Frontoiak (eu)
Kokapena
Mapan agertzen dira Soraluzek dituen (gorriz) eta izan dituen frontoiak (urdinez). Mapatik kanpo San Andreseko frontoia geratzen da.
Erregetxeko frontoia
Seguru asko, herriko frontoi zaharrena Erregetxe orubean egon zena izan zen; Plaza Zaharraren gainean, hain zuzen.
Frontoia bota zuten Erregetxea egiteko, 1804 urtean. Ordurako frontoi berria egina zegoen (proiektua, Miguel Antonio de Jaureguik egindakoa, 1788 urtekoa da). Frontoi berri hau errebote-frontoia izanik, erregetxeko frontoia ere errebote-frontoia izango zen.
Gaur egun ez da inolako aztarnarik geratzen. Erregetxea 1975 urtean bota zuten, eta 2004an zundaketa arkeologikoak egin zituzten, Alfredo Moraza Barea-ren gidaritzapean. Honek Erregetxe orubea artikuluan jaso zuenez:
- Hala eta guztiz ere, interbentzio arkeologikoak ez zuen Erregetxe eraikina eraiki baino lehenagoko okupazioaren zantzurik eskaini. Beraz, 1804. urte inguruan fabrika birgaitzeko bururatutako obrek lehenagoko maila betikoz galarazi zutela pentsatzen dugu.
Labana (eliz ataria)
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Frontoi moduko hau parrokiaren eliz atarian zegoen, ezkerreko aldean, ate txikiaren ondoan.
Bertako harlauzak desberdinak dira, labanak, tokiaren izenak berak esaten duenez. Nahiz eta harmaila bat izatea buelta osoan, umeek frontoi moduan erabili izan oi dute, gehien bat motxailadatan aritzeko.
Eliza ataria zaharberritu zutenean harmaila kendu eta zorua ere berriztu zuten, gaur egungoa labana ez dela.
Errebote-frontoia edo udal frontoia
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
XVIII mende bukaeran errebote-frontoia eraiki zuten Soraluzen, errebote luzean aritzeko. Proiektua Miguel Antonio de Jaureguik egin zuen, 1788 urtean; eta frontoia egiteko dirua bi familiak jarri zuten, Egizabaldarrek (indianoak) eta Aldasorotarrek.
Frontoia parrokiaren hegoaldean eraiki zuten. 17 bat metrotako zabalera zuen, eta luzeeran bi eremutan banatuta zegoen, 53 eta 11 metrotakoak.
Urteekin errebotea jokatzeari laga egin zitzaion, eta XX mendean beste kirol erabilerak izan ditu (esku pilota, eskubaloia, fulbitoa, saski baloia...), eta nonek ekarri du frontoiaren desitxuraketa: pasamarrarik ez dago, sake harria desagertu zen, harmaila gehienak ere bota zituzten... eta errebotearen oroitzapena ere aspaldi desagertu zen herrian.
Maristen frontoia
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Maristak Soraluze etorri ziren 1909 urtean, eta 1912-1913 urte inguruan ikastetxe berria zabaldu zuten.
Ikastetxea parrokia eta tren geltokiaren artean eraiki zuten, eta bi mailatan antolatuta zegoen. Goikoan ikasgelak eta beraien etxebizitza zeuden, eta behekoan patioa eta estalitako pilota frontoi txiki bat.
Sesma frontoia
Sesma frontoia 1923 urtean zabaldu zen, Txaran, eta bertara joateko eskilara luze aldapatsua igo behar zen, Errabal eta Baltegieta arteko puntutik abiatzen zirenak. Frontoiaren bi pareta kendutak, egurrezko egitura zuen.
Hasierako urteetan profesionalen arteko partiduak ere jokatzen zituzten bertan, baina Soraluze herri txikia izanik, eta frontoia irisgarritasun eskasa zuenez, ez zuen bide luzerik egin. Esaten dutenez, Atano III.a azkoitiar pelotari ezagunak han entrenatzen omen zuen, Soraluzen lanean jardun zuen garaian.
Herriko saihesbidea bertatik pasa behar zuela eta, 1983 urtean eraitsi zuten.
Ur gain frontoia
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Ur gain frontoia herriko batzokian dago.
1932 urtean batzokia eraiki zutenean, Plaza Zaharraren albo batean egin zuten, Deba ibaiaren aldera. Plaza eta ibaiaren artean altura handia dagoenez, Batzokia plazaren parean egiteko egitura handia jaso izan behar zuten azpian. Egitura honetan, besteak beste, frontoia egin zuten.
Ez da oso frontoi handia, baina nahikoa polita eta, ibaiaren aldean dagoenez, argitasun oparoa du. Trinketea ez bada ere, baditu ezaugarri pare bat. Alde batetik, ezkerreko paretaz gain eskumako "pareta" dauka, ibai aldeko leihoak egiten dutena; gainera, atzeko aldean egurrezko solairua dauka altuan, ikusleentzako.
(handitzeko, sakatu gainean)