Irukurutzeta errebuelta (eu)

    Sorapediatik
    Irukurutzetako errebuelta gaur egun (J.C. Astiazarán 2019)

    Izen hau dagokion tokia Bergarako bidean dago, Sologoeneko zentrala pasa eta errepideko biribilgunea eta Mendizabal industrialdearen parean dagoen inguruneari. Haruntzago Iñasibar ibia dago. Errepidearen bihurgune bera, Deba ibaiak sortutako hondartza edota errepidearen biribilgune berria izendatzeko balio du.

    Izena bertan dauden hiru gurutzetatik dator.


    Hiru gurutzeak

    Leku honetan hiru gurutze daude, aspalditik. berez hiru hare harrizko zatiak dira, aurreko aldean gurutze bana landuta dutenak.

    Berrehun urteetan baino gehiagotan egon dira bertan, 1814 urteko agiri batean agertzen denez:

    Soraluze hiribilduaren udalerriko Irukurutzeta paraje parean Deba ibaira gizona erori zela eta ofiziozko txostena, Soraluze hiribilduaren alkateari zuzendua[1]

    Noiz eta zergatik jarri zituzten gurutzeak inork ez du ezagutzen. Erdikoa handiago denez, Gurutze Bide baten hamaikagarren estazioa izan zitekeen, Jesukristo eta bi lapurrak gurutzean gogoratzen dituena. Edo bertan hildakoak gogoratzeko, istripu batean, eraso batean edo ibaian itotako hiru apaizgaiak[2].

    Errebuelta honek izandako eraldaketa guztietan gurutzeak gorde izan dituzte.


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen

    Mapa kargatzen...


    Hondartza

    Toki honetan, Deba ibaiak bihurgune ederra egiten du. Ufala denean urek eskumako ertza jotzen dute, garai batean bertako lurra jaten (gaur eguneko porlanezko horma dago, Mendizabal industrialdearena); ezkerreko ertzean, aldiz, urek berarekin ekarritako harriak eta hondarrak geratzen dira. Halaxe sortu zen Irukurutzetako hondartza.

    Garai batean bi harkaitz handi zeuden uretatik irteten eta ura nahiko sakona zen, ume eta gazteentzat igeri egiteko toki kuttuna. Gainera, inguruan errekarriz betetako ibaiertzak zituen, bertan lehortu, jolastu edo atseden hartzeko. Aisialdi leku bikaina zen. Soraluzetar askorentzat, Olako osiñeko ur sakonetan sartu aurretiko lehen igeriketa ikastokia izan ohi zen.

    XX mende hasieran Sologoeneko zentrala eraiki zuten, eta 1911 urriak 19an Juan Jose Larrañagak, orduko jabeak, beste emakida bat lortu zuen, Urruztitik (Osuma eta Oitturri lurretatik) datorren ura ustiatzeko. Ura biltegi batean biltzen zen; makina gela baino 325 metro altuago dagoen ur-biltegian. Handik 634 metrotako tutu batez zentraleraino ekartzen ziren. Tutua Deba ibaia azpitik pasatzen da, Irukurutzeta errebuelta parean, sifoia erabiliz. Ez ziren ubide nagusiko urekin nahasten: turbina propioa zuten, Pelton motakoa. Turbina honetara ekarri zituzten Joangoerreketako urak ere.

    Gaur egun tutua hor dago oraindik, nabarmen-nabarmena, baina aspaldi ez da erabiltzen.


    Biribilgunea

    Mendeetan zehar, Osintxu eta Soraluze arteko tartean, Gasteiztik itsasertzerako errege bidea Deba ibaiaren ezkerreko ertzetik zetorren. Eta Irukurutzetara heltzerakoan bihurgune oso handia egiten zuen, Deba ibaiari jarraituz. Gainera, ibaia eta harkaitzaren artean zihoanez, bidea oso estua zen puntu honetan.

    Errepideak eta automobilak sortu ziranean, bertako arriskua gero eta handiago bilakatu zen. Horregatik, 1970. hamarkadan bihurgunea leundu zuten, harkaitzari zati handia kenduz. Hale ere, bihurgune hau oso handia zen oraindik.

    Beste aldetik, eta saihesbidea egin zenetik, Soraluzek arazo bat izan du herriko sarrera eta irteerekin: saihesbidearen bi muturrak erdiloturak dira. Ez daude prestatuta saihesbide osoa pasa eta herrira sartzeko. 2000 urte inguruan, Izartu planean, beste puntu askoren artean Soraluzek lotuneak konpontzeko eskatu zuen, baina ez zuen lortu.

    Hala ere, premia hor zegoen, eta Maltzaga aldetik zetozenak, Txurruken, Errekalde eta inguruko kaleetara sartzeko saihesbidea osoa pasatzen zuen, eta Mendizabaleko zubia erabiltzen zuen buelta erdi emateko, malamaneran.

    2017-2018 Gipuzkoako Aldundiak Irukurutzetako biribilgunea eraiki zuen, segurtasuna eta erreztasuna handitzeko.

    (Handiago ikusteko, sakatu gainean)


    Erreferentziak

    1. Auto de oficio por la caída de un hombre al río Deva, a la altura del término de las Tres Cruces, jurisdicción de la villa de Placencia. Instancia: Alcalde ordinario de la villa de Placencia. Soraluzeko Udal Artxibategi Historikoa. Epaitegi funtsak (1814/05/04).
    2. Bertsio hau Plaentxia.eus aldizkarian aitatu zuten (hemen urtea edota zenbakia falta da).