Zeleta auzunea (eu)
Adi! Artikulu hau oraindik osatu barik dago. Osatzeko informazioa edo materiala baldin badaukazu, animatu eta aurrera!
Kokapena
Calonge auzunea herriaren goialdean dago, aspaldiko trenbidea pasa eta gero, kanposantuko eskuman eta Zeleta baserriaren azpian.
Auzunea bi kaleek osatzen dute, biak ala biak San Andres eta Txurruka bailarako errepidearen partea direla. Aurrekoak 95 bat metro ditu eta bailaretako norabidea; atzekoak, berriz, 84 metro eta herrirako norabidea du. Kaleen zabalera zortzi bat metrotakoa da.
Argazkiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Historia
Gerra ostean Soraluzek biztanle asko irabazi zuen, batez ere etorkinak. Hogei urtetan 3.000 bat biztanletik (1.940 urtea) 5.000 biztanle izatera (1.960 urtea) pasa zen.
Herria ez zegoen prestatuta honenbeste jende hartzeko, eta etxebizitza falta ikaragarria zegoen. Horregatik, 1940ko hamarkada bukaeran hainbat enpresek Txurruken auzunea[1] eraiki zuten.
Etxe haiek laster bete ziren, eta hainbat langile (eta beren familiak) zain zeuden, ea bat edo bat libratzen zen. Horregatik, 1960. urtea baino lehen herriko hiru enpresek (SAPA, Construcciones Sacia eta Talleres Amuchástegi) bigarren auzune bat eraikitzea erabaki zuten.
Aukeratutako tokia orduan herritik kanpo geratzen zen: San Andreserako gurdibidean, Maristen eskola pasa eta gero trenbide gaineko zubi parean. Lurrak Soraluzeko elizarenak zirenez, parrokiak etxebizitza bat hartu zuen ordaintzat, gerora sakristauarentzat erabili zutena.
Hiru etxe egin zituzten, hogetamar etxebizitza denetara, langileei errentan emateko. Etxeak egiteko Gipuzkoako Obra Sindical del Hogar y Arquitectura erakundearen laguntza izan zuten.
Auzuneari izena ematekotan, garai hartako SAPAko zuzendariarena eman zioten, Alejandro de Calonje y Motta jaunarena[2].
Bai Soraluzeko kasuan, bai Andoaingoan ere, auzuneen izena Alejandro Calonge bilakatu da.
Urte batzuk geroago beste bi etxe egin ziren, aurreko hiruren errenkadan, baina sustapen pribatua izan zen. Lurrak Zeleta baserriarenak ziren, eta bi etxebizitza hartu zituzten ordain gisa.
1.983 urtean SAPAk beren etxeak errenteroei saldu zizkien.
Bertako etxeak
Auzunea 5 etxek osatzen dute, elkarren ondoan eraikita eta 1-tik 5-ra izendatuta.
SAPAk sustatutako lehen hiru etxeak harrizkoak dira; hau da, kanpoko paretak karga-hormak dira, horregatik altuago eta meheago dira. Lehengo biek atariak Elizburutik datozen eskilaratan dauzkate.
Beste bi etxeak, geroago egin zirenak, hormigoizkoak egin ziren. Atariak, berriz, Estaziotik datorren errepidean daude. Azken bi etxe hauek egiterakoan pasabidea utzi zuten aurreko etxeekin, 3 eta 4 zenbakien artean hain zuzen.
Etxe guztiak bost solairukoak dira, eta bakoitzean ezker-eskuma bi etxebizitza.