan 4an Lucas de Iraola eskribauak testamentua prestatu zuen, eta Izarre baserriraino igo. Sinadura bertako ateetan egin zen, barrura sartu barik: ’’…testamentugileak Izagirre etxeko atalasean zeudela, eta eskribaua eta lekukoak pixkat okertuta, aipatutako gaitz kutsakorraren beldurrez…’’[10]. Eskribauak testamentua irakurri zien, eta hiru lekukoek sinatu zuten: Juan Abad de Saloguen abadeak (aitortu eta azken sakramentuak eman zizkiena), Juan Pérez de Argárate eta Andrés de Iraola, azken hauek baserriko ateak zaintzen zituztenak. Testamentugileek, Juan eta Ana, ez zuten sinatu, eskribauak beraiengana hurbiltzeko beldurra zela eta. Haien ordez Juan Abad eta Andrés de Zabaleta jaunek sinatu zuten. Gauza bera gertatu zitzaion Joan de Iturrao armagilea aberatsari, ez zuela testamentua sinatu ‘’ezinean, nahiz eta sinatzen jakin’’; hau da, ez zioten laga. Eta, denbora faltan, askotan testamentuak eskribau barik eman ziren, Catalina de Ernizqueta eta Prudencio de Iraola andra-gizonen kasuaren bezela.
Hil eta gero
Gaixoa hiltzen bazen, lurperatu behar zen. Hilotza eraman eta ehorzerakoan kutsatzeko beldurra zela eta, ez zen erreza ehoztzaileak topatzea… baina pattarrak kutsatzea ekiditzen zuenez… Azkena kutsatutako gauza guztiak erretzea izaten zen: arropak, oheak, altzariak… inoiz etxea ere. Pedro de Sagarraga armagileari Sagarraga etxea bi aldiz erre zioten:
- ‘’…Soraluzetik legoa laurdenetara kutsatu egin zen, eta Soraluzeko etxe asko, eta kutsatutakoak hartzeagatik arropa asko erre ziren, bost hilabete baino gehiago giltzaperatuta egon ziren, eta herri ondoko etxe bat erretzeko agindu zuten, eta gauza gehiago…’’
Hildakoek Elizari utzitako diruak eta ondasunak, horiek bai, hartzen zituzten. (Hemen Eizagirrekoak sartu)
Kutsatu gabekoak
Giroa
1598 urteko udan Soraluzen ez zen giro. Ahal zutenek alde egin zuten, beste herrietara edota baserrietara, izurritearengatik ihes. Baina ihes egiteko aukera bizkor bukatu zen, gainontzeko herrietan izurrite iragarkiak zabaldu bezain pronto. Geratu zirenak izurritearen menpe bizi ziren, beldurrez. Gaixotu ez baziren, etxekideren bat gaixotu ostean osasuntsuak etxetik botatzen zituzten. Honetaz gain, jatekoak ere falta, kutsatutako baserrietan inork lanik ez zuelako egin eta bideak itxirik zirelako. Eta lanerako jendea eta osagaiak ere falta. Giro oso apal zegoen, Domingo de Olariaga abadearen testamentuak adierazten duenez:
- "osasuntsua izanik eta gorputzaren gaixotasunik gabe, bizitza laburra eta miseriaz beteta dela kontutan hartuta, eta hil behar dudala egia denez…’’
Gosea
Izurritearengatik bideak ixten zirenez, udal gehienek garia biltzen zuten, askotan herritarrei dirua mailegutan eskatuz. Bergaran, esateko, 1598ko abuztuko 23an udalak bilkura irekia deitu zuen; Oñati eta Soraluzeko izurriak gero eta handiagoak zirenez, etorkizunean edozein gauza gertatzen bazen bi mila dukateko mailegua onartu zuten garia eta beste beharrezko gauzak erosteko. Kutsatutako herriendako, nahiz eta dirua egon, oso zaila izaten zen garia erosi eta biltzea. Kutsatzeko beldurraz, inork ez zuelako nahi tratutan ibiltzea. 1598ko udan hau izan zen Soraluze eta Oñatiko kasua. Honetaz gain, kutsatutako baserrietan batzuk etxebarruan giltzapean gordeta zeuden, eta gainontzekoak sakabanatuta. Beraz, ez ziren uztak jaso. Haun denen ondorioz, gosetea zabaldu zen Soraluzen. Hala ere, 1598/11/12an Soraluze udalak Soraluzeko mandazainentzat Bergararen baimena lortu zuen bertako udalerritik pasatzeko, ez ordea Bergaran bertan sartzeko. Modu honetan Gasteizeko gari-azokara heltzeko aukera izango zuten. Baina bueltako bidean beste arazo handi bat zegoen: bidelapurrak. Elorregi edo San Prudentzio inguruetan ibiltzen ziren, Arrasate eta Bergara artean. 1599ko otsailan Soraluze udalak Arrasatekoari laguntza eskatu zion, arazo hau konpontzeko.
