Mosketeak (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:59, 20 urtarrila 2018
    Mosketaria tiroa egiten

    Mosketea suzko arma izan zen, infanteriako gudariek erabilia XVI mendetik XIX mendera.

    Ahotik kargatzen zen, eta tiroa egiteko teknologia hobetuz joan zen: argi-mukia (edo metxa), errobera, suharria eta pistoia. Azken bi motei fusilak ere esaten zitzaien.


    Jatorria

    Mosketeak XVI mendean agertu ziren, Alemaniako Dresden inguruan, arkabuzaren bilakaera moduan: handiagoak eta indartsuagoak.

    Arkabuzek 50 bat metrotako irismen eraginkorra zuten, eta gehienetan 25 metrotara erabiltzen ziren. Arma arinak zirenez, malgutasun handia ahalbidetzen zien arkabuzariei gudu-zelaietan.

    Mosketeak, berriz, handiagoak ziren: metro edo metro t’erdiko kainoiak zituzten. Honela irismen bikoitza lortzen zuten, eta jaurtigai astunagoak erabiltzen zituzten. Horregatik, hasiera batean gaztelu, gotorlekuak eta itsas-ontziak defendatzeko artilleria txikia moduan erabiltzen ziren:

    • Galeratan erabiltzeko argi-mukizko mosketea. Kalibre 27 mm. Luzeerak 156 zm (kainoia) eta 230 zm (osoa). Pisua 23,69 kg.
    • Harresietan erabiltzeko argi-mukizko mosketea. Kalibre 27 mm. Luzeerak 156 zm (kainoia) eta 196 zm (osoa). Pisua 24,31 kg.
    Harresietan erabiltzeko mosketea (XVI mendea)

    1.567 urtearen inguruan, Albako dukeak berarekin eraman zituen Italiatik Herbeheretara. Baina, handiak eta astunak izateaz gain, egurrezko kako baten gainean jarri behar ziren. Handik aurrera gudu zelaietan ere erabiltzen hasi ziren: eraso zein defentsan, pika-batailoiak erdiak jartzen zituzten eta bi hegaletan[1] moskete eta arkabuz konpainiak.

    Mugitzeko indar handia behar zen, eta ondo destatzeko[2], berriz, trebezia. Horregatik mosketariek arkabuzariek baino 3 ezkutu gehiago irabazten zuten.

    Dena dela, astunagoak eta garestiagoak zirenez, mosketeek ez zituzten arkabuzak ordezkatu berandu arte: arkabuzak XVII mende arte erabiltzen jarraitu ziren.


    Tiro egiteko sistema

    Moskete guztiek tiro egiteko sistema berbera erabiltzen zuten.

    Avancarga zirenez, kainoiko ahotik polbora gordinaren karga bat sartzen zen, ondo zapaldu gero eta, azkenik, jaurtigaia (gehienetan berunezko pilotak).

    Kanioaren beste aldean almetxa[3] zegoen. Bertan polbora mehea sartzen zen, eta ixten zen.

    Almetxako polbora mehea piztu eta gero, lehertzen zen. Zulo txiki batez, oido izenekoa, sugarra kainoi barrura pasatzen zen, bertako polbora pizten eta tiroa eraginez.

    Gorago agertzen den moduan, lau teknologia erabili ziren: argi-mukia (edo metxa), errobera, suharria eta pistoia.


    Mosketaria argi-mukia prestatzen

    Mosketariak

    Arkabuzak arinak izanik, arkabuzariak lehen lerroetan borrokatzen zuten, askotan kaskoaz eta bular-oskolaz babestuta. Mosketariak atzerago egoten zirenez, armen pisua zela eta, larruzko txaleko modukoa besterik ez zeramaten. Inoiz buruz buru borrokatu behar bazuten, ezpata eta sastagaia erabiltzen zuten, edota moskete bera mailu moduan.

    Soinean gurutzatuta hamabi apostoluak eramaten zituzten; hau da, egurrezko hamabi tutu, bakoitza polbora gordinaren karga zehatz batekin[4]

    Soinean gurutzatuta ere, polbora meheaz betetako hauts-kaxa zeramaten, gero almetxan jartzeko. Eta alboko poltsatxo batean berunezko balak edo pilotak.

