Errabaleko ospitalea (eu)

    Sorapediatik

    Izena

    Hirutasun Santuaren ospitalea edo hospital de la Santísima Trinidad


    Kokapena

    Mota honetako erakundeak hiriko harresietatik kanpo eta errepide edo galtzada nagusi baten ondoan egoten ziren, eta Soraluzeko ospital zaharra ez zen salbuespena izan, Errabal kalean[1] zabaldu zutelako, errepidea eta ibaiaren artean, gaur egungo Errabal kaleko 18. zenbakiaren parean.


    Azalpena

    Errepidetik begiratuta, ezkerrean ibairako pasabidea zegoen, gaur arte oraindik gorde dena; eta eskuman baratza, Uribarri etxeraino[2] iristen zena.

    Barruko azalpena, Mertzedariak ehun urte Soraluzen liburuan[3] jasotzen den moduan:

    Goian zegoen lehenengo solairuko ate nagusira joateko, harlanduzko eskailera igo behar zen. Horrez gainera, bazeukan "sobrado" edo ganbara ere, eta goiko solairu hartan zegoen bertan babesten zirenen logela. Lehenengo solairuan zeuden egon ospitalezainen oheak, sukaldea, "troje" edo aletegiak, arropak gordetzeko "kutxak”, etab. Solairu horretan zeuden, bestalde, eraikinak zeuzkan leiho bakarrak; bat, errekari begira, eta beste bi, aurreko aldean.
    Hirutasun Santuaren Ospitaleak bederatzi ohe zeuzkan babestuentzako, eta ohe bakoitzak lumazko koltxoia eta burukoa, izarak eta ohazalak zituen; azken horiek, bestalde, uste baino maizago aldatzen ziren, gaixotasun kutsakorrak zirela eta, oso kezkatuta bizi zirelako. Horretarako, bertako linuarekin edo itsasoz ekarritakoarekin egindako ehuna erabiltzen zuten: "lienzo de la tierra" edo "de la mar"; batez ere Herbehereetatik zetorren ehun hori eta "anseia" deitzen zioten. Izara eta estalki horiei ("uazalak"), kotoizko gurutze bat josten zieten, Ospitalekoak zirela adierazteko; hiriko jostunak aritzen ziren lan horretan, eskuzabaltasun osoz.



    Historia

    Lehengo aipamenak

    Sorospen eta laguntzarako zentro hori Kontzejuak babesten zuen, eta dokumentuetan ageri diren lehenengo erreferentziak 1517ko maiatzekoak dira. .

    Lehen aipatu badugu ere, gure herriko Ospitale haren sorrerako oroimena galduta zegoela sendesteko, balio beza 1695eko uztailaren 4an, astelehena, Bernardo de la Mata Kalagorriko kalonjeak aginduta, ziurtatutakoak: "que no consta en el libro viejo ni en los papeles del dicho Ospital por quién y quándo se hizo, su fundazión y su antigüedad" [ez liburu zaharrean, ez eta aipatutako ospitaleko paperetan, ez da adierazten nork eta noiz egin zuen, ez eta haren fundazioa eta antzinatasuna ere]; horren ondoren hau baieztatzen da: "que la distribuzión de las rentas del mismo corren a cuenta del Maiordomo, con libramiento de los señores Alcalde y Curas de esta villa como Patronos únicos de él" [haren errentak etxezainak banatzen dituela, eta herriko alkateak eta apaizek egiten dutela pagamendua, ospitaleko patroi bakarrak direnez] . Izan ere, Udalak etxezain bat izendatzen zuen urtero (XVI. mendean bi aukeratzen ziren); eta ospitalearen administrazioaz eta behar bezala funtzionatzeaz arduratzeaz gain, derrigorrezko arau batzuk bete zitezen jagon behar zuen. Esaterako, honako hauek: osasun onean zeuden pobreak ezin ziren gehiegitan gelditu bertan lotan, erlijiorako atxikimendua eta portaera itxurosoa eskatu behar zitzaizkien babestuei, arloteek eta gaizkileek ezin zuten sorospenik jaso, etab. Horretarako, etxezainak ospitalezainen, hau da, "hospitaleros" deitutakoen funts-funtsezko laguntza izaten zuen. Soraluzeko zentroan, gehienetan, senar-emazte bikote batek betetzen zuen egiteko hori. Hiriko Kontzejutik jasotzen zuten soldata ospitalezainek, urtero izendatzen baitzuen horretarako diru kopuru bat. Antzinako gizarte-laguntzaile haien lana, hain zuzen, zentroan babesten zirenak behar bezala zaintzea eta garbiketa-lan orokorrak egitea zen; horretarako, egoera hobezinean eduki behar izaten zituzten oheak, eta "pobreen lapikoan" egin behar zuten eguneroko janaria. Lapiko hori kobrezko galdara kirtendun bat zen, eta hamabi librako edukiera zeukan; dena den, ospitalezainek lapikokoak prestatzeko erabiltzen zuten ontziari "topiña" deitzen zioten herri-hizkuntzan: metalezko eltzea zen, konkortua, goiko tapa zeukan, eta sarritan konpondu behar izaten zen, ziurrenik metal arinarekin eginda zegoelako. Era berean, arropak, izarak, etab. ospitalezainek garbitu behar izaten zituzten. Lisiba egiteko, "piba" edo zurezko upela erabiltzen zuen ospitalezainek, emazteak alegia; upel hori etzanda eta lurrari lotuta zegoen, eta goiko zatia ebakitzen zitzaion. Ospitalean ematen zen jatekoa ez zen herri xeheak jaten zuenaren oso desberdina. Ogia, haragia (behikia edo aharikia) eta urdaia ziren oinarrizko elikagaiak; eta horiekin, esnea eta esnekiak (gazta, etab.), arraultzak, eztia eta garaiko elikagaiak (gaztainak, intxaurrak, pikuak, etab.) izaten ziren dietaren osagaiak. Edateko, aldiz, ura eta sagardoa, erreferentzia asko egiten baitira Ospitalearen beheko solairuan sagardoa gordetzeko upel handiari buruz: "cuba grande de envasar sidra".