Lana
Armagileek kontratuak eginda zituzten, eta gainera penalizazioekin. Soraluze zen eskualde burua armagintzan. Isolatuta, ez ziren sartzen lehengarik, ezta beste herrietan landutako osagairik. Langile falta zen, asko gaixorik zeudelako edo hilda, eta kutsatu gabekoak oso ahul, gosearengatik. Gainera, ekoiztu zitezkeen arma bakanak ezin atera, heria isolatuta zegoelako. Kalte ekonomikoa bi aldetik etorri zen. Alde batetik izurritea iraun zuen hilabetetan lan egin zen zena. Eta bestetik penalizazioak. Halaxe aitortu zioten, 1599/11/11ko Erret Agindu batek, Gipuzkoako korrejidoreari zuzendua, Pedro de Sagarragari:
‘’…Pedro de Sagarragak, Soraluzeko biztanlea, arkabuz eta mosketeen forjaria dena, aurretik aita eta aitona ziren moduan, eta 1597 urtean 950 moskete egiteko konpromezua hartu zuena, eta gaitz kutsakorra hiribilduan sartu zela, eta bere etxean bere senideak hil zirelako etxea bi aldiz erre ziotela, kutsadura ekiditzeko, eskatu zuen bi urtetan zorrengatik preso hartu ez izatea ezta enbargatua; eskaera egia dela egiaztatuta, korregidoreari agintzen zaio eskatutakoa emateko.’’[11].
San Roke Txiki
San Roke-k eta San Sebastian-ek aspalditik izan zuten bere kapera parrokian. Halaxe, 1590 urtean Domingo Garzia Loiolakoa izendatzen da ‘’parrokiako elizan dagoen San Roke eta San Sebastianen’’ aldarearen arduradun. San Roke izurriteen kontrako patroia izanik, nafarreria izurritean harenganako debozioa asko hazi zen. 1597 urterako San Roke eta San Sebastianen irudien erretaula-hornazina eraikitzen hasi ziren. Hala baieztatzen du Joan Ibañez (Eizagirre baserrikoa) eta Ana Eizagirre Iraolakoa neba-arrebek 1597ko abuztuan egindako testamentuak. Testamentuak honela dio: ‘’Item. San Roke eta San Sebastianen irudien erretaula egiten laguntzeko hamabi erreal eta dukat bi bidaltzen ditugu (hurrenez hurten) eta mezak ordaintzeko...’’[12] Urte bi beranduago, eskultura-lanak bukatuta zeuden eta gastua herritar guztien artean banatu zuten, Pedro Iraolakoa eskribauak 1599ko abuztuaren 1ean jasotako aktaren arabera: ‘’...herritarren artean laurogeita lau dukatak banatua, Pablo Urrutiakoari ordaintzeko...’’[13] XVIII mendean San Rokeren beste irudi handia jarri zuten parrokian (ez aldiz San Sebastianena). Ordurako 1598 urtean egindako bi irudiak, San Roke eta San Sebastian alegia, San Roke ermitara eramanak ziren.
Izurrite bukaera eta ondorioak
Bukaera
Nafarreria izurriteak beste pare bat urtetan iraun bazuen ere, Gipuzkoan eragin gutxi izan zuen. 1598ko neguan Oiartzun eta Sunbilan kasu bakanak izan ziren, eta abenduan Hondarribian. Eta hurrengo urtean aipamen solteak daude abuztuan (Legazpia eta Azkoitia), irailean (Segura) eta azaroan (Eskoriatza).
