Usadio zaharrak (eu)
AUrreko mendeetan hainbat eta hanbat usadio sortu erta erabili izan dira arazoei aurre egiteko.
Gaur egun, gizarteak aurrera egin ahala, gehienak galdu dira edo galtzekotan daude.
Osasuna
Barea kentzeko, digitopuntura
Askotan, aintxitxiketan[1] ari denari gerri inguruan mina sortzen zaio, gorputzeko ezkerrean edo eskuman izan daiteke.
Mina mota honen jatorria ez da zehatz mehatz ezagutzen (mediku batzuk diotenez, diafragma behartzeagatik omen da; beste batzuk, aldiz, pleuraren bi geruzak itsasten direnean sortzen omen da...), eta Soraluzen baria edo baria izan esaten zaio, barearen inguruan izaten da eta. Hortik abiatuta, limako esaten diote, batez ere erdaldunek (tener el limako).
Mina kentzeko nahikoa da musuzapi bat lotzea kontrako eskuan (hau da, mina ezkerraldean bada eskumako eskuan eta alderantziz), batez ere erpurua eta erakuslearen arteko aldea ondo estutuz: mina minutu batean edo gutxiagotan desagertzen da.
Ematen duenez, digitopunturaren puntu erreflexua omen dago bertan. Horregatik, musuzapirik ezbada nahikoa da erpurua eta erakuslearen arteko aldea beste eskuko hatzamarrekin estutzea... baina, modu honetan, aintxitxiketan jarraitzea askoz zailago da! korrikaBarea kentzeko musuzapiarena (digitopuntura)
Garatxoak kentzeko, olioa
Garatxoak kentzeko, oliotan busti behar ziren. Gero, olio hau eta San Martzial ermitara eraman behar zen eta olio lanpara batean laga.
Lanpara piztu eta, olioa desagertzearekin batera garatxoak desagertzen ziren.
Titia emateko, Santa Ageda
Garai batean, umeei titia emateko arazoak zituzten amak Santa Ageda ermitara joaten ziren.
Otoitz egin, kandela piztu eta limosna lagatzen zuten[2].
Eztarrirako, opilak
Urte guztian eztarria babesteko San Blas opilak modukorik ez zegoen.
Aurreko egunetan San Blas opilak prestatu, eta egunean bertan elizara eramaten ziren bedeinkatzera. Fruta, goxokiak... eramaten zituena ere bazegoen. Ahal bazen, neska-mutilak arduratzen ziren lan honekin, edo bestela andrak.
Eguerdian, San Blas opila apurtu eta lehen zatiarekin Aitaren egin eta gero, jan zitekeen.
Kolpeentzako, ukenduak
Betidanik ezagutu izan dira ukenduak kolpeentzat.
XX mende hasieran oso ezagunak ziren Ezequiela Galarragarenak, Santa Ana kaleko 12. zenbakian bizi zena, Ormaetxea jauregian. XX mende bukaeran, berriz, Osintxuko Paulitarenak ondo apreziatuta zeuden.
Heriotzak
Hil kanpaiak
Aurrena hilzoriko jotzea izaten zen. Inor hilzorian bazegoen, jotze honek herri guztia jakinarazten zuen, pertsona horren alde otoitz egiteko. Nahiz eta kanpaiak ezin izena zabaldu, hiltzoriko jotzearekin batera asmakizunak eta esamesak hasten ziren, zein izango ete zen.
pertsona bat hil eta gero, hil kanpaiak jotzen ziren: andrentzat 7 jotze, eta gizonentzat 9. Eliz jendeak (abadeek, praileek eta mojek) jotze gehiago zuten, mota bakoitzak bereak. Umeentzat, berriz, kanpai-errepikea jotzen zen, repique de gloria esaten zitzaiona[3].
Eta, hileta elizkizunak egun bertan baziren, kanpaien bidez ere iragartzen zen.
Erramuak
Etxeetan Erramu Domekan bedeinkatutako erramua gordetzen zen, eta inoiz ur bedeinkatua ere.
