Erlijio istorioak (eu)

    Sorapediatik

    Segururena, erlijio istorio ezagunena Ezoziako santutegiaren eraikuntzarena dela. Baina herrian gehiago ere kontatu izan dira.


    Atxolin

    (F. de Aritzagak kontatuta 1917n, eta Jose Migel Barandiaranek jasoa[1]

    Mendi honetan ba dago haitza bat, abarka formako zuloarekin. Amabirginak egindakoa omen da, bertan oina jarrita.


    Errekalde kaleko gurutzea (Google 2013)

    Errekaldeko gurutzea

    (Maria Larrañagak kontatuta, 1940. hamarkadan)

    Behin Soraluzeko Nazarenoaren irudia Bergarara eramatea erabaki zuten. Gurdi gainean jarri, eta bideari ekin zioten.

    Baina Erlai erreka parera heldu zirenean bat-batean zerua goibeldu zen, eta idiak bertan behera geratu ziren, ez atzera eta ez aurrera.

    Egun hartan parrokiara itzuli ziren, lanak hurrengo egunerako lagata. Baina biharamonean gauzak errepikatu ziren: Erlai errekara helduta, zerua goibeldu eta idiek ez zuten aurrera egin nahi.

    Nazareno irudia Soraluzeko parrokiara itzuli zuten, eta Erlai erreka inguruan gurutzea jarri zuten, mirariaren oroigarri. Oraindik ikus daiteke, Errekalde kaleko 1. zenbakian, Errekaldeko iturriaren beste aldean.


    Erreferentziak

    1. Obras completas. Jose Miguel de Barandiarán. (1972-83, II,106)