Normalitatea berreskuratzen
Herri batean izurriteak indarra galtzen zuenean, bertako udalak eskatzen zuen isolamentua kentzeko eta ibileren askatasuna. Orduan korrejidoreak medikua edo beste pertsona bat bidaltzen zuen, bertatik bertara egoera egiaztatzeko. Dena dela, mesfidantza ez zen desagertzen. Bergarako alkateak esanda: ‘’…kontuz Oñatiko eta izurrite gaitza izandako beste herrietako arropekin (eroskiak), arreta eta zaintza handia behar zirela eta.’’[14]. 1599ko urtarrilak 25ean Gasteiz eta Logroñora mezulariak bidali zituzten, Oñati eta Soraluzen izandako izurriteagatik Deba Arroarekin itxitako komunikabideak zabaltzeko eskatuz.
Hildakoak
1597-1600 urteetako izurriteak 1.100 bat lagun hil zituen Gipuzkoan bakarrik, biztanleen %1,5a. Soraluzen oso gogor jo zuenez, litekeena da hiru edo lau aldiz gehiago hiltzea. 1.500 bat biztanle baziren, hildakoak %5 eta %10 artean egongo ziren; hau da, 75-150 pertsona (Donostian egiaztatu)
Kalte ekonomikoak
Alde batetik, hildakoen arropak eta altzariak erre ziren, eta etxeren bat ere (Pedro de Sagarragarena).
Hainbat baserrietan urte hartako uztak galdu ziren, bertakoak gaixotu edota alde egin zutelako.
Armagileek ere ezin izan zuten lanik egin, langileen eta osagaien faltaz, eta behartutako isolamentuarengatik.
Eta armagileek bigarren kalte bati aurre egin behar izan zioten. Pedro de Sagarragak eskatu zuen bi urtetan zorrengatik preso hartu ez izatea ezta enbargatua.
Andrés Ibáñez de Irure jaunak ere, izurritea zela eta ezin izan zuen arma eskaera bat garaiz bukatu, eta epe berria eskatu zuen:
‘’Andrés Ibáñez de Irure, Soraluzeko biztanlea, arkabuz eta moskete kainoiak forjari maisua, honako hau adierazten du: 1598 urtean Jerónimo de Aibar ikuskatzailearekin hitzarmena egin zuela, 600 arkabuz kainoi egitekoa, eta izurritea zela eta beste arrazoi batzuengatik ezin izan zuela hitzartutakoa bete, eta aurretik kobratutako dirua atzera emateko eskatzen diotela; beraz epea luzatzeko eskatzen du eta bitartean atzetik ez ibiltzeko.’’Aipamen errorea: Closing </ref>
missing for <ref>
tag.
Toponimia
Nafarreria izurriteak bi izen laga zituen Soraluzeko toponimian. Alde batetik, garai batean Sagarraga etxeari Nafarranekua ere esaten zitzaion (izenak nafarreriarekin lotura izan dezake). Jakin badakigu Pedro de Sagarragari etxea bi aldiz erre ziotela, kutsatutakoak bertan hil zirelako. Handik oso gertu Kukupe iturria edo Ospittal iturria dago, Sagar-errekaren errepide ondoan. Sagarraga baserria herritik kanpo dagoenez eta aldiberean gertu, oso toki aproposa zen ospital gisa erabiltzeko, kutsatutakoak bertara bidaliz. Hortik Kukupe iturriaren izen berria, Ospittal iturri.
Hurrengo izurriteak
1598 urteko nafarreria izurritea ez zen Soraluzek sufritutako azkena. Gutxienez beste lau alditan izurrite larriak izan ziren. 1700ko martxoan, larritasunak eraginda San Roke ekarri zuten parrokiara. Nahikoa ez zelakoan, hurrengo egunotan San Sebastian eta Ezoziako Andramaria ere ekarri zituzten. 1755ko irailean ere San Roke ekarri zuten, eta parrokian bederatziurrena egin, gaixotasun horiek bukatzeko] 1856eko abuztuan ere, colera morbo asiático izurritea izan zen. Baina Soraluzera ez omen zen etorri, edo oso arina izan zen, ze Udalak San Rokeri bederatziurrena egiteko agindu zuen, esker onez. 1918 urtean, berriz, gripe izurritea izan zen. Haren eraginez 36 pertsona hil ziren, 22 gizonezko eta 14 andrazko.
Erreferentziak
• Cambio climático y transformaciones económicas en Gipuzkoa entre los siglos XVI y XVII. Álvaro Aragón Ruano (Los papeles de Pedro Morgan, Historia, clima y calentamiento global, 2011). • Esa enfermedad tan negra. La peste que asoló Euskal Herria (1597-1600). José Antonio Azpiazu (Aterpea 2011).