    Erakundeak finantzaketa lortzeko, hiru bide izaten zituen: a) Hil aurreko testamentuen bitartez jasotako legatuak edo dohaintzak, bai dirutan zein gauzatan emanda. b) Parrokiako elizan igande jakin batzuetan batzen zen limosna orokorra. c) Ongile anonimoek egindako ekarpenak, bai dirutan zein jenerotan. Dohaintza batzuk —batez ere ondasun higiezinak (gaztainadiak, hariztiak, lursailak, etab.) eta maileguen interesen lagapenak oso ziren garrantzitsuak, jareindako ondasunetatik zetozen errentak hartzen zituelako Ospitaleak. Jendea hartzeko arauei dagokienez, Hirutasun Santuaren Ospitaleak pobreak jasotzen zituen, eta noizean behin baino ez zituen gaixoak hartzen; eta hori ere, gaixotasuna kutsakorra ez zenean, ezin baitziren bertan geratu halako egoeretan. Beraz, legen edo lepraren kasuetan -gaixotasun arrunta zen garai hartan-, Elgoibarko San Lazaro Ospitalera eramaten zituzten gaixoak; eta izurria edo antzeko gaixotasun endemikoak zituztenak etengabeko isolamenduan egoten ziren, bai beren etxeetan, bai eskumeneko ermitetan. Horietakoa zen, adibidez, Martiri Santuen ermita (garai haietan "Hernizketako San Medel eta San Meteri" izenez ezagutzen zen, eta gaur egun San Martzial deitzen zaio); XVI. mendean gaixo batzuk bertan egon ziren berrogeialdia betetzen. Beraz, askotan leku batetik bestera eramaten zituzten babestuak, Ospitalearen kontu-liburuan ikus daitekeenez. Adibidez, 1684 eta 1692 bitarteko aipamen hauek hartu ditugu liburu horretatik : • Se han gastado 20 reales en llevara cinco enfermos pobres a las villas de Vergara y Eybar. [20 erreal gastatu dira Bergara eta Eibarko hirietara bost gaixo pobre eranmteko] • Pagué 6 reales al criado de Juan de Eyzaga por llevar a un pobre en carro a Eybar. [6 erreal ordaindu dizkiot Juan de Eizagaren morroiari, pobre bat gurdian Eibarrera eramatearren] • Pagué 54 reales a Domingo de Aguirre por nueve días que se ocupó con su yunta de bueyes en llevar diferentes pobres a diferentes lugares. [54 erreal ordaindu nizkion Domingo de Agirreri, idiekin pobreak hainbat lekutara eramaten bederatzi egun eman zituelako] • Pagué 4 reales a un hombre que vino desde Vergara con quatro pobres y llevó de buelta a otros dos que havía en este ospital. [4 erreal ordaindu nizkion Bergaratik lau pobrerekin etorri eta ospitale honetan zeuden beste bi eraman zituen gizon bati] Garai hartan kopuru horiek benetan balio zutena zenbat zen jakiteko, egunero kontsumitzen ziren produktuen kostuarekin alderatuko ditugu . Adibidez, oilasko on batek erreal bat balio zuen; ostatuan egiten zen jatorduak, haragi eta ardoarekin, erreal bi; zapata-pare bat osorik konpontzeak, erreal bat; libra bat txokolatek, sei erreal; peoi baten eta ofizial baten lanak, bai harginarenak zein arotzarenak, eguneko hiru eta lau erral, hurrenez hurren, etab. Babestuak eraman eta ekartzeko gurdia erabiltzen zen, idiek tiratuta, edo bestela, astakume edo asto gainean; dena den, leran ere eramaten zituzten ("en rastra", beren esanera). Lera hori hesolaz eta egurrez egindako euskarri