Deba ibaia. Ufalak (eu)

    Sorapediatik
    Ufala Soraluzen

    Ufalak zer diren

    Ufala[1] ibaiko ur emariaren hazkunde bortitza da, denbora laburrean ematen dena.

    Deba ibaia motza eta malkartsua da. Bere emaria ez da oso handia, bataz beste 11,85 m3/s, baina adierazgarria da urtean zehar dituen emari aldaketak.

    Esaterako, 1996 eta 2014 artean hartutako datuen arabera, 0,95 m3/s-ko gutxieneko emaria eta 132,63 m3/s-ko gehieneko emaria neurtu ziren. Honek esan nahi du 130 aldiz biderkatu daitekeela ibaian behera datorren ur kopurua; eta gainera, orografia malkartsuaren ondorioz, emari aldaketa hau oso denbora gutxian gerta daiteke. Soraluzen ematen den uholde mota, ufala, bat bateko ur mailaren igoera ezaugarri nagusitzat duena da. Hau da, ibaiaren emari arrunt edo txikiago batetik bere emari maximora ordu gutxitan pasatzen deneko uholdea.


    Sorrera

    Fenomeno hau, ekaitz bortitzek sortzek dute eta normalki udara erdi edo bukaeran ematen da, abuztua eta urria artean. Udan, beroaren ondorioz ur lurrun asko pilatzen bada atmosferan eta gainera goi geruzetan aire hotza sartzen bada, euri jasa handiak jausteko arriskua egoten da[2].

    Hau gertatzen denean, orografia malkartsua ez da gai botatze duen ur guztia xurgatzeko eta honela sortzen dira ufalak.

    Deba ibaia ez da ufalak sortzen dituen bakarra, Soraluzeko mendi magal aldapatsuetatik jaisten diren errekak ibaia bezain arriskutsuak izan daitezke: ur mailaren igoera bortitzagoa eta azkarragoa da, eta kasu askotan, lokatza, harriak, enborrak eta antzeko hondakinak dakartza berarekin urak. Hortik erreka hauen arriskua ufala dagoenean.


    Ufal gogoangarriak

    Lau ufal handi gertatu dira azken bi mendetan gure herrian, orduko kronikek eta kontakizunek adierazten diguten bezala: 1834, 1953, 1983 eta 1988 urteetan, hain zuzen.

    Azken biak 1983ko abuztuaren 26an eta 1988 uztailaren 19an gertatu ziren, eta oraindik oso gogoan dituzte herritarrek orduko galera eta hondamendiak.

    Fitxategi:Santa Ana kalea. 1834ko ufalaren plaka.jpg
    1834ko ufalaren plaka oroigarria Santa Ana kalean

    1834ko ekainak 4ko ufala

    1834ko ekainak 30ean uholde izugarri bat gertatu zela Soraluzen, agian izandako gogorrena.

    Santa Ana kalean dagoen plaka oroigarriak dioen bezala, ura puntu horretaraino igo omen zen; dagoen tokia kontutan harturik, ibaia gutxi gora behera 8-10 bat metro hazi zen gertakizun hartan[3].

    Egun hartan Soraluzen ez zen inor hil, baina kalteak ugari izan ziren. Ramiro Larrañagak topatutako eskuizkribu batean esaten denez[4]:

    Ordu erdian urak 14/16 etxe eruan zituen. Beste 41/42 etxetan ura sartu eta erabilezinak geratu ziren. Armarien 6/7 ola ipurditik eruanda. Arraindegia, gauza bera. San Salvador ermita, osoa. Ogi-errotak berdin, eta gainera kainoiendako barrenoak. Bolatokia. kainoiak probatzeko erret probaderoa. Erregetxe zaharra, alde bat eruanda eta gainontzekoa jausteko moduan. Santa Ana de Yzaguirre kondearen aginduz eraikitako presa berria eta makinak, txikituta eta eruanda. Orokorrean, armagileen lanabes guztiak eta lantegiak apurtuta eta eruanda; miseria gorrian geratu dira, beren egoera eta lantegiak berreraikitzeko baliabide faltagatik errukari, askori jantzitako arropa besterik geratu ez zaiola.
    Ufala zubi nagusian (1953)
    Ufala Atxuriko zubian (1953)

    1953ko urriak 14ko ufala[5]

    XX. mendeko lehen ufal handia 1953ko urriaren 14an gertatu zen, seguru aski 80. hamarkadakoak baino indartsuagoa.

    Kalteak, gehien bat, Gipuzkoan izan ziren, Deba, Urola, Oria eta Urumea ibaien ibarretan. Soraluzeren inguruan (Eibarren), esateko, 24 ordutan 200 litrotik gora bota zuen, eta beste tokietan hori baino gehiago ere: Legazpian 237 litro, Villabonan 221 litro eta Arditurrin 313 litro.

    Guztira 27 hildako izan ziren (Soraluzen bat ere ez). Kalte ekonomikoak ere oso altuak: Gipuzkoan bakarrik orduko 1.000 miloi pezeta.

    1983ko abuztuaren 26ko ufala

    83ko uhoaldean, Gipuzkoa eta Bizkaiko 110 herri, gune katastrofiko bezala izendatu zituzten eta 40 bat herritar hil edo desagertu ziren eta 1200 milioi euroko galera ekonomikoak pairatu behar izan ziren. Ostiral hartan, aste guztiko eurite handien ondoren, azken euri jasa erraldoi bat etorri zen; 24 ordutan, 500 bat litro bota zituen, ostiraleko goizeko 9:00etaik, Larunbateko 9.00ak bitartean.

    1988 uztailaren 19ko ufala[6]

    Orokorrean 1983eko ufala baino arinagoa izan bazen ere, Deba eta Urola arroetan askoz gogorragoa izan zen, bai hildakoen aldetik zein galera ekonomikoetatik.

    Ibaia asko hasi zen, bost bat metro, eta urak zenbait etxebizitza hartu zituen. Baina kaltegarriagoak izan ziren mendietatik jeisten zirenak: euriteen eraginez minutu gutxitan ur pila hasi zen jaisten maldan behera, lohi eta hondakin ugariekin batera.

    Herritar askok ez zuen izan denborarik beren buruak babesteko, eta 15 hildako egon ziren, horietatik 9 Elgoibarren bertan. Honetaz gain, orduko kroniken arabera eskualdeko galera ekonomikoak 180 milioi eurokoak izan ziren.


    Erreferentziak

    1. Ufala Soraluzeko berba da. Batuaz eta gipuzkeraz uholdea esaten zaio, eta uriola bizkaieraz.
    2. Fenomeno hauen artean egoten da tanta hotza izenekoa.
    3. Plaka 1980. hamarkadan jarri zuten, aurreko etxea bota eta berria egiterakoan. Aurretik marra lodi bat horman margotuta zegoen, leiho baten gainean. Inork esaten zuen marra beherago zegoela, baina lehioa zabaldu zutenean gorago marraztu zutela.
    4. 30 de junio de 1834. Hoy se cumplen 144 años de la gran inundación de Placencia de las Armas. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1984/06/04)
    5. 14 de octubre de 1953: El día en el que la lluvia cayó "a cielo roto" sobre Euskal Herria. Gara (2008/10/14)
    6. Ocho muertos y varios desaparecidos, primer balance de la tromba de agua que asoló el País Vasco. ABC Sevilla (1988/07/21)