Armagintza gremioak (eu)
Suzko armen ekoizpena lau gremioen artean egiten zuten. Aurrena piezak prestatzen ziren:
- Kainoigile gremioa kainoiak egiten arduratzen zen.
- Giltzagile gremioa, berriz, giltza edo tiroa jotzeko trepeta egiten arduratzen zen.
- Aparejero gremioak, azkenik, pieza guztiak kutxari lotzeko piezak egiteko ardura zuen.
Gremio bakoitzaren langileek beraien lanak Erret Lantegian aurkezten zuten, aztertzeko (garaiko kalitate kontrola).
Behin piezak onartuta, Kutxagile gremioa egurrezko kutxak lantzen arduratzen zen, eta bertan aurreko pieza guztiak muntatzen.
Maisu eta langile kopurua
Lau momentuko datuak gordetzen dira, eta zehaztapen desberdinekin:
- 1756 urtean Florencio Josepf de Lamot jaunak[1] Soraluzeko Erret Lantegien maisuak aipatu zituen, baina ez zuen argitu Soraluzekoak ziren edo Soraluzeko Erret Lantegirako lan egiten zutenak.
- XVIII mende bukaeran[2], herriz herri zehazten dira (Soraluze, Eibar, Elgoibar, Ermua, Arrasate, Durango eta Bergara).
- 1794 urtean 1615 langile omen ziren, maisu, ofizial eta aprendizen artean[3]. Soraluzekoak bakarrik ez, Debarro osoan Erret Lantegirako lan egiten zutenak izango ziren. Hala ere, aurreko aipamenaren kopuru ia bikoitza da (893 >> 1615).
- 1856 urtean Juan Cruz Fernández-ek[4] Soraluzeko eta Eibarko kopuruak jaso zituen.
Soraluzen agertzen diren maisuak honako hauek dira:
Maisuak | (1756) | XVIII bukaera | (1856) |
---|---|---|---|
Kanoigileak | 180 | 11 | 44 |
Giltzagileak | 86 | 66 | 112 |
Aparejeroak | 77 | 20 | 53 |
Kutxagileak | 77 | 28 | 54 |
GUZTIRA | 420 | 125 | 263 |
XVIII mende bukaeran Noticia del número de maestros asentistas matriculados... txostenean maisuak ez ezik, langile guztiak agertzen dira. Soraluzeko zenbakiei erreparatuz, gizon gehienak armagintzan jarduten ziren nabarmentzen da[5].
Langileak | Soraluze | Gainontzekoak | Guztira |
---|---|---|---|
Kanoigileak | 99 | 243 | 342 |
Giltzagileak | 198 | 93 | 291 |
Aparejeroak | 40 | 90 | 130 |
Kutxagileak | 48 | 82 | 130 |
GUZTIRA | 385 | 508 | 893 |
Eskualdean (Debarroan) aipatze diren maisuak, berriz, hauek dira:
Maisuak | (1756) | XVIII bukaera | (1856) |
---|---|---|---|
Kanoigileak | 180 | 38 | 68 |
Giltzagileak | 86 | 97 | 201 |
Aparejeroak | 77 | 66 | 113 |
Kutxagileak | 77 | 71 | 92 |
GUZTIRA | 420 | 272 | 474 |
Erreferentziak
- ↑ Mapa Topographica de Plasencia. Florencio Josepf de Lamot (Madril 1756)
- ↑ Noticia del número de maestros asentistas matriculados... J.Ignacio Tellechea Idigorasen aipamena (Diario Vasco 1974/03/02)
- ↑ Historia de una empresa pública española: Los altos hornos de Liérganes y La Cavada 1622-1834. José Alcalá Zamora.
- ↑ Apuntes para un cuadro topográfico. Juan Cruz Fernández (Madril 1856)
- ↑ Garai hartan Soraluzek 2000/2500 bat biztanle izango zuen, eta 400/500 familia buru. Ehun bat baserritar kenduta, gehi rentista, saltzaile, abade, garraoilari... 250/350 familia buru geratuko ziren. Eta familia bakoitzeko gizon bat baino gehiagok lan egingo zuenez, hortik armagintzan jarduten ziren 385 lagunak.