Teknologia: argi-mukizko giltza (eu)

    Sorapediatik

    Argi-mukizko giltza teknologia Arkabuz guztiek erabilera ia berbera dute; hau da, piztutako argi-mukia belarrira edo almetxara giltza baten bidez eraman, bertako polbora mehea pizteko eta tiroa egiteko.

    Aldatzen dena giltza da. Beti argi-mukizko giltza izanda, gutxienez hiru sistema erabili ziren: S giltza, serpentina eta katua.


    Teknologiaren beharra

    Sarrera nagusia: Eskuzko trumoiak (eu)

    Argi-mukizko giltza sortu baino lehen, sua eskuz ezartzen zen armaren belarrian.

    Sistema honekin bi soldadu behar ziren tiro egiteko: bata arma eusteko eta destatzeko[1], eta bigarrena piztutako argi-mukia eskuz belarrira eramateko. Soldadu bakar batek ezin zuen aldi berean polbora piztu eta arma ondo destatu; beraz, tiro egin behar zuen etsaiarengandik oso gertu, horrek dakarren arriskuarekin.

    Horregatik giltzak sortu ziren; hau da, sua armaren belarrira eramateko mekanismoak.

    Lehenak argi-mukizko giltzak ziren. mekanismoaren punta batean piztutako argi-muki zatia zuten eta, soldaduaren mugimendu errez batekin, mekanismoak sua armaren belarriraino eramaten zuen, bertako polbora lehertuz. Modu honetan soldadu bakar batek arma destatu eta, begiratu gabe, tiro egin zezakeen.


    S giltza

    S giltza

    Lehengo argi-mukizko giltzak XV mendean sortu ziren eta oso mekanismo erreza zuten: S formadun palanka bat, kutxan ondo lotuta, eta goiko aldean argi-mukia lotzen zen. Nahikoa zen argi-muki hau piztu (beste argi-muki batekin), armaren kutxa aurpegiaren kontra jarri, ondo destatu eta palankari gora eragin: argi-mukia behera etorriko zen, belarrira, polbora piztuz.

    Hori bai, atzerako indarrez aurpegiak ondo minduta geratzen ziren. Gainera, hurrengo tiroa prestatzeko giltza eskuz atzeratu behar zen.


    Almetxa

    Batzutan argi-mukia ez zen belarrira ondo heltzen, edo sua ez zen behar modutan belarritik sartzen.

    Horregatik almetxa edo kazoleta asmatu zuten. Belarri ondoko erretilu txikia zen, bertan polbora mehea jartzen zela.

    Tiro egiterakoan argi-mukiak polbora mehea pizten zuen, eta honen sugarra belarritik pasatzen zen bertako polbora lehertuz eta jaurtigaia botatzen.

    Almetxak beti zabalik zeudenez, lehertzeko arrisku handia zuten. Gainera, argi-mukia beti piztuta izan behar zuten, eta erretzerakoan usain handia botatzen zuenez, ustegabeko erasoak ezinezkoak ziren; eta euria ari zenean edota umeltasuna handia zenean argi-mukia piztea ia ezinezkoa zen.

    Horretarako, armaren almetxa hobetu zuten, behin kargatuta ezin zela zabaldu tiroa bota barik. Tiroa egiterakoan automatikoki zabaltzen zen, argi-mukiari bidea egiteko.


    Serpentina giltza erabiltzen duen arkabuza

    Serpentina

    Tiroa botatzerakoan giltza atzera eskuz ez eramateko, eta denbora aurrezteko, serpentina[2] asmatu zen.

    Gainera, mekanismo osoa kutxa barruan gordetzen zen, modu honetan ez zela zikintzen ezta bustitzen. Kanpotik bakarrik almetxa eta palanka luze bat ikusten ziren.

    Palanka hori sakatuta, beste baten bidez argi-mukia behera ekartzen zuen, polbora piztuz; eta malguki laua zuenez, lehen palanka askatzerakoan malgukiak mekanismo osoa atzera ekartzen zuen, argi-mukia gora eramaten.

    Serpentina giltzetan belarriaren ondoan almetxa agertzen zen, bertan polbora mehea jartzen zela. Modu honetan sua belarritik kainoi barrura sartzen zen, bertako polbora piztuz.


    Katua giltza bere argi-mukiaz

    Katua

    Serpentina giltzaren ostean katua asmatu zen. Mekanismo osoa kutxa barruan izkutatu zen, eta aurreko aldean katua izeneko pieza txikia erantsi zitzaion, palankari eragiteko.


    Erabilera

    Argi-mukizko giltzak arkabuzetan eta mosketeetan erabili ziren, eta inoiz pistoletan ere.


    Erreferentziak

    1. Apuntatu.
    2. Serpentin izena argi-mukia eusten zuen piezatik dator, suge forma ematen zitzaion eta.