Josulagunak (eu)

    Sorapediatik
    Loiolako santutegia XIX mendean (Francisco Mellado 1846)

    Oso urte gutxitan, baina josulagunak Soraluzen egon izan dira. Eta ez behin bakarrik, bitan baizik.

    Eta ez zen, ez, Loiola etxean, inork pentsatu duen moduan.

    Josulagun ospetsuak

    Soraluzeko josulagunen artean bi izen nabarmendu dira... haietako bat, seguraski, soraluzetarra ez zela:

    • Esteban de Zudaire beatoa (1548-1570). Urte askotan Soraluze zela uste bada ere, Zudairekoa omen zen. Brasilera zihoala beste berrogei lagunekin pirata kalbinistek harrapatu eta erail zituzten.
    • Gorosta y Asula, Ramón de (1834-1889). Soraluzen, Orbaizetan eta Madrilgo Erret Maestrantzan lan egin zuen. Madrilen bertan bi hobekuntza asmatu zituen. 1860 urtean Jesusen Lagundian sartu zen, eta erizain jardun zen hil arte.


    Soraluzeko egoitza

    Testuingurua (1868)

    1868 urtean Isabel II Espainiako tronutik egotzi zuten, modu azkarrean gainera: irailak 17an Topete jenerala armetan altxatu zen, eta 28an Alcoleako batailan altxatutakoek irabazi zuten. Idabel II erregina, artean Zarautzen uda pasa zela, deserrira pasa zen, Frantziara.

    Orduan hasi zen Espainian Seiurteko Liberala izenekoa (1868-1874). Liberalak eta progresistak agintean, nahiz eta gobernumodua garbi ez izan[1] oso argi zuten Eliza oztopoa zela herriak aurrera egiteko, eta Elizaren barruan praileak, eta praileen artean arriskutsuenak jesuitak zirela. Horregatik, hartutako lehenetako erabakia (1868ko urriak 12an) Josuren Lagundia deuseztea izan zen.

    Momentu hartan 1.284 josulagun ziren Espainian[2], 13 egoitzatan bilduta[3]. Horietatik 30tik gora soraluzetarrak ziren, guztion %2,3 gutxi gorabehera; tartean Ramon Gorosta ezaguna zegoen.

    Josulagunek erabilitako etxearen arrastoak Erregetxearen horman

    Behin behineko babesa (1868-1870)

    Urriko ebazpen haren ostean, josulagunen sakabanaketa izan zen: komentutatik alde egin behar izan zuten edo, hobeto esanda, bota egin zituzten. Nobizio eta ikasleak Landetako Poyanne-n bildu zituzten, Frantzian; baina apaiz eta koadjutoreek, hasiera batean behintzat, norberak bizimodua atera behar izan zuen.

    Une latz haietan, 1868 bukaeran bi tokitan bakarrik zeuden jesuiten komunitateak: Loiolan eta Soraluzen. Loiolan jesuita batzuk geratu ziren, izkutuan, bertako morroiak zirelakoan.

    Baina Soraluzekoa berritik hasi zen. Josefa Ariznabarreta andrereak, aberatsa eta elizkoia, behin-behineko babesa eskeini zien, agian loiba zuelako josulagun. Isilpean bizitzeko etxea ondo kokatuta zegoen, Erregetxeari atxikituta ekialdetik (asto-toki ondoan), bere ortua eta guzti, elizatik gertu eta errepidetik urrun.

    Guztira hamar koadjutore etorri ziren[4], soraluzetarrak gehienak, Aita Rafael Izaga guztien buru zutela. Bizimodua aurrera ateratzeko, Josefa Ariznabarretak doan lagatako etxean lantegia zabaldu zuten, gehienak armagileak izan ziren eta. Bizi, berriz, etxe hartan eta beste bietan bizi ziren.

    1969 hasieran Gaztelako Aita Probintziala (jesuiten probintziaren burua) bere "ardi galduak" antolatzen hasi zen. Soraluzeri dagokionez, lau lagun eraman zituen, horietatik hiru armagileak ez zirenak[5] (eta beraz, Soraluzen lan egiteko aukera gutxi zutenak). Eta beste lau ekarri, armagileak guztiak: Ariznabarreta (Josefaren iloba), Antonio Iturrioz, Mendiguchia eta Urdampilleta.

