Irureko zezenketa (eu)
Irureko Don Celinos
Nafarroako Antso VIa Jakituna erregeak (1150- 1186) bazuen lehengusu bat, Don Celinos Zaharra izenekoa. Elkarrekin gaizki konpontzen omen ziren eta erregeak Don Celinos Gaztelako mugara bidali zuen, Markina aldera[1].
Dirudienez aurrez Celinos Zaharra Nafarroatik Gipuzkoara joana zen, erregearekin gaizki konpontzen zelako. Bere familia eta abere askorekin Irurera etorri eta etxe batzuk egin omen zituen.
Don Celinosk bere famila, bere jendea eta bere abereak hartuta, Soraluzeraino etorri zen, eta Iruren egin zituen etxeak, Soraluze eta Eibarren arteko bide ondoan[2] Badaiteke etxe hau Irure Hamengua baserria izatea, Irure zaharra esaten diote eta.
Iruren zela, Don Celinos hau Azitaingo Untzuetako alabarekin ezkondu zen. Eta denborarekin erregearekin atzera adiskidetu omen zen.
Erregearen bisita
Halako betean, Nafarroako Antso VI Jakituna Gipuzkoara etorri zen, bertako inguruak aztertzera: jendea, aberastasuna, bideak...
Xabier Elortzak, Antso Jakitunaren bisita 1160. eta 1170. urte bitartean gertatu zela pentsatzen du. Iñaki Azkuneren ustez 1162 urtearen bukaeran ala 1163 urtearen hasieran etorri zen Donostia eta Gasteiz hiriak sortu zituen errege hau Soraluzera, orduantxe berreskuratu bait zituen Nafarroako erreinurako Errioxako zenbait herrirekin batera Araba eta Durangoaldea.
Gipuzkoatik barrena ari zela, erregeak Irurera etorri zen Don Celinosi bisita egitera eta ehiza egitera, noble, laguntzaile, zakur-talde eta guzti. Don Celinosek bazkaltzera gonbidatu zuen erregea eta bazkal ondoren bi zezen korritu zituzten:
- Eta gainera esan zuen behitalde batetik bi zezen ekarri arazi zituela, eta Errege jaunaren aurrean korritu arazi zituen eta, behin korrituak eta gozatuak, zezenak hil arazi zituen Errege jaunaren txakurrei emateko...
Esaten dutenez, erregearen zezenak hil egin ziren zezenen okela gehiegi jan zutelako eta Don Celinosek beste zakur batzuk eman zizkion errege nafarrari.
Dena dela, Soraluzeko Irure baserriko armarriak badu bisita horren arrastorik. Arbola, lehoia eta gurutze lis-loretuaz gainera, Nafarroako erregearen ezkutua (kateak; Antso VII.arenak) zakurrak eta zezenak ditu irudikaturik. Armarriaren deskribapen zehatzagoak, Joan Erentxunek eta Garcia Garraffatarrek egina dute.
Don Celinos jauna, esan bezala, Untzuetako alabarekin ezkondu zen. Untzuetako etxea, 1193 urtean berritu zuten gainera, eta Don Celinosek Ziortzako elizari hogeitalau behi emari eman zizkion, jauntxoen monastegi hura ohoratu eta goratzekotan.
Zezena eta zakurrak
Beste batzuetan ere txakurrak erabili izan ziren zezenketetan. Berez, beste leku batzuetan zezenketa mota honek XIX mende bukaeraino iraun du eta.
Soraluzeko azken aipamenak 1659 urtekoak dira. Zezenketa Plaza Zaharreko zezen plazan egin zen: zezenari suzko basta ipini zioten (zezensuzkoa) eta zakurrak bota zizkioten.
Iturria
1339 urtean izandako auzi batendako, Iruretarrak (Unzuetarrak ere) familiari buruzko dokumentu eta testigantza asko jaso zituzten.
Eta 1594 urtean Valladoliden Eibarko zaldunei buruzko liburua inprimatu zutenean, Iruretarren (Unzuetarren) informazio guzti hori bertan etara zuten: Información en derecho del concejo, cavalleros y vezinos de la villa de Eybar.
Don Celinosi dagozkion zatiak irakurtzeko, sakatu hemen
Erreferentziak
- Zezenak Euskal Herrian. Iñaki Azkune (UEU 1989).
- Tauromaquia placentina. Javier Elorza (Soraluzeko Udala 1982).
- Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica (2016-220 orrialdeak). Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993)