Hilzorian zeudenak laguntzeko erabiltzen ziren.
Hil-beilak
Garai batean, heriotza gehienak etxean izaten ziren.
Heriotza osteko gauan hil-beila egiten zen. Familikoak biltzen ziren, eta gau osoa lo egin barik ematen zuten. Noizean behin errezoak egiten zituzten, eta gainontzeko denbora kontu-kontari, inoiz jaten eta edaten ere pasatzen ziren.
Hileta mezak
Hileta elizkizunak familiaren diruaren araberakoak izaten ziren: lehen motakoak, bigarren motakoak, hirugarren motakoak...
Gainera, familia aberatsetan, aldare nagusian meza ematen ari ziren bitartea alboko aldareetan ere beste mezak ematzen zituzten, paraleloan. Beti gastatzeko diruaren arabera.
Ekaitzak eta arriskuak
Kandelak
Kandelaria egunean bedeinkatutako kandelak ondo gordetzen ziren.
Etxean apururik bazen, edo ekaitz bortitzak baziren, kandela bedeinkatu haiek pizten zituzten. Modu honetan etxekoak, pertsonak zein animaliak, babestuta geratzen ziren.
Soro bedeinkapena
Baserrietan zegoen arriskuetako bat txingorra zen, urteko uzta osoa desegin zezakeelako, eta honekin batera familiaren ekonomia.
Ekiditzeko, abadeek soroak bedeinkatzen zuten, txingorretik babesteko.
Bedeinkapen hau ordaindutakoa izaten zen. Ba zen ordaintze ez zuen baserritarrak ere: Alboko soroak dagoeneko babestuta badaude, nireak ere babestuta egongo dira!
Ore-kanpaiak
Soraluzeko herria bi mendiren arteko ibar estu batean kokatua dago eta pentsatzekoa den moduan, herritik bertatik ikusi daitekeen zeru eremua oso mugatua da. Beraz, mendian gora egin behar da urrutira dagoena edo urrutitik datorrena ikusi nahi bada.
Soraluzeko herriak, bere metereologia zentru berezia izan zuen garai batean eta bere eguraldi gizona ere bai, Jose Urizar Arteta (Arteta baserrikoa).
Ekaitzen abisuak
Arteta baserrikoak urte askoan izan dira San Andresko ermitako kanpaiak jotzearen arduradunak. Joxe Artetak, San Andresko tontorretik urrutira hodei tontor beltzen bat (orea) antzematen zuenean (uda partean batez ere), gainontzeko baserritarrak jakinaren gainean jartzen zituen, euri edo txingor zaparradak heldu aurretik egiten zihardutenari laga eta azkar etxeratu zitezen.
Haizeak jotzen zuen norabideagatik, lainoen abiadurarengatik edo euren altitude edo berak bakarrik somatzen zituen beste zantzu berezi batzuengatik ekaitza zetorrela igartzen zionean San Andres ermitako kanpaiak jotzen zituen abisu emateko: Han, han, han!.
Kanpai hots honek, gero, erantzuna izaten zuen: Nun, nun, nun? erantzuten zuen parrokiako kanpandorreko Santa Barbara kanpaiak, soinu baxu eta sakonez. Eta Santa Ana monjen konbentuko kanpaia ere ez zen ixilik geratzen.
Ore kanpaiak herri memorian
- (1977. urtean Simon Artolazabal-ek kontatuta)
Ekaitza antzematen zenean, Arteta baserriko nagusia San Andreseko kanpaia jotzen hasten zen. Ekaitza ez ba zen urruntzen, parrokiko Santa Barbara kanpaia jotzen zuten.
Orduan, abadeak ekaitza konjuratzen zuen, larreak eta uztak ez galtzeko.
Erreferentziak
- ↑ Antzitziketa, lasterka, korrika...
- ↑ Santa Águeda. Auñamendi Eusko Entziklopedia (erderaz)
- ↑ Aingerutxoa zerura zuzenean joaten zelako.