    Dena ez zen erraza izan Soraluzen. Esate baterako, etorri berriei ongietorria egiteko, egundoko otoruntza eskeini omen zieten; eta Aira Probintzialak diskrezio gehiagoz jokatzeko eskatu zien, giroa ez zen eta larregi nabarmentzeko. Beren artean ere tirabira garratzak izan omen ziren, kanpoko arduradunek parte hartzeko bezain garrantzitsuak behintzat. Dena dela, komunitate jarrera mantentzen gogor saiatu ziren, eta 1869an bertan bai urtarrillean zein ekainean botoak berretsi zituzten, ohiko moduan.

    1869 urtean zehar hainbat koadjutore leku eta zeregin berrietara abiatu zen, eta Soraluze jesuitez uzten ari zen. Udarako hiru jesuita besterik ez zen geratu Soraluzen: Izaga Aita, Domingo Iribe Anaia, armagintzan aritzen ari zela, eta Ariznabarreta Anaia soraluzetarra, guztion arduraduna (ad omnia agirietan). Azken aipamen honek adierazten duenez, hirurak batera bizi ziren, komunitatea osatuz.

    Itxura denez, hurrengo hilabeteetan Aita Probintzialak erreserba moduan laga zituen Soraluzen, Urduñako Udalaren eskaintza (bertan ikastetxea zabaltzekoa) zertan suertatzen zen argitu arte. Eta 1870ko otsailean, ikastetxeak aurrera egin zuenean, hirurak Urduñara joan ziren, eta Soraluzen ez zen jesuitarik geratu.

    Egoitza ofiziala (1871-1878)

    Arestian jaso denez, Josuren Lagundia deuseztu zutenean hainbat josulagun Loiolan geratu ziren, izkutuan, morroiak zirelakoan. Baina 1870ko irailean Gipuzkoako Diputatu Orokorrak, Rocaverde markesak, bertatik egotzi zituen. Hilabete batzutan Azpeitian geratu ziren, bi etxeetan antolatuta.

    Gauzak konpontzen ez zirenez, 1871ko otsailean Aita Probintzialak bi egoitza sortzeko agindu zuen: 23an Soraluzekoa eta biharamunean Azkoitiakoa. Beraz, Soraluzetik irten era hamabi hilabetetara jesuitak bueltatu ziren, baina kasu honetan modu ofizialean.

    Soraluzeko egoitza zabaltzeko Josefa Ariznabarreta andereari aurretik utzitako etxea eskatu zioten, eta honek pozik asko laga ere. Bi aita eta hiru anaia heldu zirenean, etxea prest topa zuten. Aurkia Aitak hala kontatzen du[6]:

    1871ko otsailak 23an, goizeko bost t'erdi inguruan, Masnou Anaia, Galarza eta hirurok, beharrezko altzariaz, Soraluzerantz abiatu ginen. Juan Antonio Arregiren kotxea erabili genuen, eskatutako sei hogerlekoak ordainduz, eta bederatzitarako heldu ginen. Ekialdetik Erregetxeari lotuta dagoen etxetxoa eta ortua, Josefa Ariznabarreta anderearenak, jantzita topa genituen.

    Honetaz gain, aldeko giroa ere topa zuten, ongile eta lagunekin; horien artean Villenako markesa, etxeko kapila antolatzeko diruz lagundu ziena.

    Azkenean lau lagun geratu ziren Soraluzen: Aita Lasa, Aita Aurquia, Masnou Anaia eta Galarza anaia. Bigarren karlistada puri-purian zela, ahal zen zarata gutxien ateratzen saiatu ziren. Hala ere, eta gerraren gorabeheren eraginez, izengabeko mehatzuak izan zituzten, laido eta burlak pairatu behar izan zituzten, baita harrikadaren bat edo beste ere.