- ↑ Nafarreria edo baztanga. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Las Cuatro Villas: Castro Urdiales, Laredo, Santander eta San Vicente de la Barquera.
- ↑ Carta de la Diputación diciendo que la enfermedad contagiosa va picando en Laredo, Santander y las cuatro villas de la Costa, y no se admitan las procedencias de aquellos puntos: que no se permita tampoco postular a los pobres porque no se sabe de dónde proceden. Archivo Histórico Municipal de Hondarribia (1597/09/11).
- ↑ Comunicación participando que la enfermedad ha hecho su aparición en Bilbao, así como en Oñate, Placencia y San Sebastián, y dando cuenta de las condiciones en que el Virrey de Pamplona admite el libre trato con esta Provincia (1598/07/09).
- ↑ Oñate, Plasencia, Bergara, San Sebastian, Astigarraga, Trasmyera, el Ferrol, Torrexon de Belasco, La Puebla de Moltaban, Ascarça, Lorriaga, Arcaya. Logroñoko udal akten liburua (1598/08/14).
- ↑ Latesia, zuresia, lata, enpalizada.
- ↑ Capítulo LXIIII.- De la goarda de la pestilençia con la ayuda de Dios.
Otrosy, por quanto la pestilençia de la landre es pegadiza, mui peligrosa, espantosa e mata mucha jente, e en los tienpos passados alguna bezes ha benido a esta villa apegado de omes que benieron de lugares do corría pestilençia, e han muerto muchos, de que ha benido en la tierra grandes dapnados e fatigas, rreçelando que asy podía benir e acaesçer adelante en tienpo de pesstilençia e aunqu’el rreparo e rremedio entero d’ello es nuestro Sennor Dios, los omes, en quanto en ellos es, con la su ayuda, dévense goardar, ponyendo los mejores rremedios que podían e, por ende, con desseo de poner algún rremedio con la ayuda de Dios, hordenamos e mandamos que los alcaldes e procurador syndico que acaesçieren en este lugar en los tienpos de las tales pestilençias, sean despiertos e diligentes e sepan en qué lugar o lugares corre…
Cuaderno de Ordenanzas del Concejo de Placencia de 1526. Soraluzeko Udal Artxibategia. Udalbatzaren Pribilegio-liburua. Sign. 38-A. s/f. - ↑ Exigir el pago de 871 reales por las 51 veces que el demandante fue a curar y dar de comer a Juan Ibañez de Lizaguirre y su hermana Ana, enfermos de la peste, al caserío de Lizaguirre, pago al que se comprometió el demandado. Sebastián de Jauregui, cirujano resudente en Placencia contra Martín Ruiz de Aguirre, vecino de Placencia. Archivo de la Real Chancillería de Valladolid (1598/10/19).
- ↑ Sebastián de Jauregui: ‘’Gaixorik eta ohean nagoela… heriotzaren beldur…’’
- ↑ Estando los dichos otorgantes en el umbral de las puertas de la casa de Izaguirre, y el escribano y los testigos algo desviados por la sospecha del dicho mal contagioso.
- ↑ …que constándole ser cierta una súplica de Pedro de Sagarraga, vecino de Piacencia, que trabaja en forjar arcabuces y mosquetes y lo mismo hicieron su padre y su abuelo, y que el año 1597 se obligó a hacer 950 mosquetes y por haber entrado el mal contagioso en la villa y haber muerto en su casa familiares de él, se la quemaron dos veces consecutivas para evitar el contagio, se le otorgue que en el plazo de dos años no pueda ser preso ni embargado por deudas, ordenándose al corregidor que se ie conceda’’ (Simancaseko Artxibategi Orokorra. Aintzinako Gerra, 85. liburua, 56. orria).
- ↑ (Ytem, mandamos para ayuda de hazer el rretablo de las imágenes de san rroque y san sebastián, doze reales y dos ducados (respectivamente) y se paguen de misas...
- ↑ ...se haga repartizión entre la poblazión de los ochenta y quatro ducados, a fin de pagar a Pablo de Urrutia...
- ↑ …atento que sobre las ropas (mercaderías) de la villa de Oñate y de otros lugares sospechosos donde avía avido enfermedad de peste, era menester mucha diligenqia y custodia.