    Mosketari famatuenak, duda barik, Alejandro Dumas-en Hiru Mosketariak eleberrikoak dira: Athos, Portos, Aramis eta D'Artagnan.


    Argi-mukizko mosketea (XVII mendea)

    Argi-mukizko mosketeak

    Aurreneko mosketeek arkabuzen sistema berbera erabiltzen zuten, argi-mukia[5].

    Behin polbora mehea almetxan sartuta, mosketariak argi-mukia pizten zuen, eta poliki poliki erretzen zen almetxara heldu arte. Orduan bertan zegoen polbora mehea lehertu, sugarra kainoira pasa eta tiro egiten zuen. Denbora guzti honetan mosketariak arma bi eskuez oratu ondo destatzeko denbora zuen.

    Baina argi-mukia pizteko sua behar zen, eta horretarako beste argi-muki bat erabiltzen zuten, beti piztuta behar zuena. Mosketeak gotorlekuetan erabiltzen ziren bitartean arriskua ez zen hainbestekoa, geldi egoten zirelako. Baina gudu-zelaietara eraman zituztenean arriskua askoz handiagoa izan zen, eta istripu asko egon ziren polbora-tutuak edota kargak pizten baziren.

    Mosketeen abantaila nagusia gorputzetan zein armaduretan sartzeko ahalmena zen: poliki poliki armadurak gudu zelaietatik desagertzen joan ziren, alperrikako zirelako. Ondorioz, mosketeek ez zuten honenbeste indarrik behar eta arintzen joan ziren.

    Mosketeen pisua arinduta, XVII mendearen erdialdean eusteko kakoak desagertu ziren, eta poliki poliki musketariek arkabuzariak ordeztu zituzten, su-ahalmena eta malgutasuna biltzen zituztela.


    Errobera-mosketea
    Errobera-giltza

    Errobera-mosketeak

    Argi-mukizko mosketeek lehertzeko arrisku handia zuten. Gainera, argi-mukia beti piztuta izan behar zuten, eta erretzerakoan usain handia botatzen zuenez, ustegabeko erasoak ezinezkoak ziren; eta euria ari zenean edota umeltasuna handia zenean argi-mukia piztea ia ezinezkoa zen.

    Horretarako, armaren almetxa hobetu zuten, behin kargatuta ezin zela zabaldu tiroa bota barik. Eta 1.515 urtean errobera sistema asmatu zuten Alemanian, txinpartak sortzeko edozein eguraldiarekin.

    Altzairuzko errobera hortzaduna zen, harria (silexa edo agata) zuen itsatsita, eta erloju baten moduko malgukiari lotuta zegoen. Giltza batekin malgukia tenkatzen zen eta, katua sakatzerakoan, malgukia askatzen zen, errobera birarazten eta harriak txinpartak sortzen zituen, almetxako polbora pizteko.

    Sistema honekin posible izan zen arropa azpian armak eramatea, izkutatuta.

    Dena dela, sistemak ez zuen arrakasta handirik izan, arrazoi askorengatik. Alde batetik, garestia zen; mekanismoa oso konplexua zuen, eta armagile oso trebeak behar ziren eraikitzeko; erabilera oso motela zuen (argi-mukizko sistemaren bi minutuak baino gehihiago behar zuen); eta, azkenik, mantentze-lan arduratsuak eskatzen zituen.


    Suharri-mosketak

    XVII mende bukaeran hiru asmakizun garrantzitsuak izan ziren: suharri sistema tiroa jotzeko (argi-mukia ordezkatuz), baionetak erasotzeko eta kartutxoak (polbora gordina eta jaurtigaiak paperezko tutuetan biltzen).

    Aldaketa guzti hauekin tiroa egiteko erritmo biziagoa lortu zen, eta arriskuak txikitu.

    Suharri-mosketeei fusilak edota txispa-fusilak esaten zitzaien.


    Erreferentziak

    1. Erderaz, en mangas. Alboetan.
    2. Destatu. Punteria egin.
    3. Almetxa edo kazoleta. Polbora mehea jartzen zen tokia.
    4. Honek ederki adierazten du tiro batetik bestera zenbat denbora ematen zuten: tiro batetik bestera bi minutu baino gehiago behar ziren eta.
    5. Argi-mukia. Metxa.