    Lauron profil profesionala kontutan hartiruik, ezin izan zuten armagintzan aritu, aurreko urtean bezelaxe. Bizimodua eliza lantegietatik ateratzen zuten (aitortzak, sermoiak, limosnak...). Dena dela, bide hauek ez ziren bizimodua ateratzeko nahikoak eta Aita Probintzialak dirua bidali behar izaten zien behin eta berriz. Horregatik, 1872eko urrian egoitza ixtea erabaki zuten… baina azkenean Soraluzeko egoitza 1878 urte arte zabalik mantendu zen.

    Egoitzaren bukaera (1878)

    1874ko abenduan Martinez Campos jeneralak estatu kolpea eman zuen, Seiurteko Liberala bukatuz. Eta hurrengo urtean Alfontso XII Espainiako errege jarri zuten.

    Hasiera batean, josulagunek ez zuten egoera berria begi onez ikusten, aurreko urteen garapena izango zelakoan. Baina urrengo urteetan, nahiz eta Josuren Lagundiaren deseuztapen formala mantendu, egoera lasaitzen ari zenez aurreko egiturak berreraikitzen eta jende aurrean agertzen hasi ziren: komentuak, ikastetxeak...

    1878 urtean, lasaitua hartuta, egiturak berrantolatu zituzten. Urte hartako azaroan desagertu zen Soraluzeko egoitza (residencia placentina).


    Loiola etxea Kalebarrenen

    Loiola etxean jesuitarik ez

    Jakina denez, Loiola etxeak badu armarria etxaurrean. Armarriak bi armarri biltzen ditu elkarren ondoan: ezkerrean Loiolatarrena (zilarrezkoa, pertza batekin alboetan otso beltz banarekin) eta eskuman Oñaztarrena (urrezkoa, zazpi marra gorrikin).

    Loiolako Inazioaren famikiak antzeko armarria zeukan, baina alderantziz: Oñaz-Loiola. Eta gerora josulagunek armarri hau aukeratu zuten beren ikastetxeetan erabiltzeko.

    Armarriak oso antzekoak direnez, eta josulagunak Soraluzen izan zirela jakitun, batzuk uste izan dute josulagunek ikastetxea edo egoitza Kalebarren 4an zabaldu zutela, eta armarria ordutik datorrela[7].

    Baina ez da halaxe. Soraluzeko Loiola etxeak Loiolako San inazio (1491-1556) baino 200 urte lehenagokoa da. 1343 urtean Alfonso XI erregeak Placencia de Soraluze hiribildua sortzeko hiri-gutuna eman zuenean, Juan Pérez de Loyola eta Gil López de Oñaz-en beste anaia bati (anaiak, nahiz eta abizen desberdinak izan!) lur sailak eman zizkion Soraluzen bertan, eta honek Loiola etxea sortu zuen.

    (handiago ikusteko, gainean sakatu)


    Erreferentziak

    • Historia de la Compañía de Jesús. Lesmes Frías (1923).
    • Historia de la Compañía. Atala: Los dos años de la dispersión. Manuel Revuelta González (Mensajero 1984).
    1. Sei urte horietan behin behineko hainbat gobernu, Amadeo I erregea, errejentziak, errepublika... denetik saiatu ziren.
    2. 758 apaiz, 421 koadjutore eta 522 nobizio eta ikasle.
    3. Erderaz, residencia.
    4. Ignacio Aranzábal, Domingo lribe, Sebastián Goyena, Vicente Zabala, Simón Oregui, Hipólito lturrioz, Antonio Gabilondo, Felipe Osoro, Juan Aguirrebeña eta José lribe.
    5. Antonio Gabilondo txokolategilea, Felipe Ososo jostuna eta Juan Aguirrebeña igeltseroa.
    6. Algunos apuntes de 1860 a 1880 que pueden servir para la historia de Loyola, residencia de Placencia, etc. Aurkia aitaren oharrak (Loiolako artxiboa)."
    7. En la plaza del Tercio de Montejurra, existe un escudo y una fuente que tiene su historia. Marcelina ArluciagaPope (Fiestas patronales 1968).