bat zen; bertan bidaiaria jarri eta lotu egiten zuten, eta idiek tatarrean eramaten. Eibar edo Elgoibarrera pobreak eramaten sei erreal ordaintzen zen, eta Bergarara egindako zerbitzuak, ostera, lau besterik ez. Gaur egungo ikuspegitik arraroa izan daiteke, Bergarako hirira distantzia luzeagoa dagoelako beste bietara baino, baina desberdintasun horren arrazoia hauxe zen: Deba Garaira zihoan errepidea ibaiaren ertzetik pasatzen zen, oztopo aipagarririk gabe; Eibarra joateko antzinako galtzada, berriz, gure udalerritik pasatzen zen, baina Sagar-Erreka ingurutik, orduko idazkerari jarraituz hitzez hitz "Ugarroagaco-videcuruzia" deitzen zioten lekutik, Irureko plaza txikiraino, Zabale, Iraolabeitia eta Iraola baserrietatik pasatuz, hau da, mendiko bideetatik. Beste hainbeste gertatzen zen Elgoibarko errepidearekin, Ezoziko harana pasatzeko, punturik altuenera jo behar izaten zelako, Iturbetik igaro eta gero Elgoibarko Azkueko San Bixenteren ermitarantz jaitsi (gaur egun San Roke), eta hortik kaleartera sartzeko. Era guztietako gora-beherak izan zituen Ospitale zaharrak; 1659ko abuztuaren lehen egunetan gertatutakoa adibidez: Udalak "trató sobre las cosas que se han quemado en el arrabal de la villa y el daño que este yncendio ha tenido en el Ospital, que se ha escapado por milagro de Dios después de averse encendido, aviéndose quemado quatro casas al dicho Ospital contiguas y decretaron que en primer lugar se acuda al reparo necesario de la dicha casa del Ospital, que se ha descalabrado con el dicho yncendio, del dinero de la sisa de los quatro maravedís de cada azumbre de vino que se benden en la taberna... " [hiriko errebalean erretako gauzei buruz hitz egin zuen, eta sute horrek ospitalean egindako kalteari buruz, zeina Jainkoaren mirariari esker salbatu baita suak harta ondoren; ospitalearen ondoko lau etxe erre eta gero; eta, lehenengo eta behin, aipatutako ospitalearen eraikinari egin beharreko konponketa egiten erabaki zuten, sutea dela eta hondamena jasan baitu; horretarako, tabernan saltzen den azunbre-ardo bakoitzagatik lau marabedi ebatsita batzen den diruarekin ordainduko da...] Baina XVII. mendeko azken bost urteetan etorri zen Ospitalearen behin-betiko gainbehera, eta orduan amatatu ziren bere argiak, Kontzejuak ixtea erabaki zuenean, hain zuzen, "en el mismo no ay disposición para acomodar con decencia un sacerdote ni poner un altar y estar amenazando ruina y con necesidad de muchos reparos por ser, como es notorio y público, casa vieja y de poco suelo..." [bertan ezin delako modu onean apaizik bizi izaten jarri, ez eta altarerik ipini ere, zeren eta ia erortzekotan aurkitzen baita, eta, guztiz jakinekoa eta publikoa denez, etxe zaharra eta lurzoru gutxikoa izanik, konponketa asko behar baitu...]

    Erreferentziak

    1. Izan ere, herriko harresietatik kanpo egoteak eman dio izena Errabal kaleari (arabierazko ar-rabadetik).
    2. XVI mende bukaeran Erregetxe zaharra bilakatu zena.
    3. Mertzedariak ehun urte Soraluzen. Javier Elorza (Soraluzeko Udala 1995).