Hiltegi zaharra (eu)

    Sorapediatik
    Hiltegi zaharra / Mataderua / Carniceria
    23 Hiltegi zaharra. Lehen.jpg
    Estiloa Barrokoa
    Mendea XVIII
    Kokapena Plaza Zaharra
    Mota Arkitektura


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Azalpena eta historia

    Placencia de Soraluze hiribildua sortu zutenean (1343) eraikitako esparrua Kalebarren 5 arte heltzen zen. Hurrengo mendeetan Plaza Zaharrerutz luzatu zuten herria. Dena dela, orube honetan ez zuten ezer eraiki, eta jaietan zezen-korta moduan erabiltzen zen.

    1730eko maiatzaren 19an Soraluzeko herritarrak bilduta, Martin Isasi Isasmendi alkate jaunak proposamena egin zuen herriko plazan[1], torilak zeuden lekuan, etxe berria egiteko. Etxe berri honetan toril berriak, harategi berria, harakinarentzako bizilekua eta balkoi luzea egingo zuten, udalgizonek handik zezenak behar bezala ikusteko.

    Etxe berria egiten (gero hiltegi zaharra izenez ezagutuko zena), urte hartako ekainaren 19an hasi ziren. Hurrengo urteko (1731) urrian hiltegi zaharra bukatua zuten bere balkoi eta guzti.

    Aurreko plazan zezenak jokatu nahi izan zituztenean ordea, Joakin Larreategi apaiza (Arregi Garaikoa etxeko maiorazkoa) kontra atera zitzaien, plazako lurrak bereak zirela esanez. Udalgizonek, berriz, laster frogatu zuten lurrak herriari zezenplaza egiteko laga zizkiotela. Beraz, handik aurrera han korritu ziren zezenak soraluzetarren gozagarri, Lamot-en grabatuan ederki asko ikus daitekeen.


    Zezenketa Plaza Zaharrean (Josepf Florencio Lamot 1756)

    Eguneroko jarduera

    Bertan zezenak eta txerriak hiltzen ziren. Gainontzeko animali motak (ardiak, oiloak, untxiak...) harategietan hiltzen ziren, edota etxeetan.

    Hil baino lehen albaitariak aztertu behar zuen ganadua, eta hil ostean okelaren kalitatea ere. Zezenak etxe barruan akabatzen ziren; hiltzeko ez zen puntilarik erabiltzen, baizik eta bekokian burnizko mailu batez jotzen zituzten.

    Txerriak, berriz, kanpoan hiltzen ziren, Plaza Zaharrean. Lepotik burnizko kako batetik oratu eta mahai txiki baten gainean jartzen zen; orduan harakinak eztarriko zaina mozten zion ganibet handi batekin; txerria txilioka odolusten zen, bizpahiru lagunek eusten zutela.

    Sabela zabaldu eta barrukoak atera ostean lurrean etzan, garoaz estali eta erretzen zuten, azala garbitzeko. Azkenik, harakinak bere harategia eramaten zuen, eta lepoan haga bat sartuta kanpoaldean zintzilikatzen zuen, harategi guztietan horretarako zegoen kako batetik (oraindik bakar batzuk ikusi ahal dira).


    Azken urteak[2]

    Hiltegi zaharrak jatorrizko helburuak bete zituen berrehun eta hogei urte baino gehiagotan: harategia, etxebizitzak, zezen korta eta zezenketak ikusteko balkoia. Honetaz gain, Kalebarren aldean Gayarre zinemaren kartelerak egoten ziten.

    1960ko hamarkadan udal hiltegi berria egin zuten Sagar-errekan, eta hiltegi zaharra erabiltzeari utzi zioten. Eraikina hainbat urtetan lagata egon ondoren, 1970 hamarkadan bota zuten.

    Ostera, orube hartan Anbulatorio berria[3] egin zuten eta 1985 urtean zabaldu.


    Erreferentziak

    1. Plaza Zaharra.
    2. Soraluze. Monografía histórica. (197 orrialdea)
    3. Behin behineko anbulatorioa Errekaldeko Mesedeetako Amaren ikastetxeko ikasgela berritan egon zen.